Virginia Diaz arraunlariak ez du lortu bakarkako skiff kategoriako finalerako sailkatzea. Azken tokian amaitu du finalerdietako bere estropada, eta ezingo du parte hartu domina lortzeko lehian. B finala jokatuko du, larunbatean, beste bost arraunlarirekin (09:54), eta, lehen bi postuetan amaituz gero, diploma olinpikoa lortuko du. Tokioko Jokoetan horixe lortu zuen, Aina Cidekin batera, lemazainik gabeko biko kategorian. Baina orduan final nagusian izan zen.
Atzetik aurrera egiteko gaitasuna da Diazen ezaugarri nagusietako bat. Ez da indartsu irteten diren arraunlari horietako bat. Nahiago izaten du indarrak azken txanparako utzi. Hori eginda sailkatu zen finalerdietarako. Baina horrek beti du arriskua, eta gaur ez dio ongi funtzionatu. Hasieratik geratu da atzean, eta erreferentzia puntu guztietatik azken tokian pasatu da.
Espero bezala, Karolien Florijn herbeheretarrak eta Tara Rigney australiarrak erritmo bizia jarri dute. Haiek ziren finalerako sailkatzeko faborito nagusiak, eta hirugarren tokirako borrokan aritu behar zuen Diazek. Lehia horretan Aurelia Janzen suitzarra zuen aurkaririk gaiztoena. Baina lehen 500 metroak egiterako, Diazek hiru segundoren atzerapena zuen hirugarren postuarekiko. Final-laurdenetan azken mila metroetan bost segundoko desabantaila gainditu zuela kontuan hartuta, mugarri horretako denborei begiratu behar zitzaien. Oraingo honetan bost segundo baino gutxiagokoa zen.
Hortaz, momentu horretan areagotu behar zuen erritmoa Diazek, eta aurrera egin. Baina ezin izan du. Azken egunetan atzetik aurrera joateko egin behar izan duen ahalegina ordaindu egin du, eta aurkarien maila ere aintzat hartu behar da. Hala aitortu du Diazek berak: «Ahalegin horrek ez dit ahalbidetu bete-betean aritzea; hasieratik saiatu naiz, baina erdialdetik aurrera jabetu naiz ezin nuela erritmo biziagoa ezarri».
Aurretik zihoazen arraunlariak abantaila handituz joan dira. Azkenean, 7.57.32ko denbora egin du Diazek, eta hirugarren postutik hamar segundora geratu da. Florijn izan da aurrena, Rigney bigarrena, eta Desislava Angelova bulgariarra hirugarrena. «Helburua finalean egotea zen, baina ez da posible izan. Orain, atseden hartu, eta larunbateko estropada horretan pentsatuko dugu. Izan ere, diploma lortzeko ametsa hor dago».