Porlanezko kanporatzea

Porlanezko harriak jarri dituzte Parisko hainbat zubiren azpian, Jokoak direla-eta kanporatuak izan ziren pertsona zaurgarriak itzul ez daitezen. Haien egoera salatu du Le Revers de la Medaille elkarteak.

Saint Denis auzoko zubi azpian porlanezko 32 bloke daude etxegabeak kanporatzeko. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Saints zubiaren azpialdea, Saint Denis auzoan. Porlanezko 32 bloke jarri dituzte etxegabeak kanporatzeko. OLI ARTOLA APEZTEGIA
ainara arratibel gascon
Paris
2024ko abuztuaren 11
05:05
Entzun

Bero sapa egiten du Parisko Saint Denis auzoan. Baina hotza, krudela, gogorra eta gordina da auzo horretan dagoen Saints zubiaren azpiko aldeak uzten duen irudia. Parisko metroko 12. lineako Aime Cesaire geltokiaren alboan dago, eta hormigoizko 36 harritzar ageri dira, lau lerrotan jarrita. Sendoak dira, gogorrak, hotzak. Hilerri baten itxura du tokiak.

Uztail hasierara bitarte, egoera zaurgarrian zeuden 100-120 pertsona inguru bizi ziren inguru horretan. Baina, Olinpiar Jokoak direla-eta, Poliziak kanporatu egin zituen, eta bertara itzul ez daitezen jarri dituzte harri horiek. Frantziak, Parisek eta Olinpiar Jokoen antolatzaileek uztailaren 26ko hasiera ekitaldian Sena inguruan erakutsi nahi izan zuten irudi distiratsu eta bukolikotik urrun, bestelako ondorio krudel eta lazgarri hori utzi dute Jokoek. Antolatzaileek eta Frantziako erakundeek estali egin nahi izan dute, baina 82 gobernuz kanpoko erakunde biltzen dituen Le Revers de la Medaille elkarteak ikusarazi egin nahi izan du hori, bere gordinean. «Hau da Jokoek Parisi utziko dioten ondare soziala: askoz biztanle gehiago egoera zaurgarrian eta babesik gabe», salatu Paul Alauzyk, bozeramaileetako batek. 

Uztailaren 8an izan zen kanporatzea. «Ondoren, harriak jarri zituzten. Auzotarrak sinetsi ezinda geratu ziren. Izan ere, bertan bizi ziren etxegabeak auzoko parte ziren, eta lagundu egiten zieten». Handik bederatzi egunera, uztailaren 17an, kanporatze masiboak egin zituzten inguruko beste bost zubitan, bertatik Frantziako estadiora zihoazenak, eta horietan ere halako porlanezko harriak jarri zituzten. «Guztia aldi berean egin zuten, helburu argi batekin: hasiera ekitaldiaren egunean bertan egon zitezen».

«Hau da Jokoek Parisi utziko dioten ondare soziala: askoz biztanle gehiago egoera zaurgarrian eta babesik gabe» 

PAUL ALAUZYK  Le Revers de la medaille elkarteko kidea

Egun ez dakite kanporatuak izan ziren horiek non dauden. «Hori gertatu arte, hona etorri eta lagundu egiten genien: besteak beste, gizarte eta osasun arreta eskaintzen genien, baita legala ere. Jende zaurgarri askorengana iristeko aukera genuen. Gainera, Paris erdialdetik gertu samar egonda, hori egitea errazagoa zen; baita haiek guregana gerturatzea ere. Baina, orain, ez dakigu nora jo haiei laguntzera. Aspalditik osatua genuen sare hori galdu dugu, eta Jokoen ostean berreskuratzea oso zaila izango da». Adibide bat jarri du.«Egunero, arratsaldeko seietan janaria banatzen egon gara pertsona horiei, eta lehen etortzen zirenak ez datoz, alde egin behar izan baitute».

