Kirola eta politika ez direla nahasi behar erran ohi da elkarketa hori deseroso egiten denean, baina Olinpiar Jokoen esentziak ezerezean uzten du dezentetan aditzen den klixe hori, bertzeak bertze, Pierre de Coubertin pedagogo frantsesak Joko modernoak diseinatu zituen manerarengatik: herrialdeka antolatuta egiten den kirol lehia bat; hots, herrialdeak elkarrekin lehian paratuta. Gainera, aldi bakoitzean herrialde batek hartzen du antolatzeko ardura, jakitun mundu osoaren aitzinean erakusleiho bihurtuko dela. Hortaz, kirolariek ez ezik, agintariek ere hartzen dute protagonismoa, bermatu behar baita munduaren fokua gainean izanen den egunetan harmonia, antolakuntza ona, bakea eta, ahal bada, oparotasuna ikusiko direla argipean, herrialdearen arazoak iluntasunean utzita. Parisko 2024ko Jokoetan atletak izanen dira protagonista, baina, segurtasun neurriak, Frantziako hauteskundeen ondorena eta nazioarteko egoera orokorra kontuan hartuta, antolatzaileek zail izanen dute bertzelako kontuak guztiz gerizpean uztea.
Kirola eta politika bereizteko tema horri kontra eginez, François Hollande presidenteak sartu zuen Frantziako hiriburua 2024ko Jokoak antolatzeko arrastoan, 2014ko azaroan agintaldiaren erdia bete zuela-eta telebistan zuzenean eman zuen elkarrizketa batean. «Parisek hala erabakitzen badu, Olinpiar Jokoetarako hautagaitza aurkeztearen alde nago». Hautagaitza 2015eko ekainean adostu zuten herriko etxeak, gobernuak, kiroleko egiturek eta kirol munduko dozenaka ordezkarik, eta urte horretako irailean NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ofizial egin zuen. Emmanuel Macron gaur egungo presidentea Ekonomia ministro zen orduan, eta, 2017an estatuburu hautatu zutenean, Hollanderekin hasitako bideari eutsiko ziola agindu zuen. Urte horretan izendatu zuten Paris 2024ko Jokoen egoitza. 2014tik 2017ra iraun zuen prozesuak, eta, urte horietan gertatu zenaren ondorioz, pentsatzen zen antolakuntzak erronka nagusi bat gainditu beharko zuela: segurtasuna.
EI Estatu Islamikoak Sirian eta Iraken kalifa herria aldarrikatu zuen urteak ziren; Frantziako herritar andana batek bat egin zuen muturreko talde islamista sunitarekin, eta Frantziako Errepublikak, aldiz, EIren aurkako nazioarteko gerrarekin. 2015ean, Ekialde Hurbilean trebatutako ekintzaileek Frantzia osoa eta Europa astindu zituzten atentatuak egin zituzten —urtarrilean, Charlie Hebdo aldizkariaren kontra (hamabi hildako), eta, azaroan, Parisko hainbat gunetan (130 hildako)—. Eta arazoa larritu zuen bertze fenomeno bat gertatu zen, gaur egun oraindik ere gertatzen dena: otso bakartiena; hau da, trebakuntzarik gabe, talde bateko kide izan gabe eta inoren agindu zehatzik jaso gabe, EIren izenean atentatuak egiten dituzten herritarrak, eskura dituzten baliabideekin. Horrelako handiena 2016an gertatu zen —31 urteko gizon batek 86 lagun hil zituen Nizan, kamioi batekin harrapatuta—.
Frantzia muturreko islamismo sunitaren jomugan zegoela ikusita eta Jokoak atentatuak egiteko amu bat izan zitezkeela pentsatuta, segurtasuna bihurtu zen antolakuntzaren lehenbiziko erronka. Muturreko islamista sunita talde batek iragan martxoan Moskuko Crocus antzokian egin zuen erasoaz geroztik, Frantziako Gobernuak «atentatu larrialdiko egoera» ezarria du —145 lagun hil zituzten—, eta, Le Figaro egunkariak Jokoen atarian egindako inkesta baten arabera, herritarren %68 kezkatuta daude garraio publikoaren eta gune turistikoen gaineko segurtasunarengatik. Barne Ministerioak jakinarazi duenez, 3.512 pertsonari ukatu egin diete Jokoetarako akreditazio eskaera, «segurtasunerako mehatxu» izan daitezkeelakoan. Gerald Darmanin Barne ministroak, muturreko islamistatzat jotakoak ez ezik, «ultraezkerreko eta ultraeskuineko erradikalak» ere aipatu zituen akreditazioa ukatu dietenen artean.
