Amaitu dira Parisko Olinpiar Jokoak, itzali da zuzi olinpikoa, eta emaitzei erreparatzeko garaia da. Euskal Herriko kirolariak Tokiokoetan bezala aritu dira. Orduan bezala, zortzik lortu dute domina. Bakarka, 2021ean bezala, batek lortu du; oraingo honetan ere, piraguismoan. Pau Etxaniz izan da, K1 eslalom kategorian. Brontzezkoa izan da domina. Taldekako kiroletan, futbolean, Aimar Orozek, Jon Pachecok eta Beñat Turrientesek urrea kolkoratu dute; hiruko saskibaloian, Gracia Alonso Armiñonek zilarra,eta, eskubaloian, Kauldi Odriozolak, Imanol Gartziandiak eta Sergei Hernandezek brontzea. 11 kirolarik lortu dute, berriz, diploma olinpikoa: Alberto Munarrizek, Joan Duruk, Nadia Erostarbek, Naia Lasok, Jon Rahmek, Jose Maria Basterrak, Rafael Villalongak, Irene Paredesek, Oihane Hernandezek, Lucia Garciak eta Elene Letek.
Piraguismoa
Pau Etxaniz
Sinesmenaren domina
Pariskoak estreinako Olinpiar Jokoak zituen Pau Etxanizek. Uretan erakutsi ohi duen ausardia berberarekin, argi esan zuen lehiatu aurretik: «Domina lortzea posible da». Esan eta egin. Brontzea kolkoratu zuen. Finalerditarako urratsa estuasunik gabe egin ostean, ozta-ozta igaro zen finalera. Bertan jaitsiera «perfektua» egin zuen: 88.87. Ausart eta konfiantzarekin nabigatu zuen. Azken, txanpan ate bat jo, eta bi segundoren zigorra jarri zioten; bestela, urrea lortuko zukeen. «Disfrutatzea izan da domina lortzeko gakoa».
Maialen Chourraut
Urrun izan du laugarrena
Olinpiar Jokoetan laugarren domina lortzeko aukera zuen Maialen Chourrautek. Bi probatan lehiatu zen. Baina bai batean bai bestean urruti izan zituen dominak. K1ean azkena izan zen finalean, eta kayak-krosean final-laurdenetan kanporatu zuten. «Ez dira nire ametsetako Olinpiar Jokoak izan. Hau bizitzea oso gogorra da», aitortu zuen.
Miren Lazkano
Konforme, baina ez asebeteta
Miren Lazkano piraguista ere bi kategoriatan lehiatu zen. C1ean finalerdietarako sailkatzea zuen jomuga, baina mugarri hori gainditu, eta finalera iritsi zen. Bi segundorengatik ez zuen diploma olinpikoa lortu, hamargarren izan baitzen. Kayak-krosean ez zuen lehen kanporaketa gainditu.
Begoña Lazkano
Pozik amaitu du
«Saiatu naiz nire bertsiorik onena ateratzen, eta nire ustez, lortu dut. Pozik nago», adierazi zuen Begoña Lazkano piraguistak bere jarduna amaitu ostean. K1eko 500 metroko proban lehiatu zen, eta finalerdietarako sailkatzea lortu. Hor kanporatu zuten, eta, denborak kontuan hartuta, 25. tokian bukatu zuen.
Futbola
Jon Paceho, Beñat Turrientes eta Aimar Oroz
Sufrituta lortutako urrea
Urrezko domina lepoan dutela itzuli dira etxera Jon Pacheco, Beñat Turrientes eta Aimar Oroz. Finalean 5-3 menderatu zuten Frantzia. Baina Espainiaren laugarren gola 100. minutuan iritsi zen. Partida zoroa izan zen, sufritu egin zuten, eta emaitza da horren isla. Hiruren artean Aimar Oroz izan zen gehien jokatu zuena. Pacheco eta Turrientes gutxiago aritu ziren. «Urrea irabazteko helburuarekin etorri ginen, eta lortu dugu. Orain, gozatzeko garaia da». Ibai Gomezek eta Nowand Lorenzok ez zuten multzoen fasea igaro Dominikar Errepublikarekin.
Irene Paredes, Oihane Hernandez, Lucia Garcia eta Elene Lete
Modurik gogorrenean
Urrezko domina irabazteko hautagai nagusietako bat zen Espainia. Itxaropen horrekin joan ziren Parisera Irene Paredes, Oihane Hernandez, Lucia Garcia eta Elene Lete, baina finalerdietan Brasilen aurka 4-2 galdu, eta akabo urrearen ametsa. Brontzea lortzeko partidan, azken jokaldian penalti bat izan zuten alde, berdintzeko, Alemaniaren kontra. Baina huts egin zuten. Gogorra izan zen amaiera.
