Baloiak boteka eta gimnasioko makinen burdin hotsa. Gasteizko Julio Roca kirol zentroko soinu bandak ohiko kiroldegi batena dirudi. Saskibaloi kantxako doinuak, baina, ez dituzte kirolarien oinetakoek sortzen, gurpil aulkien irristadek baizik. Kirol egokiturako prestatutako gunea da, eta bertan entrenatzen dira, besteak beste, Zuzenak taldeko kirolariak. Hortxe prestatu zituen Tokioko Paralinpiar Jokoak Agurtzane Egiluz Ibarguen (Gasteiz, 1997) saskibaloi jokalariak. Pariskoak ditu orain jomugan.
Saskibaloikoa baino arinagoa da Estibaliz Martinez Yerrok (Gasteiz, 1980) eskuetan daukan pilota. Gimnasia erritmikokoa da; eta kolkoan duen domina, urrezkoa, 1996ko Atlantako Jokoetan (AEB) irabazitakoa. Ez zuten elkar ezagutzen, baina Olinpiar Jokoetan bizitako esperientziak batzen ditu biak. Jokoetako bizipenez, prestakuntzaz, erretiroaz eta kirolen artean dagoen mailaketaz aritu dira, batak besteari esaldiak amaituz eta elkarri galderak eginez.
Gogoan duzue Olinpiar Jokoetara joango zinetela esan zizueten unea?
AGURTZANE EGILUZ: Nire kasuan, COVID-19aren pandemiagatik konfinaturik geundenean izan zen, baina ez genekien Olinpiar Jokoak egingo ziren edo ez. Azkenean, urtebete geroago jokatu ziren [2021ean, Tokion]. Arraroak baina oso politak izan ziren nire lehenengo Jokoak.
ESTIBALIZ MARTINEZ: Nik ere gogoan dut. Ordurako Espainiako selekzioan nengoen; Europako eta Munduko Txapelketa banatan izanak ginen. Munduko Txapelketak, gainera, Jokoetarako sailkatzeko balio zuen, eta, sailkatzeaz gainera, aparatu batean urrezko domina lortu genuen. Beraz, bagenekien Olinpiar Jokoetara joango ginela, baina ez genekien taldeko kideak berdinak izango ginen ala ez.
EGILUZ: Beraz, zuen kasuan, gurean bezala, taldeak lortzen du Jokoetarako sailkatzea eta ez jokalari bakoitzak, ezta?
MARTINEZ: Hori da. Selekzioa sailkatzen da, baina horrek ez du esan nahi zu joango zarenik. Taldeko kiroletan horrela da; kirol indibidualetan, aldiz, kirolariak berak lortzen du sailkatzea.
Nola bizi izan zenituzten jokoak?
EGILUZ: Olinpiar Jokoetan, benetan, sentitu nintzen kirolaria. Urtero jokatzen ditugu Europako edo Munduko Txapelketak, eta horietan, kirolari gehiagorekin egon arren, guztiak saskibaloi jokalariak izaten dira. Jokoetan, ostera, kirol asko daude: igeriketa, atletismoa, badmintona... denetarik. Hori ezagutzea, beste kirolari batzuk ikustea eta haiekin hitz egin eta giro hori bizitzea oso polita da, eta nahiko arraroa ere bai.
MARTINEZ: Munduko Txapelketa baten eta Jokoen arteko ezberdintasuna hori da, beste kirolari batzuekin zaudela, telebistan ikusi dituzun kirolariekin. Logeletatik jantokira bidean, NBAko saskibaloi jokalariak ikusten genituen.
Agurtzane, aurtengo Jokoetarako baliagarria izango zaizun zer ikasi zenuen lehen Joko haietan?
EGILUZ: Jabetu nintzen zer garrantzia duen urduritasuna kudeatzeak. Tokion, gaizki joan zitekeen guztia gaizki joan zitzaigun. Talde teknikoko kide bat gaixotu egin zen, eta ospitaleratu egin behar izan zuten; pistan ere ezer ez zitzaigun ongi irten. Orduan, are eta urduriago jarri ginen, eta zaila izan zen hori kudeatzea. Batez ere, mentalki egin genuen huts, fisikoki oso ondo baikeunden.
