Ausardia, konfiantza eta teknika. Horiek dira Pau Etxaniz piraguistaren ezaugarri nagusiak. Bada, hirurak uztartuz handia egin du Vaires-sur-Marneko kanalean. Finalean, jostorratzarekin eta josteko makinarekin bezain zehaztasun handiarekin aritu da. Horixe baitu bere beste pasioa, piraguismoarekin batera. Abiada bizian gainditu ditu zirkuituko 23 ateak, eta 19. atea jo duen arren, podiumaren hirugarren eskaileran amaitu du, K1 eslalomean. Loria dastatu du 23 urterekin, eta etxera eramango du sari preziatua: domina olinpikoa. Euskal Herriko kirolari batek Parisko Olinpiar Jokoetan lortzen duen lehenbizikoa da. Piraguismoak beste domina bat eman dio Euskal Herriari, azken hiru Olinpiar Jokoetan Maialen Chourrautek lortutakoen ostean. Giovanni De Genaro italiarrak urrea irabazi du (88.22), eta Titouan Castryck bretoiak zilarra (88.42).
Finalera ozta-ozta sailkatu ostean, lehen piraguista izan da jaitsiera erabakigarria egiten, eta sekulakoa izan da. Txiki utzi du finalerdietan egin duen denbora. Ausart abiatu da, ohi duen bezala. Bizi nabigatu du, eta konfiantzaz aurre egin dio ate bakoitzari, kayaka dotore gobernatuz, eta dituen gaitasun teknikoak bete-betean erakutsiz. Geraezin aritu da. Pena izan da hemeretzigarren atea jo izana. Baina, hala ere, abiadura bizian igaro ditu azken lau ateak. Denbora ikusgarria izan da: 88.87.
Etxanizen denbora denetan onena izan da tarte batez, De Genarok aurre hartu dion arte. Sei piraguista falta ziren jaisteko, tartean Joseph Clarke eta Titouan Castryck faboritoak. Castryckek Etxanizen denbora gainditu du. Ikustekoa zen donostiarraren sufrimendua, baita kanalaren bestaldean zeuden Xabier Etxaniz entrenatzaile eta aitarena, eta Maialen Chourraut eta Miren Lazkano piraguistena. Clarke izan da jaisten azkena, eta trabatu egin da ate batzuetan. Hark helmuga igaro ostean, eromena, malkoak eta txaloak. Kanal osoan entzun dira.
«Une oro garbi izan dut zer egin, eta, zorionez, ondo atera da. Jaitsiera ia perfektua izan da: pena da ate bat jo izana. Baina lortu dudana historikoa da»
PAU ETXANIZPiraguista
Oroigarria eskuan zuela, eta brontzezko domina lepoan, pozez kabitu ezinda zegoen Etxaniz. Sinesten ahal zuen lortutakoa? Berehala erantzun du, ausart. «Bai, noski, domina hementxe dago. Askotan amestu dut jaitsiera horrekin, eta egin dut». Finalean «oso bizi eta aske» nabaritu du bere burua. «Une oro garbi izan dut zer egin, eta, zorionez, ondo atera da. Jaitsiera ia perfektua izan da: pena da ate bat jo izana. Baina lortu dudana historikoa da». Domina irabazi duela baieztatu arteko denbora «oso luze» egin zaio, kontatu duenez. «Baina banekien denbora ona zela, eta zaila izan arren banituela aukerak dominak lortzeko». Segidan etorri dira eskaintzak. «Hau nire familiarena eta lagunena ere bada, une oro nigan sinetsi dutelako. Irabazteko asmoz irten naiz, eta, hala aterata, arrisku gutxiago duzu galtzeko. Nork bere buruan sinestea da gakoa».
Jaitsiera «perfektua»
Hunkituta eta oso pozik zegoen Xabier Etxaniz, Pauren aita eta entrenatzailea. «Bihotz handiz jaitsi da, eta gai izan da azken hilabeteetan teknikoki eta mentalki landu dugun hori erakusteko». Jaitsiera «perfektua» izan da. «Plastikoki, teknikoki, fisikoki eta estrategikoki ikusgarria izan da». Aita gisa, «oso harro» zegoen. «Ez bakarrik hau lortu duelako, baizik eta bizitzan pozik ikusten dudalako. Niretzat oso garrantzitsua da hori: bai kirolean bai hartatik kanpo zoriontsu da, eta horrek balio du».
«Oso harro nago. Ez bakarrik hau lortu duelako, baizik eta bizitzan pozik ikusten dudalako. Niretzat oso garrantzitsua da hori: bai kirolean bai hartatik kanpo zoriontsu da»
XABIER ETXANIZ Piraguismoko entrenatzailea eta Pau Etxanizen aita
Etxanizek behetik gora egin du. Izan ere, ozta-ozta sailkatu da finalerdietarako. Ez du jaitsiera txarra egin, baina, espero bezala, maila oso handia izan da: lehian izan diren hogei piraguistetatik hamahiruk 100 segundotik beherako marka egin dute, besteak beste Etxanizek, eta horietatik 11k 95etik beherakoa. Garesti zegoen, beraz, sailkapena, eta Donostiako piraguistak 96.11ko denbora egin du. Marka hobea izango zen bederatzigarren atea jo izan ez balu, horrengatik bi segundoren zigorra jarri baitiote. Azkenean, harentzat izan da finala jokatzeko azken tokia, hamabigarrena. Baina jaitsiera erabakigarrian hirugarren izan da, eta horrek balio du, hori oroituko da.