Olinpiar Jokoak

Lazkano saririk gabe gelditu da, baina «pozik» bukatu du

Pasaiako piraguista finalerdietan kanporatu dute K1 500 metroko proban. Ez du nahi bezain proba ona egin, baina ez doa burumakur. «Hori zen nire beldurra». Lehenbiziko aldiz parte hartu du Olinpiar Jokoetan.

Begoña Lazkano, gaur, K1 500 metroko finalerdian, Vaires-sur-Marnen. ALI HAIDER / EFE
Begoña Lazkano, gaur, K1 500 metroko finalerdian, Vaires-sur-Marnen. ALI HAIDER / EFE
mikel rodriguez
2024ko abuztuaren 10a
13:35
Entzun

Begoña Lazkano piraguistak bukatu du lehia olinpikoa. Azken-aurreko tokian amaitu du K1 500 metroko finalerdian, eta ez du lortu finaletara pasatzea. Hagitz lasterketa gogorra izan da, eta zortzi piraguistako lehian metro anitzetan laugarren tokian joan da, baina bukaeran gain hartu diote arerio gehienek. «Hemen ezer ez da erraza, eta nire finalerdia nahiko gogorra zen», adierazi du probaren ondotik. Baina, halere, «pozik» joanen da Olinpiar Jokoetatik. «Saiatu naiz nire bertsiorik onena ateratzen, eta, nire ustez, lortu egin dut».

Begoña Lazkano izan da euskal piraguistetan azkena Vaires-sur-Marneko kanalean lehiatzen. Joan den ortzegunean kanporaketak gainditu zituen, eta lau aukera zituen gaurko finalerdian: finalerako sailkatu eta diploma bat bederen ziurtatzea —txanda bakoitzeko lehenbiziko biak pasatuko ziren—, B finalerako sailkatzea —bederatzigarrenetik hamaseigarrenaren arteko postuak erabakitzeko—, C finalerako sailkatzea —hamazazpigarrenetik 24.aren arteko lehia— edo azken-aurreko edo azken bukatuz gero, Jokoak bukatutzat ematea. «Bertsio onenaren onena emanda, agian, B final baterako egongo nintzen; beti pentsatu behar duzu irabazi dezakezula, baina finala asko eskatzea zen».  

«Bertsio onenaren onena emanda, agian, B final baterako egongo nintzen; beti pentsatu behar duzu irabazi dezakezula, baina finala asko eskatzea zen»

BEGOÑA LAZKANOPiraguista

Bertze aukerarik gabe gelditu da pasaitarra, baina lehiakor aritu da, probaren une gehienetan B finalerako sailkatzeko postuetan izan baita. Lehenbiziko kalea egokitu zaio, eta ongi atera da lehenbiziko metroetan, gainerako piraguistekin parekatuta. 

Hirugarrenari itsatsita

Lazkanoren finalerdiko arerioetako bat izan da geroko finalean zilarrezko domina irabazi duen piraguista, Tamara Csipes hungariarra, eta hark agindu du hasi eta buka —1.48.72ko denbora egin du, finalerdi guzietako onenetan bigarrena—. Lazkanok, berriz, laugarren postuari eutsi dio, eta 250 metroetako erreferentzia gunean horrelaxe pasatu da, Michelle Russell kanadarraren kayakari itsatsi-itsatsita. «Erreferentzia ona nuen, ez bainekien nola gindoazen. Niretzat ona zen bazter batean joatea, bestela batzuetan zure onetik ateratzen baitzara». Ahalegindu da erritmoari eusten, baina Russell bigarren posturaino aitzinatu da —finalean sartu da—, eta 175 metro inguru falta zirenean Lazkano postuak galtzen hasi da. 

Dena den, hurrengo txandetarako ez sailkatzea baino «beldur» handiago bat zuen Lazkanok: egindako lanarekin gustura ez bukatzea. «Kideekin hitz egin dut egun hauetan, eta esaten dizute ez dela ongi atera, ez doazela pozik... ez da gustagarria, baina nik uste dut ondo egin dudala». Aldarte onarekin bukatu du, hortaz, lehenbiziko esperientzia olinpikoa.

Carringtonen marka

Finalerako faborito argi bat zegoen: Lisa Carrington Zeelanda Berrikoa. Hark irabazi zuen urrea Tokioko 2020ko Jokoetan, eta proba hasi atzinetik denera urrezko zazpi domina zituen irabaziak Olinpiar Jokoetan. Printzipioz, espero zen Aimee Fisher herrikidea izanen zuela lehiakide gogorrena, Fisherrek aurten munduko marka ezarri baitu, eta birritan garaitu baitu Carrington. Bada, aurreikuspena ez da bete: Csipes hungariarra izan da Carringtoni buru egin ahal izan dion bakarra, eta lasterketa erdiko erreferentzia puntua lehenbiziko postuan pasatu du. Hortik aitzinera, ordea, Zeelanda Berrikoak pasatu egin du, eta pixkanaka handitu du abantaila. Emaitza: marka olinpikoa helmugan —1.47.36—. Tokion bezala banatu dituzte dominak: urrea Carringtonek, zilarra Csipesek eta brontzea Emma Aastrand Jorgensen danimarkarrak —Fisher laugarren izan da—. 

Carringtonek zortzigarren urrea du Jokoetan —aurtengo hirugarrena—. Birgit Fischer piraguista alemaniarraren kopurua berdindu du, eta, kirol guziak kontuan hartuta, soilik zazpi atletak irabazi dituzte historia guzian urre gehiago —Michael Phelps igerilariak 23 ditu, eta, ondotik, dozena erdi daude bederatzinarekin—.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.