Ikasgai hori daramat aurtengo Jokoetarako: askoz gehiago landu behar dela burua eta urduritasuna nola kontrolatu. Taldean egongo dira aldaketa batzuk, baina funtsean Tokioko bera izango da. Hori ona dela esango nuke, oso ongi ezagutzen dugu elkar eta; Tokiotik arantza bat dugu barnean.
Eta 16 urteko Estibaliz hark zer ikasi zuen Atlantan?
MARTINEZ: Ikasketa prozesua pixkanakakoa izan zen. Gutxika ikasi nuen urduritasuna, nekea zein entrenamenduak kudeatzen. Talde moduan jardutearen garrantziaz ere jabetu nintzen; albo batera utzi behar izan genituen lehiaketatik kanpo izaten genituen tirabirak.
EGILUZ: Elkarrekin aste asko igaro ostean, bizikidetza zaildu egiten da.
MARTINEZ: Hori da, eta, gainera, mundu guztiarekin ez gara ondo moldatzen.
EGILUZ: Ez duzu taldeko guztien laguna izan beharrik, taldekide baizik.
MARTINEZ: Eta hori ere ikasi egiten da. Horrek guztiak bizitzarako edo lanerako ere balio izan dit. Hobeto edo okerrago moldatu naiteke norbaitekin, baina errespetatu egingo dut.
Horrez gain, lagun talde bat ere eraman nuen Joko horietatik. Momentu batzuetan hobeto edo okerrago moldatu izan gara, baina lorpen bat partekatu genuen; elkarrekin historia egin genuen. Denbora asko elkartu gabe pasatu badugu ere, batzen garen bakoitzean denbora igaro ez balitz bezala da.
«Olinpiar Jokoetan, benetan, sentitu nintzen kirolaria»
AGURTZANE EGILUZ
Nola oroitzen dituzue Jokoen aurreko egunak?
MARTINEZ: Atlantara iritsi arte dinamika ona generaman. Han, ordea, ez dakit girogatik, leku berri bat zelako edo zergatik, baina entrenamendu oso txarrak egin genituen. Urduritasuna areagotu egin zen. Ordura arte, entrenamenduetan ez genuen inoiz eztabaidarik izan, eta han, elkarri oihuka aritu ginen.
EGILUZ: Guri ere antzeko zerbait gertatu zitzaigun. Hiru astez egon ginen bilduta. Lehenik, Madrilen bi astez egon ginen berrogeialdian COVID-19agatik. Urduritasuna sekulakoa zen; taldeko kideren batek positibo emanez gero, guztiak kanpoan geratu gintezkeen. Tokiora iritsi ostean ere berdin, egunero kontrolak egiten genituen. Sekulako presioa eta estutasuna eragin zigun horrek. Horri gehitu egunero sei orduz entrenatzen aritu ginela hiru asteetan. Nik uste nuen mentalki prestatuago nengoela. Inoiz ez nuen eduki tirabirarik entrenamenduetan, eta, han, ia-ia selekzioko kideei iletik tiraka amaitu nuen.
Olinpiar Jokoetara iristeko bidea, ordea, ez da aste batzuetako kontua.
MARTINEZ: Ni Jokoak baino bi urte lehenago sartu nintzen Espainiako selekzioan. Horrek ekarri zuen Madrilera joan behar izatea bizitzera. Ez zen, soilik, selekziora joatea, gainontzeko guztia albo batera uztea baizik.
EGILUZ: Zure bizitzako erabaki garrantzitsu bat hartzea zen.
MARTINEZ: Eta 14 urte nituen. «Ama, aita, zer egingo dut?», galdetu nien. Eta esan zidaten nahi nuena egiteko. Gimnasten kirol bizitza laburra izan ohi zen. Orain luzatzen ari da, eta gimnastak unibertsitatera ere joaten dira, ikasketekin uztartzen dute kirola. Guk, aldiz, ikasketak bigarren maila batean utzi genituen. Selekzioan egon nintzen 14 urte nituenetik erretiroa hartu bitartean [17 urterekin]. Jokoak prestatzea urteetako lana izan zen, entrenamendu ordu asko eta esfortzu handia.
EGILUZ: Gure kasua oso ezberdina da. Bai, urteak eman genituen Tokioko Jokoetarako prestatzen, baina ni beti jakitun izan naiz ezingo nintzela saskibaloitik bizi. Unibertsitatea eta kirola uztartu behar izan nituen. Orain, unibertsitatea amaituta, lanean ari naiz.
