OLINPIAR JOKOAK

Triatloiko lehen proba atzeratu egin dute, Senako uraren kalitate eskasagatik

Printzipioz, bihar goizean jokatuko dituzte emakumezkoen eta gizonezkoen lehiaketak. Uraren kalitatea nahiko ona ez bada, ostiralean izango dute proba ospatzeko azken aukera. Tahitin, surfeko lehiaketak ere atzeratu egin dituzte, eguraldi txarragatik.

Sena ibaia gaur goizean. Bertan zen egitekoa gizonezkoen triatloi proba. JOEL CARRETT / EFE
Sena ibaia gaur goizean. Bertan zen egitekoa gizonezkoen triatloi proba. JOEL CARRETT / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko uztailaren 30a
09:03
Entzun

Sena ibaia Parisko Olinpiar Jokoen erdigune bihurtu nahi zuten. Dirutza gastatu dute ibaiko ura garbitzen, hasiera ekitaldia bertan egin zuten, eta zenbait kirol proba ere ibaian egitekoak ziren. Bada, Sena hizpide da oraindik ere: uraren kalitatea, oraingoz, ez da behar bezain ona, eta ibaian egitekoa zen lehen lehiaketa atzeratu egin dute. Gaurko 8:00etan zen egitekoa gizonezkoen triatloia. Munduko Triatloiak, ordea, bart kaleratu du proba atzeratuko zutela iragartzen zuen agiria.

Munduko Triatloia, Nazioarteko Olinpiar Batzordea eta Frantziako hainbat erakunde publiko ari dira aztertzen Senako uraren kalitatea, eta gaur goizaldeko 3:30 aldera hartu dute proba atzeratzeko erabakia, lehiaketa hasteko bost ordu baino gutxiago falta zirenean. «Gaur egindako azterketek agerian utzi dute uraren kalitateak ez duela nahikoa berme ematen ekitaldia egiteko», dio nazioarteko federaizoak zabaldutako oharrak.

Halere, azken orduetan uraren kalitatea hobetu egin dela adierazi du nazioarteko federazioak. Hori dela eta, esperantza daukate oraindik, eta bihar egin nahi dute lehiaketa. 8:00etan da egitekoa emakumezkoen lasterketa. Horren ostera atzeratu dute gizonezkoena; dena ondo badoa, 10:45ean egingo dute. Halere, uraren kalitateak Munduko Triatloiak ezarritako neurriak betetzen ez baditu, datorren ostiralean, abuztuaren 2an, izango dute azken aukera.

Aurreko egunetan bertan behera utzi zituzten ibaian egitekoak ziren entrenamenduak. Distantzia luzeko igeriketa probak eta triatloiko bi lasterketak dira Senan egitekoak, baina azken egunetan kezka handitzen hasi zen uraren kalitatea zela eta. Azkenen, lehen proba —gizonezkoen triatloia— atzeratzea erabaki dute. Igeriketakoak datorren astean egitekoak dira, abuztuaren 8an eta 9an. Munduko Triatloiak eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeak behin baino gehiagotan esan dute «garrantzitsuena kirolarien osasuna dela» eta hartu beharreko neurriak hartuko dituztela hori bermatzeko. Uraren kalitateak hobera egiten ez badu, oraindik ez dago argi zer egingo duten.

Surfa ere, atzeratuta

Bitartean, Paristik kilometro askora, Tahitin ere bertan behera utzi dituzte Olinpiar Jokoetako zenbait proba. Euskal Herrian ordu txikiak zirenean egin behar zituzten emakumezkoen surfeko hirugarren jardunaldiak. Eguraldi kaskarrak, ordea, proba horiek atzeratzea behartu du. Gizonezkoak atzo iluntzean aritu ziren, eta, ordurako, aurreko egunetan baino bortitzago zegoen itsasoa. Gerora, eguraldia okertuz joan zen, eta, azkenenean, emakumezkoen lehiaketa atzeratzea erabaki dute.

Nadia Erostarbe zarauztarrari eragin dio erabakiak. Erostarbe Shino Matsuda japoniarrarekin lehiatzekoa zen final-laurdenetarako txartel bat lortzeko, baina itxaron egin beharko du. Antolatzaileek ez dute argitu noiz berrekingo dieten lehiaketei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.