Tamirat Tolak irabazi du urrea, eta marka olinpikoa ezarri du

Etiopiako maratoilariak ibilbidearen zatirik gogorrenean jo du erasoa, eta 2:06:26ko denbora egin du helmugan. Baxir Abdi izan da bigarren, eta Benson Kipruto hirugarren. Eliud Kipchoge erretiratu egin da 31. kilometroan, mina baitzuen aldakan.

Tamirat Tola Etiopiako bandera bizkarrean duela, Maratoia irabazi ostean. CHRISTIAN BRUNA / EFE
Tamirat Tola, Etiopiako bandera bizkarrean duela, maratoia irabazi ostean. CHRISTIAN BRUNA / EFE
ainara arratibel gascon
Paris
2024ko abuztuaren 10a
12:37
Entzun

Duela aste batzuk, Tamirat Tolak ez zuen uste Parisko Olinpiar Jokoetan izango zenik. Etiopiak maratoiko proban parte hartzeko emandako zerrendan ordezko moduan ageri zen. Teknikariek Kenenisa Bekeleren, Deresa Geletaren eta Sisay Lemmaren alde egin zuten. Baina Lemmak min hartu zuen duela bi aste, eta haren ordez aukeratu zuten Tola. Bada, orain, hura da  txapeldun olinpiko berria. Lasterkaririk indartsuena zela erakutsiz lortu du garaipena, ibilbidearen zatirik gogorrean jo baitu aurrera. Gainera, marka olinpiko berria ezarri du: 2.06.26, aurrekoa sei segundoan hobetuz. Bigarren Baxir Abdi belgikarra izan da (2.06.47), eta hirugarren, Benson Kipruto kenyarra (2.07.00). 24 urte ziren Etiopiak ez zuela gizonezkoen maratoia irabazten Olinpiar Jokoetan. Sydneyn izan zen, 2000 .urtean. Gezahegne Albera igo zen orduan podiumaren gorenera. 

Gaurko lasterketako beste protagonista Eliud Kipchoge izan da, azken bi Olinpiar Jokoetan urrea eskuratu zuen maratoilaria. Historia egin nahi zuen, eta hirugarrenez garaipena lortu. Baina, apirilean Tokioko maratoian erakutsi zuen moduan, hezur-haragizkoa da kenyarra. Japoniako hiriburuko proban hamargarren egin zuen, ordu arte maratoi batean egin zuen posturik txarrena. Gaurkoan, berriz, ezin izan du proba amaitu. 19. kilometroan atzean geratu da, eta aldakari heldu dio. Min zuen bertan. Hor esan dio agur hirugarren urrea irabazteko ametsari. Jarraitu egin du, baina tarteka oinez egin behar izan ditu metro batzuk; azkenean, 31. kilometroan, lasterketa utzi du. Txapeldun handi baten pareko keinuarekin egin du hori. Izan ere, geratu, eta azken lasterkaria igaro denean utzi du.

Bi hamarkadaren ondoren, Ikusmina zegoen hura eta Kenenisa Bekele etiopiarra berriz elkarrekin lehiatzen ikusteko. Bekele, 42 urterekin, 12 urteren ondoren Olinpiar Joko batzuetara itzuli da. Baina adinak ez du barkatzen. Hura ere dominak lortzeko lehiatik oso urrun egon da. 39. postuan helmugaratu da, Tola herrikidearengandik ia sei minutura: 2.12.24.

Normalean gizonezkoen maratoia izan ohi da Jokoen azken proba. Baina, oraingo honetan, egun bat aurreratu dute. Bihar, berriz, emakumezkoena jokatuko da, 40 urte betetzen baitira programa olinpikoan sartu zutela. 7:55erako lasterkariak prest zeuden udaletxe atarian. 42,195 kilometro zituzten aurretik. Ibilbideak Parisko lekurik esanguratsuenetatik igaro behar zuen: Parisko Operatik, Tullerietako zelaitik, Concorde plazatik, Louvre museotik, Eiffel dorretik... Amaiera, berriz, Elbarrien Jauregi parean zeukan. Ibilbide gogorra zen, 436 metroko desnibel positiboa baitzuen, eta beste 438 jaitsierakoak.

Maratoi garrantzitsuenetan gertatu moduan, lasterketa igarotzen zen inguruetan jende dezente bildu da goizean goizetik. Elbarrien Jauregiaren parean jarri dituzten harmailetan ere, ikusmina. Bertan bildutakoek pantaila erraldoi batean ikusi dute proba, eta lasterkariak gerturatu ahala joan da berotuz giroa.

Lehen 15 kilometroen ostean hasi da lasterketa gogortzen. Eyob Fainel italiarra igaro da bertatik lehen tokian, 23 segundoren aldearekin. Hor hasi da ibilbidearen zatirik gogorrena, gorabeheraz betea. Atzetik zetorren faboritoen multzoa, baina gero eta murritzagoa zen. Bekele eta Kipchoge jada sufritzen ari ziren. Tolak hor bizitu du erritmoa, eta, Fainel harrapatzeaz gain, lasterkarien multzoa asko gutxitzea lortu du: hamabost baino ez zeuden bertan. Bekele eta Kipchoge atzean geratu dira ordurako. 21. kilometroa zen.

Eraso erabakigarria

Tola une erabakigarrirako prestatzen ari zen, 28,5. kilometro ingururako. Hartan, %13ko desnibela zuen pendiz bati egin behar izan diote aurre: 600 metro, oso gogorrak. Hortxe jarri da lasterketa buruan etiopiarra, eta aurrera egin du, geraezin, urrearen bila. Azken 12 kilometroetan aldeari eutsi dio.

Lehen postua lortzeko baino gehiago, bigarrena eta hirugarrena lortzeko zegoen batez ere borroka. Abdiren, Kiprutoren eta Deresa Geleta etiopiarraren artean zeuden podiumeko beste tokiak. Akari Akasika japoniarra ere lehia horretan egon da, baina bost kilometro falta zirela amore eman du. 

Kiprutok uste zuen azken metroetan aurkariak baino indartsuagoa zela, eta zuhur jokatu du. Baina azkenerako ordaindu egin du. Abdiri, berriz, ausardiak eman dio zilarra. Izan ere, jarri duen erritmoari esker, Geleta atzean geratu da, eta, hasieran eutsi egin dion arren, Kiprutok ere ezin izan du segitu hark jarritako erritmoa. Artean Tola helmugara iristen ari zen, eta garaipenaz gozatzen. Elbarrien Jauregi ingurura iristen ari zela, zaleek, harmailetatik altxa, eta txalo artean jaso dute txapelduna, sakelako telefonoekin argazkiak ateraz. Helmuga arrastoa igaro, eta Etiopiako bandera jarri du soinean. 22 urteren ostean, maratoiaren Olinpora itzuli du Tolak Etiopia. Ondoren, besarkada helmugara iristen ziren lasterkarien artean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.