30.000 polizia egunero
Frantziak segurtasun zorrotza ezarria du aspalditik gune publiko batzuetan —armadak berak barne segurtasuneko zaintza operaziotan parte hartzen du 1990eko hamarkadatik—, baina Jokoetarako mobilizazioak txiki utziko ditu aitzineko guziak. Barne Ministerioaren arabera, egunero 30.000 polizia eta jendarme hedatuko dituzte «atleten eta ikusleen segurtasuna bermatzeko», gehien-gehienak Ile-de-Francen, Paris hiriburuaren eskualdean. Horiez gain, erreserbako bertze 15.000 agente hedatuko dituzte «beharrezkoa balitz». Baina ez dira polizia indarrak bakarrik arduratuko Jokoen segurtasunaz; Defentsa Ministerioak Sentinelle operazioa azkartu du, eta 18.000 militar mobilizatuko ditu zaintza lanetarako. Operazio hori 2015eko urtarrilean hasi zuten, Charlie Hebdo-ren kontrako atentatuen ondotik, eta helburutzat dauka «mehatxu terroristari buru egitea eta lurraldeko gune kalteberak babestea». Horretarako, orain arte 7.000 militar izan ditu hedatuta errepublika osoan, eta bertze 3.000 erreserban. Baina bederatzi urte hauetan ez da mugatu «mehatxu terroristari buru» egitera, 2019an Macronek Jaka Horien protesta baten harira erabili baitzituen Sentinelle operazioko militarrak, Parisko «gune kalteberak babesteko», eta, 2020az geroztik, «legez kanpoko immigrazioaren» aurkako zaintzarako ere erabiltzen ditu.
Poliziak, jendarmeak eta militarrak. Horiei Parisko udaltzainak gehitu behar zaizkie, 25.000 bat segurtasun agente pribatu eta atzerritik ailegatutako poliziak. 1.750 inguru izanen dira horiek, berrogei herrialdetakoak, eta geltokietan, aireportuetan eta «39 olinpiar egoitzatan eta kirol proben guneetan» egonen dira, Barne Ministerioaren arabera. Espainiak bidali ditu gehien: 360.
Eta kopuru handiak nahikoa ez balira segurtasun dispositiboaren tamainaz ohartzeko, bi gunek grafikoki erakutsiko dute hori: alde batetik, Paris ekialdean armadak behin-behineko kanpamentu militar bat eraiki du, eta Sentinelle operazioko 4.500 soldadu hartuko ditu; bertzetik, hilaren 26ko hasiera ekitaldia 45.000 poliziak zainduko dute Sena ibaiaren hegietan, sei kilometroko luzeran. Izan ere, Parisko Jokoen berezitasunetako bat da hasiera ekitaldia lehenbiziko aldiz ez dela eginen estadio batean, hiriaren erdigunean baizik, eta gauza bera gertatuko da lehia guneekin, anitz Parisko toki ezagunetan baitaude, estadioetan egon beharrean —Concorde plazan, Marteren Zelaian, Trocaderon...—. Horren ondorioz, mugimendu murrizketak, kontrol zorrotzak eta salbuespenezko eremuak ezarri dituzte Parisen. «Besta ederra izan dadin, ekitaldiaren segurtasunak ezin hobea izan behar du», justifikatu du Barne Ministerioak.
Politika eta geopolitika
Arreta nagusia segurtasunean paratu du antolakuntzak, 2017an Parisek egoitza izateko enkargua jaso zuenean espero zen bezala, baina ordutik zazpi urte pasatu dira, eta gertakari politiko handi gehiagok arrastoa utziko dute Jokoetan. Berriena, eta ezustean etorri dena, joan den ekainaren 30eko eta uztailaren 7ko Frantziako hauteskunde legegileak izan dira. Egoera politiko zailean gelditu da errepublika, estatu buruzagitzan presidente neoliberal bat eta Asanblean lehenbiziko indar gisa komunisten, sozialisten, berdeen eta nazio minorizatuetako alderdien fronte bat dagoela. Hala ere, horrek eragotzi du Jokoak aurrekaririk gabeko ekaitz politiko baten erdian egitea, inkesten arabera eskuin muturrak lehenbiziko aldiz gehiengo osoa lor zezakeelako.