Francesca Morassut plataformako kidea da, eta berretsi du egoera «oso kezkagarria» dela. «Frantziako Gobernuak eta Parisko Udalak egoera zaurgarrian daudenentzat eskaintzen dituzten aterpetxeak oso gutxi dira, eta gainezka daude. Horrenbestez, laguntza hori eskatzera joaten direnak ere bidaltzen aritu dira». Adibide bat jarri du: «Askotan senar-emazteak joaten dira umeekin. Emakumeei eta umeei bertan egoten uzten diete denbora batez, baina gizonezkoei ez. Beraz, sarri, familia horiek nahiago izaten dute han ez geratu, ez dutelako bereizita bizi nahi. Zentzugabea da erakundeek egiten dutena».

Mamawa Boli Kostatik ihes eginda etori zen Parisera. Saint Denis auzotik kaleratua izan da Jokoen garbiketa sozialaren harira.
Mamawa Boli Kostatik ihes eginda iritsi zen Parisera. Saint Denis auzotik kaleratua izan da garbiketa sozialaren harira. OLI ARTOLA APEZTEGIA

Ostatu horietako batean dago egun Mamawa. Duela urtebete ailegatu zen Parisera —hasieran kanpoaldean bizi zen—, Boli Kostatik, bizi hobe baten bila. Baina, maiz gertatu bezala, usteak erdia ustel. «Damu naiz bere garaian hartutako erabakiaz», dio argi. «Ez naiz hobeto bizi». Zortzi hilabetez kalea izan du bizitoki. Gero, kiroldegietan egon zen, eta orain ostatu batean dago. Olinpiar Jokoen harira egindako «garbiketarekin» bere lagun asko kanporatu egin dituztela salatu du; baita, hasieran, bera ere. «Baina orain ostatu batera eraman naute». Han dago, haurrarekin. Irmo dio: «Lepoa jokatu nuke haur bat dudalako dela, baina Jokoak bukatutakoan berriz ere kalean utziko gaituztela».

«Lepoa jokatuko nuke haur bat dudalako nagoela ostatu batean, baina Jokoak bukatutakoan berriz ere kalean utziko gaituzte» 

MAMAWAEtxerik gabea 

Asiloa eskatzeko aukera zuen: «Baina, ikusitakoak ikusita, ez zidaten emango». Urtebeteko haur bat du; beraz, bere buruarengan baino gehiago, haurrarengan pentsatzen du; erabakiek zein ondorio ekar diezazkioketen txikiari. «Ez nuen haren bizitza arriskuan jarri nahi». Ahots irmoz dio: «Paris oso arrazista da, baita Polizia ere. Poliziarengandik tratu txarra baino ez dut jaso». Hortik datorkio itxaropen falta. —Elkarrizketa egin bitartean lau alditan etorri da Polizia ingurura— «Kalean nengoela alde egiteko esan zidaten, herrialde honen edertasuna zikintzen nuela eta nire herrialdera itzultzeko». Argi du Olinpiar Jokoetan egin nahi izan duten garbiketa ez dela salbuespena, «eguneroko ogia» baizik. Bere haragitan bizi izan du. Horregatik du argi datorren astean kalean utziko dutela.

Jules Boykoff AEBetakoa da, Zientzia Politikoen ikertzailea eta What are theOlympics for?(Zertarako dira Olinpiar Jokoak?) liburuaren egilea. Argi utzi du: «Arazo izugarri bat da hau. Olinpiar Jokoak izan diren hiri guztietan gertatu da, eta oso larria da. Nire begiekin ikusi dut». Segidan hainbat datu eman ditu: Seulen, 1988an, 800.000 pertsona kanporatu zituzten, Olinpiar Jokoetarako azpiegiturak eraiki behar zituztela argudiatuta; Atlantan 9.000 etxegabe izan ziren kaltetuak. Preso eraman edo autobus txartel bat eman zieten hiritik joateko; Pekinen miloi bat bat izan ziren, eta Rion, 77.000. Horietako asko, faveletan. «Baina batez ere nabarmendu nahi dut zenbaki horien atzean daudenak pertsonak direla. Tokion bi emakume ezagutu nituen, bi aldiz etxegabetu zituztenak Olinpiar Jokoen erruz. 1964an eta 2020an. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ez du ezer egiten horren aurka».