Gainera, beti sentituko da Jokoetarako taldetik kanpo geratzeko presioa, ezta?
EGILUZ: Bai, posible da Jokoetara sailkatzea lortu duen taldean egon, baina hurrengo urtean entrenatzaileak taldetik kanpo uztea.
MARTINEZ: Gerta liteke taldeko kideren bat huts egiten hastea edo lesionatzea. Orduan, beste norbait sartuko da taldean haren ordez.
«Ni beti jakitun izan naiz ezingo nintzela saskibaloitik bizi. Unibertsitatea eta kirola uztartu behar izan nituen. Orain, unibertsitatea amaituta, lanean ari naiz»
AGURTZANE EGILUZ
Eta halakoetan, nola egiten zaio aurre horri?
MARTINEZ: Gure kasuan, selekzioan bageneukan laguntza psikologikoa. Egoera eraman egin behar da. Hor dago aldea. Sasoi ona edukitzea, elikadura zaintzea, presioa eraman ahal izatea, etxetik kanpo egotea eta guztia jasan ahal izatea. Horrek egiten du bereizketa: batzuk heltzea eta beste batzuk ez. Mundu guztiak egiten du kirola, baina mundu guztia ez da iristen Olinpiar Jokoak lehiatzera.EGILUZ: Entrenamenduak ez dira, soilik, fisikoak; psikologikoak ere badira. Burua osasuntsu ez badago, fisikoki ondo egonagatik ere, ezingo duzu zure onena eman. Nire kasuan, bai Zuzenak taldean eta bai selekzioan, baditugu psikologoak, fisioterapeutak... Hobeto egoten laguntzen gaituztenak.
Nolakoa zen Madrilgo egunerokoa, Estibaliz?
MARTINEZ: Gimnasian, geroz eta gehiago entrenatu, hobe. Eta gure entrenatzaileak hitzez hitz betetzen zuen hori: Gabonetako oporrak, entrenamendu bikoitza! Aste Santuan, berdin! Olinpiar urtean, 1996an, eskolan matrikulatu ere ez ginen egin; ez genuen ikasketarik egin.
EGILUZ: Eta baimendu zizueten hori egitea? Gaur egun ezberdina da. Uste dut goi errendimenduko zentroetan ikastetxeak dituztela han daudenentzat.
MARTINEZ: 1996an ez, baina gainerako urteetan ohiko eskola batera joaten ginen. Zortzi orduz entrenatzen ginen, goiz eta arratsalde. Honako hau izaten zen gure egunerokoa: esnatu, pisatu, gosaldu, jantzi eta entrenatzera joaten ginen. Eguerdira arte entrenatu, bazkaldu, atseden hartu eta berriz ere entrenatzera. Eta berriz ere atseden hartu.
«Sasoi ona edukitzea, elikadura zaintzea, presioa eraman ahal izatea, etxetik kanpo egotea eta guztia jasan ahal izatea. Horrek egiten du bereizketa: batzuk heltzea eta beste batzuk ez»
ESTIBALIZ MARTINEZ
Egunero pisatzen zintuztela aipatu duzu. Oso zorrotzak ziren horrekin?
MARTINEZ: Bai, oso. Entrenatzailea bulgariarra zen, eskola zaharrekoa. 14 edo 15 urterekin esaten ziguten ezin genuela txokolaterik, ogirik edo gozorik jan; gustatzen zitzaigun guztia. Pisuaren kontua beti izan da kudeatzeko zaila gimnastikaren munduan; obsesio handia egon da. Kirol askotan gertatzen da hori. Ikasi behar da pisuak garrantzia duela, baina entrenatzaileek ere ez lukete gramo bakoitzarekin itsutu behar.
Une oro pisuan pentsatzen ari ginela eta, entrenatzaileak bi egunez behin pisatzea onartu zuen. Bada, okerragoa izan zen. Hurrengo egunean pisatuko ez gintuztela jakinda, eskolara joatean goxokiak erosi eta klasean geunden bitartean jaten genituen. Baina, hurrengo egunean zera pentsatzen genuen: «atzo pasa egin nintzen, eta gaur ezin dut ezer jan». Bueno... nik inoiz ez nion jateari utzi, baina agian xerra erdia uzten genuen platerean. Hori okerragoa da. Eta, azkenean, egunero pisatzera itzuli ginen.
