Espainiako Kopako bigarren proba jokatu eta egun gutxira da elkarrizketa Igor Alzelairekin, mendiko eskiko euskal selekzioko hautatzailearekin (Legazpi, Gipuzkoa, 1978). Kopan lortutako emaitza onak tarteko, ahotik irribarrea kendu ezinda dabil azken egunotan. Mendiko eskiaz hitz egiten hasi orduko, begiek ñir-ñir egin diote. Hitz errazekoa da, eta denboraldiaren hastapenaz eta mendiko eskiaren etorkizunaz mintzatu da.
Nola hasi duzue denboraldia?
Abenduaren 8tik 10era Candanchun [Aragoi, Espainia] egonaldi bat egin ondoren, Espainiako Kopako bi proba jokatu ditugu jada. Lehena, Espoten [Lleida, Herrialde Katalanak] jokatu genuen, abenduaren 16ko eta 17ko asteburuan, eta bigarrena, berriz, Arinsalen [Andorra], urtarrilaren 20an eta 21ean. Oso motibatuta eta sasoi onean ikusi ditut eskiatzaile gehienak. Andorrako proban, esaterako, zazpi domina lortu genituen. Oso pozik etxeratu ginen.
Espero zenituzten emaitzak lortu dituzue orain arte?
Ez, ez nituen halako emaitzak espero. Gazteak oso ondo aritu dira, eta oso pozik nago alde horretatik. 16 urtez azpikoetan, oso lan ona egin zuten bai Ibai Hernanik, baita Unax Sologaistoak ere; Hernani hirugarren izan zen banakakoan, eta Sologaistoa, berriz, laugarren. Elur Zalduak egin duen denboraldi hasierak ere erabat harritu nau. Izugarri aritu da. Atzetik datozen gazteentzat eredu polita izan daiteke harena. Saiatuz gero gauzak lortu daitezkeela ikusi du. Alemanian Espainiako selekzioarekin lehiatzeko aukera irabazi du.
Denboraldi hasieran zaudeten arren, zer egutegi duzue pentsatuta aurtengo denboraldirako?
Hurrengo proba otsailaren 3an eta 4an jokatuko den Altitoy izango da [Luz-Saint-Sauverreko, Okzitania]. Senior mailako bi talde joango dira hara. Euskal Mendi Federazioko egutegi guztietatik atera da Altitoy, eta aurten ez da Euskal Kopako proba bat izango. Axier Alonso eta Jon Ander Aranburu izango dira gizonezkoen taldean. Biek lan handia egin dute denboraldiaurrean. Nahia Quincoces eta Igone Campos ere proba horretan izango dira, emakumeen kategorian. Ondoren, Bandres-Karoloren Omenezkoa [Izaba, Nafarroa], Causiat Extreme [Candanchu, Aragoi, Espainia] eta Espainiako Txapelketak [Sierra Nevada, Andaluzia, Espainia] izango ditugu helburu nagusi.
Denboraldi hasiera honetan, Malen Osaren estreinakoa ere aipatzekoa da, ezta?
Malen Osak egingo zuenaz ez neukan zalantzarik. Banekien zer egin zezakeen igoera bertikaletan. Denboraldi hasieran deitu nion berriro ere selekziora etortzeko, eta oraingoan gurekin izatea lortu dugu. Lehen lasterketa jokatu du, baina etorkizun bikaina dauka aurretik. Argi dauka lasterketa bertikalak jokatu nahi dituela, mendiko lasterketetarako baliatzeko. Lehen ere iraupen eskian ibilitakoa da, eta oraindik asko dauka hobetzeko. Ez nau batere harritu hain ondo ibiltzeak, baina ez nuen uste hain aise ibiliko zenik. Nahi duen lekura iritsiko da.
Andorrako igoera bertikalean erakustaldia egin omen zuen.
