Parisek eredu bihurtu nahi du. Kirol ekitaldi handiak antolatzeko beste modu bat dagoela erakutsi nahi izan dute eta jasangarritasuna erdigunean jarri dute. Antolatzaileen arabera, aurrez egin diren Jokoen karbono emisioen erdia isuriko dute. Horretarako, ahalik eta azpiegitura berri gutxien eraiki dituzte, probak hirigunetik hurbil kokatu dituzte eta garraio publiko sustatu dute, material jasangarriak erabili dituzte eta elikadura ere kontuan hartu dute. Baina ez dute guztia kontuan hartu. Maira Ulloa ikerlariak zenbait hutsune sumatu ditu Parisen: isuritako karbonoa «zehaztasunez» neurtzeko sistemak ezarri behar direla uste du; baita «sentsibilizazioari eta heziketa sozialari» garrantzi handiagoa eman behar zaiola ere.
Halere, Kataluniako Gorputz Heziketako Institutu Nazionaleko ikerlariak «urrats nabarmentzat» jo du Parisek hasitako bidea. Ulloa kirol ekitaldien eta jasangarritasunaren inguruko tesia lantzen ari da duela bi urtetik. Berriki Parisen izan da Jokoak ikusten eta aho zapore onarekin itzuli da: «Oso zaila da Olinpiar Jokoak %100 jasangarriak izatea, baina bide horretan urrats nabarmena egin dute Parisen».
Horrelako ekitaldiak jasangarri egitea «erronka zaila» dela dio: «Jokoen barnean ehunka ekitaldi daude, milaka kirolarik hartzen dute parte eta milioika zale biltzen dira». Horregatik, Parisko Jokoen antolatzaileek iragarritako neurriak begi onez ikusi ditu ikertzaileak. Gainera, esandakoa betetzen ari direla baieztatu ahal izan du: «Parisen ikusi dudanak eta aurrez irakurritakoak badute lotura».
Halere, antolatzailek ez dute agindutako guztia beteko: «Oso modu isilean, alde batera utzi dute Jokoen aurretik ezarritako helburua». Jokoetan sortutako karbono isurien muga 1,58 milioi tonan ezarri zuten; hots, Rio de Janeiroko zein Londresko Jokoetan isuritakoaren erdia. Bada, jada, asmo hori bertan behera utzi dutela jakinarazi du Ulloak.
Konpentsazioaren dilema
Karbono isuriak murrizteaz gainera, «sortutako emisioak baino gehiago konpentsatuko dituztela» diote antolatzaileek Jokoetako webguneko «gure konpromisoak» atalean. Eta «karbono neutralaren Jokoak» izena jarri diote ingurumenaren atalari. Baina zertan datza konpentsazioa? Bada, sortutako isuriak orekatzeko, karbonoa murrizten duten proiektuak sustatzea da emisioak konpentsatzea. Enpresa kutsagarri askok, esaterako, zuhaitzak landatzen dituzte asmo horrekin. Ikertzailearen ustez, «gakoa murriztea da, ez konpentsatzea».
Horrelako ekitaldietarako, «neutral» terminoa «arriskutsua» dela dio ikerlariak: «Emisio handiak izan ditzakete, eta guztiak konpentsatu, baina ingurumenari inpaktu handia eragingo diote, halere». Bestalde, hutsunea sumatu du sentsibilizazioaren arloan, gehiago landu behar dela uste du: «jendeari norberaren karbono aztarna nola murriztu erakustea funtsezkoa da Joko jasangarriagoak egiteko».