Adingabeen begirada

Egoera zaurgarrienetako batean daudenak etorkin adingabeak dira. Ba Alsim eta Abdou Gineatik iritsi ziren Parisera, duela hilabete batzuk. Ez zuten elkar ezagutzen. Kalean egin dira lagunak. 16 urte ditu batak, eta 17 besteak. Mamawaren antzera, «bizimodu hobe baten bila» iritsi ziren Parisera. «Eskolara joan nahi dugu, ikasketa batzuk izan, lan egin, gure familiei laguntzeko. Izan ere, gure herrialdean ez dugu horretarako aukerarik».

Baina iritsi eta berehala hasi zen amesgaiztoa. Begiradan nabari zaie sufrimendua. «Adingabea izanda, Poliziak harrapatu eta galdetegi bat egiten dizu. Esan zidaten ez nintzela adingabea, eta nik ezin nuen kontrakoa frogatu. Kalean bizi behar izan nuen hilabete asko. Oso gogorra eta bortitza izan zen, eta nahiago dut horretaz ez hitz egin», azaldu du Ba Alsimek, ia malkotan.

Abdou ezkerrean eta Ba Alsim eskuinean. Biak Saint Deniseko zubipetik kaleratu zituzten Olinpiar Jokoak hasi aurretik.
Abdou, ezkerrean, eta Ba Alsim, eskuinean. OLI ARTOLA APEZTEGIA

Hilabete batzuen ostean, lortu du adingabea dela frogatzea. «Behintzat, orain, estatuak eskaintzen duen babes sistema horren barruan nago». Ez, ordea, bere lagunetako asko: adibidez, Abdou. Bere egoera azaldu du:  «Estatuak kiroldegi edo gimnasio deitzen dien horietako batean egiten dut lo gaur egun. Baina 09:00etan irten behar izaten dut handik, eta 19:00ak arte ezin naiz itzuli. Egun osoa kalean eman behar izaten dut». 

Ba Alsim egoera hori bizitakoa da. «Oso gogorra da. Gimnasiotik atera, eta ez dakizu nora joan. Ez daukazu zereginik, ezta metroko txartel bat hartzeko dirurik ere. Metroan, gainera, Poliziak kontrol oso zorrotzak egiten ditu, baita kalean ere. Are gehiago Jokoetan. Zauden tokitik alde egiteko esaten dizute, baina ez daukazu nora joan». 

«Metroan, Poliziak kontrol oso zorrotzak egiten ditu, baita kalean ere. Are gehiago Jokoetan. Zauden tokitik alde egiteko esaten dizute» 

BA ALSIM Etorkin adingabea

Txarrenetik zerbait ona ateratzea lortu dute. «Kolektibo moduan indartu egin gara, eta gehiago batu. Elkarri izugarri lagundu diogu, eta hainbat toki ere okupatu ditugu. Aurrera egiteko modu bakarra izan da, Parisen geratzeko. Guk ez dugu hemendik alde egin nahi», diote, indarrez. Alsimek azaldu du zein den bere ametsa. «Kolektibo moduan eskolara joan nahi dugu, lanbide bat ikasi, eta Parisko gizartearen parte izan. Nik Lehen Mailako futbolari izan nahiko nuke, baina jakitun nago zaila dela. Beraz, iturgina izan, familiari lagundu eta lasai bizitzearekin konforme egongo nintzateke».

Gaur itzaliko da suziri olinpikoa. Baina Saintseko zubiaren azpian bizi ziren pertsona zaurgarrien etorkizuna aspaldi itzali zen, Jokoek eraginda. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.