Nerea Zusberro Alberro.

Urrea lortzea, lehentasun

2024ko uztailaren 23a
14:10
Entzun

Thierry Henry Frantziako hautatzaileak Olinpiar Jokoetarako behin-behineko zerrenda ezagutzera eman zuenean, zeresan gehiago eman zuten bertan ez zeuden futbolariek, hautatuek baino. Futbolak beste kirol batzuek baino tradizio gutxiago dauka Olinpiar Jokoetan, eta etxean ari den selekzioarentzat lehentasuna da urrezko domina irabaztea. Henryk deialdia egiteko izan zituen oztopoei buruz hausnartu zuen. Horietako bat kluben ezezkoa izan zen. Duela egun gutxi amaitu ziren Eurokopa eta Amerika Kopa, eta klubak ez zeuden prest jokalarien egutegia gehiago betetzen jarraitzeko.

Frantzia, faboritoetako bat

Olinpiar Jokoak erakusleiho handia dira oraindik, beste selekzio arteko txapelketa handiagoetan lehiatu ez diren futbolari gazteentzat. Frantziaren kasuan, joan den udan 21 urtez azpiko Eurokopa jokatu zuten jokalari mordo bat ikusiko dugu. Horietako bat Castello Kubeba da. Leipzigeko erdiko atzelaria Frantziako selekzioaren bizkarrezurra osatzen duten jokalarietako bat da. Henryk aurrealdean ditu zalantzak. Hasiera batean Rayan Cherki eta Arnaud Kalimuendo gazteen alde egin zuen apustu, baina gero Jean-Philippe Mateta eta Alexandre Lacezette beteranoak garrantzia hartzen joan dira. Nolanahi ere, argi dirudiena da Michael Olise hamaikakoan izango dela. Ingalaterrako ligako ezusteetako bat izan zen aurreko denboraldian, eta Olinpiar Jokoetan ere hala izan daiteke. Bayern Munichekin fitxatu du.

A multzoan dago Frantzia, eta izango duen aurkari zailena Ameriketako Estatu Batuetako selekzioa izango da. Marko Mitrovic hautatzailearen zerrendako jokalari gehienak bertako ligan aritzen dira. MLSk azken urteetan izan duen hazkundearen erakusle da hori. Caleb Wiley da multzoko izarra, eta berriki Chelseak fitxatu du. Miles Robinson atzelaria eta John Tolkin ezker hegalekoa izango ditu alboan. Lehenak eskarmentua du, eta bigarrenak kalitatea. Atzeko lerroan dute, beraz, talenturik handiena. Beharko dute Frantzia geldiarazteko.

21 urtez azpikoen oinordekotza

Urrea irabazteko beste hautagaietako bat Espainia da. C multzoan jokatuko du, eta bertan arituko dira Euskal Herriko hiru futbolari: Jon Pacheco, Beñat Turrientes eta Aimar Oroz. Hirurek minutu asko pilatu ditzakete. Gaur dute lehen partida Uzbekistanen kontra (15:00). Santi Denia hautatzaileak 21 urtez azpiko Eurokopan txapeldunorde izan zen jokalari multzoari eutsi dio. Abel Ruiz eta Sergio Gomez txapelketa hartako jokalari onenetako bi izan ziren, eta Jokoetan lehiatuko dira. Gomez Realak fitxatu berri du. Baina Abel Ruiz erdilaria da Deniaren jokatzeko era hobekien definitzen duena. Hala, hura da 23 urtetik gora dituen jokalarietako bat zerrendan. Areatik urrun mugitzen da, jokoa biratzeko, eta beste jokalari batzuk jaurtiketa gunera iritsi daitezen: Fermin Lopez, Alex Baena eta Juan Miranda, adibidez.

Espainiak ez ezik, Ukrainak ere 21 urtez azpiko Eurokopan lortu zuen Olinpiar Jokoetarako sailkatzea. Berriki, nagusien Eurokopan, ez du lan ona egin. Gainera, Ruslan Rotan hautatzaileak jokalari batzuk galdu ditu. Ezagunenak hauek dira: Georgiy Sudakov eta Mijailo Mudryk. Horrenbestez, Volodimir Saliuk erdiko atzelaria, Oleh Ocheretko euskarria eta Danilo Sikan aurrelaria izango dira Rotanen funtsezko jokalariak. Ukraina beheko mailetan ari den lan bikainaren erakusle dira.

Argentinak urrea nahi du

Ukrainak Argentina izango du kontrario B multzoan. Javier Mascherano hautatzaileak munduko hiru txapeldun deitu ditu: Gero Rulli, Nicolas Otamendi eta Julian Alvarez. Zelai erdian talentua duten gazteek aginduko dute. Equi Fernandez, Boca Juniorseko euskarria, titular izango da. Harekin batera arituko da Santiago Hezze, Jose Luis Mendilibarrek Olympiakosen zuzentzen duen jokalaria. Fernandez da, ziurrenik, gaur egun proiekziorik handiena duen futbolari argentinarra. Guliano Simeone ere Parisen izango da. Olinpiar Joko batzuetan izango den Simeone sendiko hirugarren kidea da, eta Thiago Almadarekin eta Claudio Echeverrirekin lehiatuko da erasoan postu bat lortzeko. Argentinak 2008an lortu zuen azkenengo aldiz urrea, Pekinen. Leo Messik jokatzen zuen selekzio hartan.

D multzoa, parekatuena

Paraguaik, Malik, Israelek eta Japoniak osatuko dute D multzoa. Parekatuena da. Take Kubo Realeko jokalaria Japoniako zerrendatik kanpo dago. Horrenbestez, Oscar Gloukh izango da multzo horretan jarraitu beharreko futbolaria. Red Bull Salzburgoko jokalariak gola sartu zuen Txapeldunen Ligan. Hori lortu duen Israelgo jokalari gazteena da. Gainera, 2022an, 19 urtez azpiko Europako txapeldunorde izan zen. Israelgo selekzioa ez da inoiz hain urrun iritsi. Ikusi beharko dugu noraino ailegatzen den Olinpiar Joko hauetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.