Parisko metropolian dagoen Nanterre (Frantzia) hiriko La Defense kiroldegiko igerilekuan jokatu dira Olinpiar Joko hauetako igeriketako probak, eta, beste behin, Ameriketako Estatu Batuetako selekzioak lortu du urre eta domina gehien. Azkenerako, zortzi urrezko domina izan dira, Australiak baino bat gehiago, eta metal guztietakoak kontuan hartuta, 28. Hala ere, bakarkako probetan, beste herrialde batzuetako igerilariak estatubatuarrak baino gehiago nabarmendu dira. Igerilekuaren sakontasun falta dela eta, igerialdi asko espero baino motelagoak izan dira.
LEON MARCHAND
Michael Phelpsen oinordekoa
Igeriketan, Leon Marchand (Tolosa, Okzitania, 2002) izan da Olinpiar Joko hauetako izarrik distiratsuena. Izan ere, igerilari okzitaniarrak bost domina —urrezko lau eta brontzezko beste bat— irabazi ditu bere ibilbideko bigarren jokoetan. Hiru urte lehenago, Tokioko Olinpiar jokoetan, 400 metro estiloetan lortutako 6. postuan izan zuen emaitzarik onena, baina 2022an Budapesten eta 2023an Fukuokan (Japonia) jokatutako munduko txapelketetan irabazitako bost urrezko dominek argi eta garbi erakutsi zuten hautagai nagusia izango zela Parisen urreak irabazteko, 200 eta 400 metro estiloetan eta tximeleta erako 200 metroetan. Bada, nagusitasun hori berretsi egin du La Defense kiroldegiko igerilekuan, lau urrezko dominei eta brontzezko dominari hiru marka olinpiko gehituta. Bereziki ikusgarria izan zen 400 metro estiloetako finala, non Michael Phelpsen marka olinpikoa apurtu zuen. Igerilari estatubatuarraren oinordeko gisa izendatu dute askok, eta ez da kasualitatea frantziarraren prestatzailea Bob Bowman izatea, bere garaian Phelpsen entrenatzaile izandakoa. Lehoi erregea ezizena jarri diote frantziarrari.
KATIE LEDECKY
Distantzia luzean, menderaezina
Parisen irabazi dituen bost dominekin, Olinpiar Jokoetan urrezko domina gehien irabazi duen emakumezkoa bilakatu da Katie Ledecky (Washington, 1997). Bederatzi urre kolkoratuta, Larisa Latynina Sobiet Batasuneko gimnastarekin berdindu du igerilari estatubatuarrak. Washingtonekoak lau Olinpiar Jokotan parte hartu du, eta, denera, 13 domina irabazi ditu. Sailkapen horretan, Latynina baino ez dauka aurretik, 18 dominarekin.
Ledecky distantzia luzeetako erregina izan da beste behin, bigarrenez jarraian estilo libreko 800 eta 1500 metroetan gailenduta. Are gehiago, 800 metroetan, azken lau Olinpiar Jokoetan urrea bereganatu du. Parisen, estilo libreko 400 metroetan lortutako brontzearekin eta taldeka lortutako zilarrarekin osatu du bere palmaresa, baina lau urte barru are gehiago handitzeko asmoarekin da; 31 urte izango ditu Los Angelesen.
SUMMER McINTOSH
Handienetako bat izan daiteke
Hemezortzi urte bete gabe izan arren, Summer McIntoshek (Toronto, Kanada, 2006) Pariskoak bere bigarren Olinpiar Jokoak izan ditu. Tokion bi aldiz laugarren izan ostean, Kanadako igerilari gazteak hiru urrezko domina eta zilarrezko domina bat lortu ditu Parisen. Hala, Ariarne Titmusen baimenarekin, hurrengo urteetarako igerilaririk indartsuena izan daitekeela frogatu du. Hainbeste, 400 metro estiloetako finalean, Titmusengandik segundo bakar batera ailegatu zen, australiarra estu eta larri hartuta. Torontoko igerilariak tximeleta erako 200 metroetan, estilo libreko 200 metroetan eta 400 metro estiloetan lortu ditu urreak, final bakoitzean igerilari estatubatuar ezberdin bat menderatuta. Gainera, 200 metroetako marka olinpiko berriak ezarri ditu. Gauzak ondo, Los Angelesko Olinpiar Jokoetan igeriketako izar nagusia izango da.
ARIARNE TITMUS
Aurkari berriak ditu
Katie Ledeckyren aurkaririk gogorrena izan da Ariarne Titmus (Launceston, Australia, 2000) Tokion zein Parisen. Estilo libreko 800 metroetako finalean, estatubatuarrengandik segundo pasatxora bigarren izan zen Titmus, Tokion gertatu bezala. Denera, lau domina, urrezko bi eta zilarrezko beste bi irabazi ditu Parisen. Tasmaniakoak estilo libreko 400 metroetan lortu zuen bakarkako urrea, eta nabarmentzekoa da estilo libreko 200 metroetan haren herrikide Mollie O’Callaghanek lortu zuela garaipena, hautagai nagusia Titmus izanagatik. 24 urte betetzeko hilabete bat falta zaiola, zortzi domina olinpiko irabazita dauzka. Lau urte barru domina ugari irabazteko hautagairik sendoenetako bat izango bada ere, aurkari gogorrak izango ditu alboan.
CAELEB DRESSEL
Bakarka, dominetatik urrun
Parisen lortu dituen hiru dominak AEBtako selekzioaren erreleboetako proba ezberdinetan parte hartuta irabazi ditu Caeleb Dresselek (Green Cove Springs, AEB, 1996). Tokion estilo libreko 50 eta 100 metroetan eta tximeleta erako 100 metroetan txapeldun olinpiko izandako igerilariak, beraz, ezin izan ditu bere koroak Parisen defendatu. Tximeletako proban ez zen finalerako sailkatu, estilo libreko 50 metroetako finalean seigarren amaitu zuen, eta estilo libreko 100 metroetarako ez zen hautatua izan.
Hala ere, Floridakoa beste hiru domina, urrezko bi eta zilarrezko bat lortuta itzuliko da etxera, eta jada 10 domina olinpiko dauzka, bederatzi urrezkoak. Tokioko Olinpiar Jokoen ostean, antsietateak eta depresioak jota egon zen Dressel, eta etenaldi bat egin behar izan zuen 2022ko Munduko txapelketaren ostean. 2023an bueltatu zen lehiara, baina ez zuen Fukuokako Munduko Txapelketarako sailkatzea lortu. Hala, inork ez zekien zer maila emango zuen Parisko jokoetan.
TORRIE HUSKE
Onenen pare
Torrie Huskek (Fairfax, AEB, 2022) bost domina lortu ditu Olinpiar Joko hauetan, urrezko hiru eta zilarrezko beste bi. Tokion, AEBtako selekzioarekin lortutako zilar batekin egin zuen debuta jokoetan, baina, Parisen dastatu du benetako loria. Ezustean, tximeleta erako 100 metroetan lortu zuen lehendabiziko urrea, herrikide eta distantziako menderatzaile nagusi Gretchen Walsh garaituta. Bakarkako beste domina, zilarrezkoa, estilo libreko 100 metroetan lortu du, eta beste hiru dominak AEBko selekzioarekin lortutakoak izan dira. Azkena, munduko errekor eta guzti, 4x100 metro estiloetan.
Sei kirolari horiez gain, Adam Peaty, Kristof Milak, Sarah Sjoestrom eta Mollie O Callaghan ere nabarmendu dira, besteak beste.