Izugarria izan zen! Ibilbidearen erdira arte lasai joateko esan nion. Ni han egongo nintzela aipatu nion, eta orduan saiatzeko aukera izango zuela aurreratu nion. Nire altuerara iritsi zenean, zera esan nion: «Txikituta doa lehena! Erasoa jotzeko garaia da!». Hura, aldiz, lasai zihoan. Hori entzun orduko, lehena aurreratu, eta hantxe amaitu zen lasterketa. Oso denbora ona egin zuen amaieran, eta ia hiru minuturen aldea atera zion Claudia Trempsi 35 minutuko proba batean. Osa ere Austrian izango da Espainiako selekzioarekin, senior mailan, martxoan. Ondoren, Cortina d´Ampezzon [Alpeak, Italia] lehiatzeko aukera ere izango du.
Elur Zaldua gazteak egin duen jauzia ere aipatzekoa da. Espero al zenuen?
Lehen aipatu dudan moduan, harrituta utzi nau! Inoiz ez dut horrelako jauzirik ikusi nik gidatutako talde batean. Laugarren urtea du selekzioan, eta beti izan du ilusioa. Baina aurtengo jauzia ikusgarria izaten ari da. Betidanik izan du maitea eta gustukoa euskal selekzioa, baina orain izaten ari den loraldi hau ez nuen batere espero. Asko pozten nau, eta bestelako aukera batzuk iritsiko zaizkio. Esaterako, Espainiako selekzioa ate joka dauka, eta markak ere etorriko zaizkio… Euskal selekzioa osatzen duen eskiatzaile multzoarentzat albiste ezin hobea da Zalduaren agerpena.
Atzetik gazteak etorri arren, gizonezkoetan Iñigo Martinez de Albornoz da izar nagusia. Nola ikusten ari zara denboraldi hasieran?
Profesionalizaziorako bidean dago jada. Gaur-gaurkoz, 2026an Cortina d´Ampezzon jokatuko diren Olinpiar Jokoetan egoteko proiektuan sartu dute Espainiako selekzioan, Oriol Cardonarekin eta Ana Alonsorekin batera. Esprintetako modalitaterako hautagai nagusietako bat da Martinez de Albornoz.
Euskal selekzioarekin lehiatuko da denboraldi honetan?
Printzipioz oso gutxitan ikusiko dugu selekzioarekin. Espainiako Esprint txapelketak jokatuko balira, Candanchuko proban ikusiko genuke ziurrenik, aurretik. Pierra Menta lasterketa [Areches-Beaufort, Alpeak, Frantzia] Marc Pinsachekin jokatuko du hasieran, eta, ondoren, Munduko Kopako probetan ikusiko dugu denboraldian.
Olinpiar Jokoetarako apustu garbia egin du?
Bai. Oso fin dago. Oso txikitatik izan da mendiko eskian aritzeko gai, eta izugarrizko teknika dauka. Horrez gain, orain, Basque Teameko Aitor Alberdi prestatzaile fisikoarekin gogor ari da lanean, eta oso indartsu jartzen ari da. Gogo handiz dago, eta nik behintzat Olinpiar Jokoetan ikusten dut. Ez da erraza izango, gehienbat herrialde bakoitzetik bi eskiatzaile bakarrik joango direlako gehienez ere. Azken unera arte borrokatu beharko da Ot Ferrer eta Marc Radua gazteekin. Saiatuko dela badakit, eta, horren gogotsu jarraitzen badu, nik haren aldeko apustua egiten dut. Handia da Iñigo.
«Martinez de Albornoz oso fin dago. Gogor ari da entrenatzen, eta nik behintzat Olinpiar Jokoetan ikusten dut»
Konstantzia mantentzea izan daiteke agian gakoa?
Aspalditik ezagutzen dut Martinez de Albornoz, eta nik ere ez nuen argi hain serio jarriko zenik. Fisikoki beti izan da oso indartsua, baina, orain, egun batzuetan hiru entrenamendu ere egiten ditu, eta hori mantentzea ez da erraza. Udan oso gogor entrenatu da. Inoiz ez da horrela entrenatu. Iritsi den lekura iritsi bada, kirol honetarako jaioa delako iritsi da. Orain arte ez du behar askorik izan aurrean ibiltzeko, baina Olinpiar Jokoak lau urtean behin jokatzen dira, eta ez du tren hau pasatzen utzi nahi. Lan handia egiten ari da.