Miaketak ere egiten zituen entrenatzaileak. Zerbait sumatzen bazuen, entrenamendura ez zen agertzen, eta gure geletan ibiltzen zen. Topatutako janaria mahai gainean jartzen zuen. «Hau norena da? Eta hori?», hasten zen.
Gaur egun ere horrela jarraitzen dute?
MARTINEZ: Ez dakit nolakoa den oraingo gimnasten prestakuntza. Une batean erabaki zuten gure garaiko diziplina hori malgutzea, gimnasten kirol ibilbidea luzatzeko. Intentsitate horretan ezin da denbora luzez iraun.
EGILUZ: Kirolaria erre egiten da, eta prozesuari hasieratik ekin behar zaio kirolari berriekin.
MARTINEZ: Eta esperientzia edukitzea ere nabaritzen da. Almudenarekin [Cid] ikusi dugu hori. Haren lehen Jokoak 1996koan izan ziren, eta beste hiru ziklo olinpiko iraun zuen. Prestakuntzan aldaketak egiten hasi ziren, eta, urte batzuetan, ez dugu ezer jakin Espainiako gimnastei buruz. Orain, berriz ere hasi dira, eta selekzioa ondo ari da. Non dago oreka? Hori da gakoa.
EGILUZ: Kirol guztietan gertatu da hori. Entrenamendua oso garrantzitsua da, baina, azken urteetan, geroz eta garrantzi handiagoa eman zaio prebentzioari. Min hartuz gero, lehen, kirolariak hortzak estutu eta entrenatzen jarraitzen zuen. Bada, agian, hobea da bi astez gelditzea, lesio batekin txikitzea baino. Gero eta gehiago ari da lantzen arlo hori, eta kirolarien ibilbidea ere luzatzen ari da. Lehen, astakeriak egiten ziren, saskibaloi egokituan ere bai. Eta, zertarako?
MARTINEZ: Lesionatzen bazara...
EGILUZ: Zutaz ahazten dira. Baliagarria naiz ondo nagoen bitartean.
MARTINEZ: Nik lesio bat izan nuen belaunean Jokoak baino hiru hilabete lehenago. Munduko Txapelketa eta Olinpiar Jokoak meniskoa hautsita egin nituen. Jarraitzea erabaki nuen, eta zortea izan nuen.
EGILUZ: Kirolariak oso burugogorrak gara; gorputza gehiegi behartzen dugu batzuetan. Baina urteak badaramatzazu hori prestatzen...
MARTINEZ: Gelditzen banintzen, etxera nindoan. Beldur handia eduki genuen, baina eutsi nion, ahal zen moduan. Eta, behin Jokoak igarota, ebakuntza egin zidaten, eta bigarren ebakuntza baten ostean, erretiroa hartu nuen.
«Nik lesio bat izan nuen belaunean Jokoak baino hiru hilabete lehenago. Munduko Txapelketa eta Olinpiar Jokoak meniskoa hautsita egin nituen»
ESTIBALIZ MARTINEZ
Lesioagatik?
MARTINEZ: Hein batean, bai; eta hein batean, ez. Bigarren ebakuntzaren ostean, erabaki nuen errekuperazioa medikuek agindu moduan egin behar nuela; ez korrika eta presaka, aurreko aldian egin bezala. Europako Txapelketa bat zetorren, eta galdezka hasi zitzaizkidan: «Zurekin kontatzen dugu?», «Zer egin behar duzu?». Eta horrenbesteko presioarekin, erabakia hartu nuen. Nire hautua izan zen, baina presio handia izan nuen. Gainera, nabaritu nuen federazioak arazo bat kendu zuela gainetik. Hori Jokoetan urrezko domina irabazi ostean.
EGILUZ: Zenbaki bat baino ez zara, inbertsio bat.
MARTINEZ: Eman beharreko errendimendu guztia eman duena. «Joan etxera eta zainduko zaitu amak», esan zidaten, hitz horiekin. Hori da erretiroaz daukadan oroitzapena. Hori zaindu egin behar da; erretiroa zaindu egin behar da.
Beste noizbait pentsatu izan duzue guztia pikutara bidaltzea?
