Fenix hegaztia errautsetatik piztu da Parisko Bercy Arenan. Halere, pizte horrek, errautsekin baino gehiago, ezaugarri gizatiar batekin du zerikusia: eten bat egiteko beharrarekin. Tokioko Olinpiar Jokoetan, Simone Bilesek ez zuen parte hartu gimnastikako bakarkako proba orokorrean, presioaren eraginez, eta, Jokoen ondotik, bi urtez izan zen lehiatu gabe. Iaz, itzuli eta gutxira Munduko Txapelketa irabazi zuen, baina egiazko arantza, egiazko erredentzioa gaurko proban zegoen, final olinpikoan. Eta fenixak ez du huts egin: guzien aitzinean distira egin du.
Faborito nagusiak zaldian hasi dira lehian, Bilesen arerio nagusi Rebeca Andrade brasildarraren indargunean, eta Andradek ez du huts egin, jauzi ia perfektua egin baitu: 15.100 puntu lortu ditu guzira. Bilesek, ordea, exekuzioan ez, baina zailtasunean gainditu egin du, jatorrizko zigilua duen buelta bikoitz ikusgarri batekin (15.766 puntu). Arratsaldeko lehenbiziko goraldia harmailetan.
Bigarren txandan barra asimetrikoetara jo dute. Erran ohi da estatubatuarraren puntu ahulena dela —Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketetan gaur arte zakuratu dituen 38 dominatatik bakarra da barretan lortutakoa—, eta arerioak hortik kendu dizkio puntu batzuk. Itxura batean, bazirudien Bilesek gehiago arriskatu duela Andradek baino, eta ikusleen arnasa ere moztu egin da tarte batez, barra txikian oinak ia zorua ukituz igaro dituenean, baina epaileek zailtasunean puntu berberak eman dizkiete biei, eta exekuzioan brasildarrak aitzina hartu dio, bikaina izan baita. Baina ez batak ez bertzeak ez dute puntuazio onena izan ariketan. Kaylia Nemour Aljeria ordezkatzen duen frantziarra izan da haien txandako onena, eta sailkapen nagusian bigarren tokia hartu du, Bilesen aitzinetik. Nemourrek zale anitz izan ditu harmailan.
Fenixaren sua
Oreka barran piztu da, ordea, fenixaren sua. Exekuzioaren ondotik, ikusleak piztu egin ditu, taldekideak besarkatu ditu irribarrez, eta Andradek berak ere zoriondu du. Pantailan puntuazioa ikusi duenean, ordea, estatubatuarrak ez du imintziorik egin, gehiago esperoko balu bezala: 14.566koa izan du. Andradek, ordea, ariketan oreka galdu du tarte txiki batez, eta ez zaio exekuzio txukuna atera. Horregatik, Biles aitzina hartuta ailegatu da bere proba kuttunera: lurreko ariketara —44.065 puntu zituen estatubatuarrak, eta 43.899 brasildarrak—.
Andradek puntuazio ona lortu du, baina huts txiki bat egin du hasieran, eta nahiko argi zegoen Bilesek urrea lotua zuela hanka sartze handirik egin ezean. Eta halaxe gertatu da; musikak eta harmailak lagunduta, kirol proba batena baino gehiago, besta giroko ikuskizun baten itxura hartu du ariketak. Bere elementuan mugitu da Biles, eta ez du hutsik egin: urrea Bilesentzat, zilarra Andraderentzat eta brontzea Sunisa Lee (AEB) Tokioko Jokoetako irabazlearentzat.
Fenix, hegazti mitologiko baten izena ez ezik, izarren konstelazio batena ere bada. Izarrek desagertzean egiten omen dute distira gehien, baina Bercy Arenako izarrak bizi-bizirik dagoela egin du distira.