Olinpiar Jokoak

Sifan Hassanek irabazi du urrea maratoian, eta marka olinpikoa egin du

Herbeheretarrak gogotik sufritu du batzuetan, baina, helmugan, esprintean irabazi dio Tigst Assefa etiopiarrari. Etiopiak protesta egin du esprinteko mugimendu batengatik. Maajida Maayouf aguraindarra hamazazpigarren ailegatu da.

Sifan Hassan Elbarrien jauregiko helmugan garaile Tigst Assefaren aitzinetik, gaur, Parisen. YOAN VALAT / EFE
Sifan Hassan Elbarrien jauregiko helmugan garaile Tigst Assefaren aitzinetik, gaur, Parisen. YOAN VALAT / EFE
mikel rodriguez
2024ko abuztuaren 11
13:30
Entzun

Ezusteko garailea izan du emakumeen maratoiak gaur goizean. Lasterketa nola joan den ikusita, ez zuen ematen Sifan Hassan herbeheretarra lasterkaririk azkarrena zenik, baina une gogorrenetan sufritzen jakin du, gibeletik aitzinera eusten, eta, ustez hura baino indartsuago zeudenei gaina hartu die helmugan. Elbarrien jauregiko helmugan esprintean garaitu du Tigst Assefa etiopiarra, lasterketa osoan itxura sendoena erakutsi duen atleta. Urrea, ordea, sufritzen jakin duenarentzat izan da. Eta bertze sari bat ere eman dio eusteko gai izateak: marka olinpikoa —2.22.55eko denbora egin du, Tiki Gelana etiopiarrak Londresen 2012an egindakoa baino hamabi segundo hobea—. Brontzea, berriz, Hellen Obiri kenyarrak irabazi du, eta Maajida Maayouf aguraindarra hamazazpigarren helmugaratu da, 5.40ra.

Lasterketa bukatzean, Etiopiak protesta bat aurkeztu du, azken esprintean Hassanek Assefa aitzinatzean elkar jo dutelako. Epaileak zer gertatu den aztertzen aritu dira, eta probaren ondoko prentsaurrekoa gibelatu egin da horregatik, baita dominen zeremonia ere. Hassan ez da prentsaurrekora agertu, eta Assefak eta Obirik bakarrik egin dute agerraldia. Protestak dezenteko nahasmena sortu du lasterketa bukatu ondorengo orduetan. Assefak ez du horri buruz mintzatu nahi izan hasieran: «Erran dezakedan bakarra da [Hassan] atleta handia dela. Hortaz, zoriondu egin nahi dut». Baina galdetu diotenean ea «bultzakadak» urrea irabazteko aukera kendu dion, erantzun motz eta argia eman du: «Bai».  

Hassan: distantzia anitzetan zaildua

Hassan etiopiarra da jatorriz, gaur arerio nagusi izan duena, hau da, Assefa bezala. Herbehereetan errefuxiatu zen, ordea, eta hango herritartasuna hartu. Distantzia anitzetan lehiatzen da, eta Europako markak ditu distantzia luze guzietan: 1.500 metrokoan, 3.000koan, 5.000koan, 10.000koan, maratoi erdian eta maratoian. Olinpiar Jokoetan ere argi erakutsi du distantzia anitzetan lehiatzeko duen gaitasuna: urrea irabazi zuen Tokion (2020) 5.000koan eta 10.000koan, eta brontzea, berriz, 1.500ekoan. Pariskoa, berriz, ez du berehalakoan ahantziko: joan den astelehenean 5.000ko finalean brontzea lortu zuen 5.000koan, Stade de Francen; duela bi egun, toki berean metal bereko domina 10.000koan; eta, gaur, 42 kilometroko proban, lehenbiziko tokian igaro du Elbarrien jauregiko helmuga.   

Antolakuntzak erabaki du aurten gizonen maratoia azken-aurreko egunean jokatzea, eta, emakumeena, berriz, azkenekoan, «atleta emakumeen jardunari balioa emateko». Halaber, ibilbidearekin omenaldia egin nahi izan dio 1789ko urriaren 5ean, Frantziako Iraultzan, emakumeek Versaillesera egin zuten martxari: Louis XVI.a erregeari erreforma sozialak eta politikoak exijitzeko mobilizatu ziren. 

Lasterketa 08:00etan hasi da, eta hamargarren kilometroan izan du lehenbiziko estualdi azkarra, etiopiarrek taldearen buruzagitza hartu dutenean. Handik hiru kilometro baino gutxiagora hasi dira lehenbiziko eraso nabarmenak, eta taldea aitzineko kilometroetan baino bizkorrago hasi da lasterkariak galtzen. Erdiko puntura, 21. kilometrora, 1.13.22ko denborarekin ailegatu da lehenbiziko atleta: Jessica Stenson australiarra. Gibeletik, hemeretzi lasterkari, harengandik hiru segundora. Horien artean zegoen Maayouf. 

Erdibidea pasatu eta hurrengo bortz kilometroetan, Paris etorbidean sartu ahala, hogeiko talde hori sakabanatu egin da. Gibelean gelditu da, bertzeak bertze, 21. kilometroko denbora egin duen lasterkaria, Stenson. 

Igoeran sufritzen

27. eta 28. kilometroetan gertatu da lasterketako mugimendu erabakigarrietako bat. Pave-des-Gardes karrikan sartzekoak ziren korrikalariak, probako igoera nagusian. Assefak eta Amane Beriso Shankule herrikideak erritmoa arruntean gogortzea erabaki, eta taldea xehatu dute. Agudo, banaka-banaka hasi dira lasterkariak gibelean gelditzen, erritmoak itota —Maayouf tartean—, eta igoera bukatzerako borzkote bat baino ez zegoen aitzinean: haustura eragin duten bi etiopiarrak, eta hiru kenyar —Peres Jepchirchir munduko markadun eta Tokioko Jokoetako garailea, Sharon Lokedi eta Obiri—.

Bazirudien bortz horiek zirela atleta azkarrenak, ikusita igoeran zer gertatu den eta ordura arte buruan zeuden gainerakoek nola sufritu duten, baina maldan beheitikoan, lau gehiagok lortu dute bortz afrikarrekin bat egitea: Hassanek, Yuka Suzuki japoniarrak, eta bertze bi herrialderentzat korritzen duten bi kenyarrek —Delvine Relin Meringorrek (Errumania) eta Eunice Chumbak (Bahrain)—. 

Eta bederatzi kilometro falta zirela gertatu da ezustea: etiopiarrek berriz ere erritmoa bizkortu, eta Jepchirchir irabazteko lehiatik kanporatzea lortu dute. Azken bortz kilometroei borzkote batek ekin dio: Assefak, Shankulek, Lokedik, Obirik eta Hassanek. Bi kilometro  falta zirela, amore eman du Shankulek, eta laukoteak elkarrekin ekin dio azken metroei, Assefak eta Hassanek azken kolpea eman duten arte. Elbarrien jauregiko helmugako alfonbra urdina zanpatu dutenerako, Hassanek aitzina hartua zion Assefari, eta herio batean ailegatu arren, garaipenaz gozatzeko astia izan du.

Bukaera harrigarria, ikusita herbeheretarrak gibeletik aitzinera egiten ibili behar izan duela behin baino gehiagotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.