MARTINEZ: Jokoetan, domina irabazi ostean, guztiek zioten «orain jarraitu beharra dago, Europako Txapelketa dator, aprobetxatu beharra daukagu». Bada, nik esan nien: «Nik oso gaizki pasatu dut, eta ez dakit berriz lehiatu nahi dudan». Baina taldeak jarraitzera bultzatu ninduen.
Guztiak itzuli ginen, erakustaldiak egin genituen, federazioak bira moduko bat antolatu zuen, oso ondo pasatu genuen. Baina hilabeteko kontua izan zen; lanera itzuli behar zen gero. Ni berriz lesionatu nintzen; taldekide batzuk erretiroa hartu zuten; federazioko presidenteak alde egin eta sekulako zorra utzi zuen; hautatzailea ere taldea uztear zen...
Horrekin guztiarekin eta presioaren gehigarriarekin, uztea erabaki nuen. Eta ez naiz damutzen. Hori bai, gaur egungo ikuspuntutik begiratuta, beka neukan garaia zen; ekonomikoki abantailaren bat atera nezakeen, baina 17 urterekin ez duzu horretan pentsatzen. Gainera, «zer egin nahi dut nire bizitzan?» planteatzeko gaztea nintzen. Erretiroa hartu artean, ez nuen horrelakorik pentsatu.
EGILUZ: Ez zeneukan B planik.
MARTINEZ: Ez. Gimnasia eta kito.
Agurtzane, zuk, berriz, ikasketak eta lana uztartu dituzu kirolarekin.
EGILUZ: Zaila da lana eta ligako zein selekzioko jardunak uztartzea. Ligan, mutilekin batera jokatzen dugu, eta jokatzeko modua ezberdina da. Gainera, selekzioko kideok ez dugu elkar asko ikusten; ezin ditugu egonaldi luzeak egin. Profesionalak ez garenez, ezin gara bi hilabetez etxetik kanpo egon. Lan egiten dut, eta ez ditut bi hilabeteko oporrak.
MARTINEZ: Ez zara profesionala, baina Olinpiar Jokoetara zoaz: kontraesankorra da. Eta saskibaloian talde lana dago; ez da kirol indibiduala.
Batera entrenatzea garrantzitsua izango da.
EGILUZ: Horregatik, zenbaitetan sentitzen dut taldeari huts egiten ari naizela. Talde kirolek eskatzen duten erantzukizuna da hori: ez naiz soilik ni; ni eta hamaika gehiago gara. Zortea daukat Lauraren [Ugarte] eta Naiararen [Rodriguez] talde berean jokatzen dudalako, baita selekzioan ere.
Bestalde, ikasketak edo lana kirolarekin uztartzeko, oso garrantzitsua da denboraren kudeaketa. Bilbon egiten dut lan, baina Gasteizen bizi naiz, eta bertan entrenatzen naiz. Ezin naiz nahi beste entrenatu, eta lanean ere beti dut buruan ondorengo entrenamendua. Denbora tarte batez eutsi diezaiokezu horrela egoteari.
Orain, Jokoak bizi nahi ditut, borrokatu, ahalik eta hoberen jokatu; baina jakitun naiz gauza asko birplanteatu behar ditudala Parisen ostean. Kirolean bizipen oso politak izan ditut, baina gauza gehiago ere egin nahi ditut. Gainera, nik neuk erabakita utzi nahi dut, eta ez lesio baten ondorioz. Hori da kirolari guztion beldurra.
MARTINEZ: Edo posible da zeure burua estuegi hartzea denera iristen ez zaren sentsazio horrengatik, eta, azkenean, kirola utzi behar izatea. Baina, orain oso gutxi falta zaizu Jokoetarako; beraz, gozatu eta dena ematera!
«Lehenik, gizonezkoen futbola dago; ondoren, gizonezkoen gainerako kirolak; gero, emakumezkoenak; jarraian, kirol egokitua; eta, azkenik, emakumezkoen kirol egokitua»
AGURTZANE EGILUZ
Beste kirolekin alderatuta, nola ikusten dituzue zuen kirolak?