Eskubaloia
Kauldi Odriozola, Imanol Gartziandia eta Sergei Hernandez
Brontzearekin gustura
Sufrituta lortzen diren garaipenak bereziagoak izaten dira askotan. Halaxe gertatu zaie Kauldi Odriozolari, Imanol Gartziandiari eta Sergei Hernandezi Parisen lortutako brontzezko dominarekin. Hura lortzeko partidan gol baten aldeaz baino ez zioten irabazi Esloveniari: 23-22. Hirurak gustura ziren lortutakoarekin.
Lysa Tchaptchet eta Maitane Etxeberria
Garaipenik gabe
Lau partida, eta lau porrot. Lysa Tchaptchetek eta Maitane Etxeberriak ez dute esperotako estreinaldia izan Olinpiar Jokoetan. Multzoen fasean geratu baitziren kanpoan. Etxeberriak, gainera, aurretik utzi behar izan zituen Jokoak, zuntz haustura batengatik.
Hiruko saskibaloia
Gracia Alonso de Armiño eta Hortense Limouzin
Domina, eta etsipena
Gracia Alonso de Armiñok «urrea bezainbat balio duen zilarra» lortu zuen Espainiako selekzioarekin. «Saskibaloiak egin didan oparirik handiena da». Ezustean sartu ziren finalerdietara, eta finalean lau punturen aldea ere lortu zuten Alemaniaren kontra. Baina puntu baten aldeaz galdu zuten: 17-16. Hortense Limozin dominetako bat kolkoratzeko hautagaietako bat zen Frantziarekin, baina ez zuen lortu multzoen fasea gainditzea ere.
Arrauna
Virginia Diaz
Ahaleginak zamatuta
Tokion ez bezala, bakarka lehiatu zen Virginia Diaz. Erronka handia zen. Final-laurdenetan egin behar izan zuen ahalegina, eta finalerdietan ordaindu egin zuen. Bere estropadako azkena izan zen, eta ezin izan zen egon dominak eskuratzeko lehian. B finalean aukera zuen diploma olinpikoa lortzeko, baina ez zuen lortu, hor ere azkena izan baitzen.
Atletismoa
Asier Martinez eta John Cabang
Bata ezinean, eta bestea min hartuta
Asier Martinezek burumakur amaitu zituen Parisko Olinpiar Jokoak. «Ez naiz ondo lehiatu», onartu zuen. Finalerdietako langa ezin izan zuen gainditu, bosgarren izan baitzen bere lasterketan. John Cabagnek, bestalde, min hartu zuen lehiatu bezperako entrenamenduan. Horren ondorioz, sailkapen proban kontrakarrean aritu zen, eta bigarren aukeran ez zen lehiatu. «Triste nago, baina mendeku gogoz».
Tessy Ebosele
Lehen aldi mingotsa
Mingotsa eta gogora izan zen Tessy Eboseleren parte hartzea luzerako jauziko proban. Sailkatze fasean 6.02 metrokoa izan zen haren jauzirik onena, eta urruti geratu zen aurrera egiteko behar zuten gutxieneko markatik: 6.75. Sailkapen fasean amaitu zen haren jarduna. «Ez da nahi nuena, baina mina energia on bihurtu nahi dut».
Maajida Maayouf
Lan ona eginda
Gogorra izan zen maratoia, eta Maajida Maahyoufek ondo daki hori. Helmugaratu eta gurpil aulki batean eraman behar izan zuten, beroarengatik eta nekearengatik. Hamazazpigarren amaitu zuen, 2.28.25eko denbora eginda. «Oso pozik nago, behingoz aukera izan dudalako Joko batzuetan parte hartzeko».
Belar hockeya
Jose Maria Basterra eta Rafael Villalonga
Gertu izan dute domina
Diploma olinpikoarekin konformatu behar izan dute Jose Maria Basterrak eta Rafael Villalongak. Final-laurdenetan, ordu arteko txapeldun olinpikoa izan zuten aurrez aurre, Belgika, eta 3-2 irabazi zioten. Finalerdietan, ordea, Herbehereetako taldea nagusitasunez gailendu zitzaien. Brontzea, lortzeko norgehiagokan 1-0 jarri ziren aurretik; azkenean, ordea, Indiak 2-1 irabazi zuen.
Boxeoa
Oier Ibarretxe
Bakarra jokatu ahal izan du
Aurreneko kanporaketan amaitu zen Oier Ibarretxeren parte hartzea, lehen borrokaldian galdu baitzuen. Nahigabetuta irten zen ringetik, baina berehala aldatu zitzaion aldartea: «Asebeteta nago egin dudan lanarekin. Beharbada, patxada handiagoa eduki izan banu, gauzak bestela izango ziren».