Barne politika tirabiratsuari geopolitika gatazkatsua gehitu behar zaio. Klasiko bat izan da hori Olinpiar Jokoen historian: bi mundu gerren galtzaileak gonbidatu gabe (Anberesen 1920an eta Londresen 1948an), diktadura naziaren propaganda (Berlinen 1936an), Gerra Hotzeko potentzien boikotak (Moskun 1980an eta Los Angelesen 1984an) eta bertze hainbat, ia ekitaldi guzietan. Parisko 2024ko Jokoetan, berriz, bi dira tentsio gune nagusiak: Gazaren kontrako erasoaldia eta Ukrainako inbasioa. Aski ezberdina da, ordea, NOBk bi gatazketan hartu duen jarrera.
Parisko 2024ko Jokoetan bi dira tentsio gune nagusiak: Gazako erasoaldia eta Ukrainako inbasioa. Aski ezberdina da, ordea, NOBk bi gatazketan hartu duen jarrera
Alde batetik, Errusiari eta Bielorrusiari ez die utzi Jokoetan parte hartzen, bertzeak bertze, leporatuta Olinpiar Gutuna urratu dutela «Ukrainako Olinpiar Batzordearen agintepean dauden kirol erakundeak kontrolpean hartuta». Herrialde horietako atletek parte har dezakete, baina independente gisa, eta hiru baldintza bete behar dituzte: ezin dute «gerra modu aktiboan babestu»; ezin dira Errusiako eta Bielorrusiako «erakunde militarren eta segurtasun nazionalekoen kontratupean» egon; eta ezin dituzte bi herrialdeen izenak eta sinboloak jendaurrean erabili. NOBk 36 atleta errusiarri jakinarazi zien Jokoetan parte hartzeko baldintzak betetzen zituztela, baina hogeik uko egin zioten. Bielorrusiarren kasuan, 22k zuten baimena, eta bortzek egin zioten uko. NOBren eta Errusiako Gobernuaren artean harremana anitz gaiztotu da iaztik; Moskuk erran izan du NOBk «moral bikoitza» duela, eta olinpiar batzordeak, berriz, Jokoen kontrako kanpaina bat egitea egotzi dio Kremlini —baita zibererasoak egitea ere—.
Israel Gazari eraso egiten ari da iazko urritik, eta ia 40.000 palestinar hil ditu, gehien-gehienak zibilak. Lurraldea blokeatuta dauka, eta azpiegitura ia guztiak suntsitu dizkio bonbardaketekin. Hala ere, Israelgo atletek normal parte hartu ahalko dute. NOB behin baino gehiagotan mintzatu da afera horren inguruan, eta bat egin du Israelen eta Mendebaldeko aliatuen narratibarekin: «Ez dago horren inguruko zalantzarik», adierazi zuen Thomas Bach NOBko presidenteak iragan martxoan, Israelen parte hartzeari buruz galdetu ziotenean. «Hagitz egoera diferentea da», erran zuen, berriz, Macronek, joan den apirilean, telebistan eman zuen elkarrizketa batean. «Israel eraso terrorista baten biktima izan zen. [...] Ez dugu ados egon beharrik Israelek erreakzionatzeko eta babesteko dituen moduekin, baina ezin dugu erran Israel denik erasotzailea; hortaz, aldea argia da».
Jibril Rajub Palestinako Olinpiar Batzordeko presidentearen arabera, Israelek laurehun atleta, entrenatzaile eta kirol arloko ordezkari hil edo zauritu ditu Gazan. Kirol azpiegituren %90 suntsitu ditu, baita ere. Palestina zortzi atletak ordezkatuko dute Parisen. «Parte hartze honen bidez, Palestinako herriaren sufrimendua eta Gazan gertatzen ari den aurrekaririk gabeko sarraskia ezagutarazi nahi ditugu», adierazi zuen Rajubek hilaren 14an Ramallahn (Zisjordania), olinpiar ordezkaritzaren agur ekitaldian.