Julen Amezketa. Caja Rural taldeko txirrindularia

«Onartzen zaila litzateke Espainiako Vueltatik at geratzea berriro»

Caja Rural taldea buru-belarri ariko da aurten UCIren puntuen bila, gonbidapenak lortzeko. Iazko etenaren ondoren, Nafarroako taldea Vueltara itzuliko den esperantza du Julen Amezketak.

CAJA RURAL.
enaut agirrebengoa
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Duela bi urte jo zuen goia txirrindulari moduan Julen Amezketak (Lizarra, Nafarroa, 1993). Postu on asko lortu zituen, eta sailkapen nagusiaren borrokan izan zen zenbait itzulitan. Iaz apal aritu zen, ordea, eta bere onenera itzultzeko erronka izango du aurten. Seigarren sasoia du Caja Ruralen, eta profesional gisa lehen garaipena lortu nahiko luke.

Sare sozialetan azaldu duzunez, sasoi hasiera «hotza eta gogorra» izan zenuten Mallorcan.

Oso lasterketa zailak izan dira: talde oso onak ibili dira lehian, lehen puntuen bila. Eguraldiak ere ez zuen batere lagundu, baina, halere, nahiko txukun moldatu ginen, eta emaitza onak lortu genituen Barcelo eta Baborrekin. Ni, berriz, ihesaldian sartu nintzen egunik gogorrenean, eta ongi sentitu nintzen. Aho zapore ona utzi dit hasierak.

Hamalaugarren urtea du Caja Ruralek tropel profesionalean. Zer helburu izango duzue?

UCIren sailkapenean ahalik eta posturik onena lortu nahi dugu, lasterketetarako gonbidapenak lortzeko. Eta ez naiz ari itzuli handiez bakarrik: gaur egun, antolatzaile guztiek erreparatzen diote taldeen puntu kopuruari. Izan ere, puntuek erakusten dute talde bakoitzak zer dinamika duen, eta lasterketa guztietan lehiakor dabilen ala ez.

Horrek presioa areagotzen dizue txirrindularioi?

Beti saiatzen gara postu ona lortzen, baina egia da gauzak oker ateratzen badira presioa handiagoa izan daitekeela orain, puntu aldetik ez diozulako taldeari ekarpenik egiten. Lehiatzeko modua ere ezberdina da, zeren klasikoetan, adibidez, lehen 25 sailkatuek lortzen baitituzte puntuak [1.1 mailako lasterketen kasuan]; bukaerara arte estutu behar dugu.

21 txirrindulari zaudete taldean. Nolako multzoa osatu duzue?

Sendoa eta lehiakorra. Bost txirrindulari iritsi dira; horietatik hiru, harrobiko taldetik [Joseba Lopez, Abel Balderstone eta Mulu Kinfe Hailemichael], eta beste biak, kanpotik [Daniel Babor eta Tomas Barta txekiarrak]. Azken horiek ekarrita, abiaduraren alde egin da, alderdi hori indartzeko beharra baikenuen.

Jonathan Lastra Cofidisera joan da. Hutsune handia utzi du?

Galera handia da, hutsik egiten ez duen txirrindulari bat baita. Oso izaera borrokalaria du, eta taldea batzen zuen. Haren falta nabaritzen dugu. Gure liderra zen sailkapen nagusiak lortzen saiatzeko orduan, baina tira, moldatuko gara. Sergio Martinek aurrerapausoa eman du, eta Joel Nicolauk ere bai. Lastraren hutsunea denon artean betetzen saiatuko gara.

Zortzi garaipen lortu zenituzten iaz; horietatik sei, Orluis Aularrek. Txirrindulari berezia da.

Irabazle petoa da. Berezkoa du. Gutxik dute haren garaile sena. Oso indartsua izan zaitezke, baina ezaugarri bereziak behar dira amaieran errematatu eta irabazteko. Horiek horrela, gure txirrindulari nagusia izango da harentzat egokiak diren lasterketetan.

Iaz gonbidapenik gabe geratu ondoren, ziurtzat jotzen duzue aurten Espainiako Vueltan ariko zaretela?

Antolatzaileek txandakatzea egitea espero dugu, baina ez dago ezer ziurrik. Denboraldi hasieran gonbidapena merezi dugula erakutsi behar dugu. Vueltako antolatzaileek badakite berme osoa eskaintzen dugula: lehiatzeko aukera badugu, errepidean ez dugu hutsik egiten. Beti izan nahi dugu Vueltan, eta zer esanik ez aurten, lasterketa Nafarroatik pasatuko da eta. Gogo berezia dugu.

Berriz ere Vueltatik kanpo gelditzea hondamendia litzateke?

Egia esan, onartzen zaila izango litzateke. Uste dut ez dugula halakorik merezi; ez guk, ezta Proteam mailako beste taldeek ere.

Seigarren urtez ariko zara Caja Ruralen. Zer xederekin?

Txirrindulari sendoa eta erregularra izan nintzen 2021ean, eta orduan bezala aritu nahi dut; eta ahal bada, hobeki ere bai. Iazko sasoia ez zen ona izan, baina atzean utzi dut dagoeneko. Oso ondo sentitzen naiz, eta, orain, emaitzak lortzen hastea falta zait bakarrik.

2016an egin zenuen debuta profesionaletan, Italiako Wilier-Sotheausten. Nola oroitzen duzu?

Esperientzia aberasgarria izan zen. Bi urtez jarraian Italiako Giroan aritzeko aukera izan nuen, eta oso une politak izan nituen [behin-behineko liderra izan zen 2016ko Giroko hirugarren etapan]. Egunen batean errutinaren gurpiletik atera eta orduko bideoak ikusi beharko nituzke. Aspaldiko kontuak dira, eta nahiko ahaztuak ditut. Hasiberria nintzen, eta ez nekien haizeak nondik jotzen zuen ere.

Oraindik ez duzu garaipenik lortu profesionaletan. Aurten iritsiko ote da aurrenekoa?

Nahi nuke! Ez dut errematatzaile ezaugarririk, beraz, bakarrik iritsi behar dut helmugara irabazi ahal izateko. Noizbait iritsi behar du lehen garaipenak, eta esperantza badut oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.