Emakumeen gaia ere hor dago. Nahia Quincocesen itzala luzeegia da oraindik?
Betiko gaia da emakumeena. 50 urte bete arte jarraitu beharko du Quincocesek [barrezka]. Igone Campos ere hor dago. Iaz Espainiako selekzioarekin ibili zen. Oso gogotsu egoten da beti Campos, eta aurten ere hor ibiliko da. Baina bi eskiatzaile bakarrik dira. Halere, arazoa orokorra da, beste selekzioetan ere bai.
Mendiko eskia olinpiar joko bat izango da lehenbizikoz, 2026an, Cortina d´Ampezzon. Olinpiar Jokoen aldekoa zara?
Kirol honek bi bide hartu ditu. Lehena, betiko lasterketena: esaterako, Pierra Menta edo Patrouille des Glaciers lasterketena; eta, bestea, Olinpiar Jokoetan jokatuko diren modalitateena. Eskaladarekin gertatu den antzera, dirua sartuko da mendiko eskian. Kirolari askok bekak dituzte, markek ere kirol honen aldeko apustua egin dute, eta jada nabari da. Hiru minutuko probak dira, eta, ondo saltzen badute, ikuskizun itzela izango da telebistan ikusteko.
Alde txarrik ikusten diezu?
Ba, balitekeela mendiko eskia zatitzea. Lau katu ibiltzen gara honetan, baina iruditzen zait denontzako dagoela lekua.
Olinpiar Jokoek eskiatzaileak espezializatzea ere ekar dezakete?
Izango da jendea modalitate bakarrean ibiliko dena, eta bere esfortzu guztiak horretara bideratuko dituena. Bakoitzak ikusiko du zer gaitasun dituen modalitatea aukeratzeko garaian. Gorputzak ere aldatu egingo dira, ziur, eta eskiatzaileek 100 metroko korrikalarien antza hartuko dute; bizkar zabalak, gihartsuak… Materiala ere aldatzen ari dira jada, eta esprintetarako, esaterako, eskiak estuagoak dira, punta errazago sartzeko.
Etxera itzulita, iaz, Binakako Munduko Txapelketako proba batean hartu zenuten parte euskal selekzio gisara. Aurten izango duzue aukerarik?
Historian lehenbizikoz aritu ginen Munduko Txapelketako proba batean. Open modalitatean izan zen, ISMFk ez gaituelako oraindik selekzio gisara onartzen. Distantzia luzeko Munduko Txapelketa izan zen, eta aurrerapauso bat izan zen hura. Aurten, horretarako jarri zen dirua Altitoyn parte hartzeko izango da.
«Iaz Binakako Munduko Txapelketako proba batean lehiatzeko erabili zen dirua Altitoyn parte hartzeko erabiliko da aurten»
Euskal herritarren lasterketa bat izan da Altitoy, baina jada ez da Ternua etxearen babesean eta Club Vasco de Campingen gidaritzapean izango. Erabakiak Euskal Herriko parte hartzaileen kopuruan eragin dezake?
Luze gabe desagertu egingo dela iruditzen zait. Altitoy zerbait izan bada, euskal herritarrengatik izan da. Bere garaian Andoni Areizaga zenak Grand Coursen sartu zuen, baina geroztik zenbat punta-puntako eskiatzaile etorri dira lehiatzera? Lau? Sei? Horiek eta euskal herritarrak kenduta, Altitoyk bide motza dauka. Gainera, izen emateak bikoteko 260 eurora igo dira, Grande Courseko txartela ere egin behar da, beste 30 euro, hara joan behar da… Orain arte, Behobia-Donostia lasterketarekin gertatzen den antzera, jende askorentzat urteko motibaziorik handiena zen Altitoy lehiatzea. Bere garaian, Euskal Herriko Txapelketa ere izaten zen, eta gu bezalako askorentzat Munduko Txapelketa zen. Etorkizun beltza ikusten diot.