Herrialde baten ohorea. Horixe du jokoan Ameriketako Estatu Batuetako gizonekoen saskibaloi selekzioak. Iazko Munduko Kopan Kanadaren aurka finalerdietan galdu ostean, harrabotsa piztu zen AEBetan. Hori zela eta, LeBron James NBAko izar nagusiak garbi adierazi zuen Parisko Olinpiar Jokoetan egoteko asmoa. NBAko beste izarrak konbentzitu ditu, banaka-banaka, eta 1992an Bartzelonan eta 2008an Pekinen egin bezala, aurten ere Dream Team delakoa biltzea lortu dute.
Munduko Kopako finalerdietan Kanadaren aurka galtzeak garbitu ezin den orbain bat utzi zuen AEBetako saskibaloian. AEBetako selekzioak ez zuen jokalaririk onenekin osatutako talderik onena, bigarren edo hirugarren talde bat baizik. Hala ere, min handia egin zuen porrot horrek: zauria ireki zuen haien ohorean. Horren ostean, berehala hartu zuen aginte makila Jamesek: «AEBetako taldearekin konprometituta nago, eta burua, gorputza eta arima jarriko ditut Parisen egoteko». 39 urterekin, selekzioarekin azken aldiz ariko dela dirudi. Laugarren Jokoak ditu; aurrez, urrezko bi domina eta brontzezko bat eskuratu ditu. Bere gain hartu zuen NBAko izar handiz betetako taldea osatzea, eta baita lortu ere: NBAko hamabi izarrek jantziko dute AEBetako selekzioaren elastikoa. Hori bai, azken orduko aldaketa bat izango du taldeak. Los Angeles Clippers taldeak ez dio jokatzeko baimenik eman Kawhi Leonardi, eta Derrick White deitu dute haren ordez.
Dream Team delakoak ibilbide oparoa izan du Olinpiar Jokoetan. Ekitaldiaren historian garaipen gehien lortu duen taldea da: urrezko hamasei domina kolkoratu dituzte. Zilarrezko bat eta brontzezko beste bi ere badauzkate, baina horiek garrantzi gutxi daukate haientzat; urrea besterik ez dute begien artean. 2004an galdu zuten urrea azken aldiz. Urte hartan, Argentina igo zen podiumaren lehen koxkara. Ordutik, jokatu dituen Olinpiar Joko guztietan irabazi du.
Berebiziko garrantzia dute Olinpiar Jokoek estatubatuarrentzat. Munduko Kopara ez dute talderik indartsuena eramaten, urte osoan jokatzen duten partida kopuru handia dela-eta jokalari askok nahiago izaten dutelako atseden hartu. Eta, egia esateko, ez diote garrantzi handirik ematen. Baina Olinpiar Jokoek beste era bateko ospea daukate. Ohorea izango dute jokoan bertan.
Ez dute parekorik
Gizonezkoen taldea urrea irabazteko faborito argia bada, are faboritoagoa da emakumezkoena. Hori dio historiak, eta hala baieztatzen du Olinpiar Jokoetarako prestatu duten taldeak. Askotan esaten da zenbakiek ez diotela gezurrik, eta Estatu Batuetako selekzioaren datuak izugarriak dira. Azken 32 urteetan 119 partida ofizial jokatu dituzte, eta 117 irabazi. Hortaz, bitan baizik ez dute galdu: 1994ko Munduko Kopako finalerdietan, eta 2006ko Munduko Kopako finalerdietan.
Emakumezkoen saskibaloiak ospea irabazi du azken urteetan, bereziki AEBetan. Sarreren eskariek, hedabideetan emandako tokiak eta telebistako ikusleen datuek gora egin dute nabarmen azken urteetan. Olinpiar Jokoetako txapelketak ere ikusmin handia piztu du, eta AEBetako Federazioak apustu sendoa egin du. WNBAko jokalaririk onenek jantziko dute selekzioaren elastikoa; besteak beste, Diana Taurasik. 42 urteko jokalari beteranoa da taldeko izar nagusietako bat. Ez akaso gaur egun daukan mailagatik, argia itzaltzen ari baitzaio –hala ere, oso ondo ari da–, baina ukaezina da taldeari ematen dion guztia. Taurasiren seigarren Olinpiar Jokoak izango dira, eta, aurreko bostetan bezala, urrea eskuratu nahi du. Saskibaloiaren historian hori lortuko lukeen lehen jokalaria litzateke. Hura izango da selekzioaren gidaria, baina beste 11 izar izango ditu aldamenean.
Caitlin Clark, ordea, ez da bertan egongo. Indiana Feverreko jokalaria ligako izar nagusietako bat bilakatu da azken urtean, baina ez du parte hartuko Olinpiar Jokoetan. Bada deialdian egon beharko lukeela dioenik, azken finean oso jokalari mediatikoa bihurtu delako, eta selekzioari ikusgaitasuna emango liokeelako. Baita bere jokoagatik ere, noski. Baina itxaron egin beharko du oraindik.