EGILUZ: Lehenik, gizonezkoen futbola dago; ondoren, gizonezkoen gainerako kirolak; gero, emakumezkoenak; jarraian, kirol egokitua; eta, azkenik, emakumezkoen kirol egokitua. Horregatik, oso neska gutxi daude kirol egokituan. Ez da ezagutzen, klub gutxi daude eta ez da sustatzen. Gainera, saskibaloiaren kasuan, kirol mistoa da, baina zenbait taldetan ia gizonak baino ez daude. Horrek zaildu egiten du emakumeak gerturatzea.
Laguntzak emateko orduan ere badirudi gehiago interesatzen zaizkiela kirol batzuk beste batzuk baino. Ez da gauza bera talde kirola edo bakarkakoa. Taldekoetan, kirolari bati laguntzaren bat emanez gero, guztiei eman behar zaie. Hori bai, gero argazkia oso polita da: «Emakumezkoen kirola sustatzen dugu!».
MARTINEZ: Gainera, askotan, emaitza hobeak lortzen dira emakumezkoetan eta talde kiroletan.
EGILUZ: Edo Paralinpiar Jokoetan. Tokioko Jokoetan, atleta paralinpiarrek askoz ere domina gehiago lortu zituzten atleta olinpikoek baino. Halere, arazoak egon ziren Paralinpiar Jokoak Espainiako telebista publikoan emateko. Gero, dominak lortu dituztenekin argazkiak ateratzen dituzte, eta oso polita geratzen da. Egoera hobetzen ari da, baina...
MARTINEZ: Asko falta da. Gasteizen, Baskonia eta Alaves daude. Ondo dago horiei laguntza ematea, baina badaude kirolari gasteiztar eta arabar gehiago emaitza onekin, eta itzalpean geratzen dira.
EGILUZ: Eta Gasteizen ez daude, soilik, gizonezkoen futbola eta saskibaloia. Askoz ere kirol gehiago daude. Harrigarria da zenbat federazio eta talde dauden, asko kirol minoritarioetakoak. Horietan egiten den lana ere baloratu egin behar da.
MARTINEZ: Hedabideek egiteko garrantzitsua dute horretan. Betikoak ez diren kirolak ere agertu behar dira prentsan.
EGILUZ: Agertzen ez bada, ez da ezagutzen.
MARTINEZ: Eta ezagutzen ez bada, jendea ez da kirol horiek ikustera edo probatzera joango. Beraz, hedabideetan agertzen bada, gutxienez ezagutzeko aukera egongo da. Eta gurasoek kirol hori kontuan hartuko dute seme-alabak kirol batean sartzeko orduan.
EGILUZ: Jendeak futbola gustuko du hori ikusten duelako, baina, agian, beste kirol batzuk nahiago ditu. Ezagutzen ez baditu, ordea, ez ditu probatuko. Eta probatzen ez baditu, ez zaizkio gustatuko.
ESTIBALIZ MARTINEZ yerro
Etxean itzulipurdika ibiltzen zenez, gurasoek gimnastikako talde batean sartu zuten bospasei urterekin. Hasieran, astean bitan entrenatzen zen; gero, lautan; geroago, bost aldiz, eta, 14 urterekin, Madrilera joan zen bizitzera, Espainiako selekzioaren partaide moduan. Taldeka, zenbait domina lortu zituzten Europako eta Munduko Txapelketetan, baina, «urrezko neskatoen» lorpen handiena 1996ko Atlantako Jokoetako garaipena izan zen. Urtebete geroago utzi zuen gimnastika. Entrenatzaile lanetan hasi bazen ere, ez zuen nahi bere ikasleek bizitzea berak bizi izandakoa. Egun, pilates estudio bat dauka Gasteizen.
agurtzane egiluz ibaguen
Lau ahizpetan gazteena da, eta, senideen bideari jarraituz, saskibaloian hasi zen gaztetxotan. 14 urterekin, baina, istripu batek kirola uztera behartu zuen. Gasteizko Zuzenak kluba ezagutu zuenean, 18 urterekin, itzuli zen saskibaloira, gurpil aulkiaren gainean. Ligan, Zuzenak taldearekin jokatzen du, eta Espainiako sekzioarekin aritu da nazioartean. 2021ean Tokioko Paralinpiar Jokoetan zortzigarren postua eskuratu zuten, eta, abuztuan, Pariskoetara joango da. Aldi berean, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua egin zuen, eta orain lanean ari da finantza erakunde batean.