Golfa
Jon Rahm
Azken txanpan, dominarik gabe
«Min handia ematen dit gertatutakoak, eskura bainuen domina». Jon Rahm kritiko mintzatu zen Jokoetan egindako lanari buruz. Lehen postuan iritsi zen lehiaketaren azken egunera. Egun horretan ere bikain hasi zen, baina ibilbidearen bigarren zatian ez zen fin aritu, eta bosgarren amaitu zuen.
Carlota Ziganda
Onenengandik urrun
Denboraldi ona osatzen ari zen Carlota Ziganda, baina, Olinpiar Jokoetan, ohikoa duen mailatik oso urrun ibili da. «Behar baino askoz bogey gehiago egin ditut, eta ez naiz batere gustura aritu». 59 golf jokalari lehiatu ziren, eta Ziganda 49. izan zen.
Gimnastika erritmikoa
Salma Solaun
Hanka sartzea garesti atera zaie
Faboritoen artean zegoen arren, Espainiako gimnastika erritmikoko taldeak huts larriak egin zituen kanporaketan, batez ere bost uztaien ariketan. Horren ondorioz, domina irabazteko aukerarik gabe gelditu zen Salma Solaun. Hamargarren bukatu zuten, eta zortzik zuten tokia finalean.
Saskibaloia
Xabi Lopez Arostegi eta Dario Brizuela
Multzoen fasean, agur
Xabi Lopez Arostegik eta Dario Brizuelak multzoen fasea jokatuta esan zieten agur Olinpiar Jokoei. Espero bezainbeste jokatu zuten, baina kanporaketak jokatu ez izanaren arantzarekin bukatu zuten.
Skateboradinga
Naia Laso
Min hartu arren, diploma eskuan
Zazpigarren amaitu zuen parkeko skateko finalean Naia Lasok, 86,28ko puntu eskuratuta. Finalerdietan min hartu zuen gerrialdean, eta mina kentzeko eta finalean lehiatu ahal izateko infiltrazio bat jarri behar izan zioten. «Pozik nago diploma lortu eta helburua betetzeagatik. Balio handia ematen diot».
Alain Kortabitarte
Finalerako urratsa egin ezinik
Bazekien zaila izango zela, baina Alain Kortabitartek itxaropena zuen parkeko skateko finalean egoteko. Ez zen posible izan, ordea. Kortabitarte hemeretzigarren izan zen finalerdietan, eta lehen zortzi sailkatuek baino ez zuten aurrera egin. Dena den, amets bat beteta itzuli da etxera.
Surfa
Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez Etxabarri
Olatuek ez dituzte harrapatu
Nadia Erastorbek munduko surf zirkuituan erakusten ari den hori berretsi zuen Jokoetan: onenen pare aritu daitekeela. Final-laurdenetara ailegatu, eta bosgarren amaitu zuen. Hala, diploma olinpikoa eskuratu zuen. Janire Gonzalez Etxabarrik ezin izan zuen lehen kanporaketa gainditu, baina etorkizun oparoa du.
Joan Duru eta Andy Criere
Uretan guztia emanda
Joan Duru diploma olinpiko bat besapean zuela bueltatu zen Tahititik, bosgarren postuan amaitu baitzuen txapelketa. Andy Crierek ezin izan zuen bigarren kanporaketa gainditu, baina Jokoetan parte hartzea «ikasgai handia» izan zela azaldu zuen, eta uretan dena eman zuelako irudipena zuela.
Tiroa
Sebastien Guerrero
Doitasun handirik gabe
Ezin izan du iazko Munduko Txapelketan lortutako emaitza berdindu Sebastien Guerrerok. Hasieran, huts egin, eta ez zuen sailkapen fasea gainditzerik izan. Hemeretzigarren postuan sailkatu zen lapurtarra.
Txirrindularitza
Oier Lazkano eta Alex Aranburu
Beste esperientzia bat
Alex Aranburuk eta Oier Lazkanok bazekiten oso zaila izango zela onenen pare aritzea, eta hala izan zen. Aranburuk hemezortzigarren bukatu zuen errepideko proba; Lazkanok, berriz, 35. Azkenean, Lazkano erlojuaren aurkakoan lehiatu zen, eta 26. postuan sailkatu. Eskarmentu handiagoa eskuratu dute halako txapelketetarako.
Waterpoloa
Alberto Munarriz
Helburua urrun
Alberto Munarrizek esana zuen: «Kanporaketak iristean ondo egotea da garrantzitsuena, hor erabakitzen baita dena». Eta hor egin zuten kale. Kroaziaren aurka galdu zuen Espainiak final-laurdenetan, munduko egungo txapeldunaren aurka. Seigarren amaitu zuten, bosgarren posturako partidan Greziaren kontra galdu eta gero. Diploma olinpikoa lortu arren, ez dira gustura geratu.