Buambo, Suomahoro, Mbokolo, Djemba.... Denak daude ilara berean. Parisko udaletxearen pare-parean elkartzen dira arratsaldero, nahiz eta oinezkoentzat ikusezinak izan. Bronzele (27) ere bertan da. Familiak gizon batekin ezkontzera behartu nahi zuelako egin zuen ihes Kinshasatik. Kongoko Errepublika Demokratikotik Turkiara joan zen, hegazkinez, eta handik, itsasoz, Greziara: «Airez puzten diren txalupa horietako batean pasatu ginen. Beldur nintzen. Hiru urte luze eman nituen han. Abenduan iritsi ginen Parisera». Gomer (6) semea harat-honat dabil. «Ezagutzen ez nuen gizon batekin ezkondu nahi ninduten. Niretzat opari bat zutela esan zidaten gau batean. Zaharra zen».
Missingaren (31) istorioa antzekoa da. Fatoumatak (29) arrazoi berberengatik egin zuen ihes Bamakotik (Mali). Afrikan 125 milioi dira 18 urte bete baino lehen ezkontzera behartzen dituzten neskatoak.
Ikusi gehiago
Bronzel, Missinga eta Fatoumatak ez dakite non pasatuko duten gaua. Soumahorok, Bumabok, Mbokolok eta Djembak ere ez. Udaletxearen aurrean elkartzen dira arratsaldero, errenkadan, egunean behin behintzat jan ahal izateko. Gobernuz kanpoko erakundeek janaria eta arropa eramaten diete. Gaur haurrentzako jostailu batzuk ere ekarri dituzte. Missingaren semeetako batek liburu bat hartu du esku artean. Utopia 56 elkarteko kideak, berriz, lo egiteko lekuren bat bilatzen saiatzen dira bakarrik dauden emakumeentzat eta adingabeentzat. Kalilek (14) hurrenkeran esan ditu zeharkatu dituen herrialdeak: «Ginea Konakry-Mali-Niger-Libia-Italia-Frantzia». Ez du gehiago hitz egin nahi. «Bidean galdu egiten da gizaki egiten zaituena».
Parisko udaletxearen aurrealde apainari begira ari da mutikoa. Afixa erraldoiak paratu dituzte: Paris 2024. Olinpiar Jokoei begira agintariek hiriaren irudi polita islatu nahi dute, baina gobernuz kanpoko erakundeek salatu dutenez, «garbiketa soziala» egiten ari dira «miseria ezkutatzeko». Datorren igandean agerraldia egingo dute, izan ere, ekitaldirako bi hilabete eskas geratzen diren honetan, operazioak areagotu dituzte. Poliziak kaleko hainbat kanpaleku desegin ditu azken asteetan, eta hainbat eraikin okupatu hustu. Paris, argiaren hiri da, baina itzalak ere baditu, eta zulo beltzak.
Asko eta asko dira kalean lo egiten duten immigranteak. Senaren ertzetan kanpin denda bakan batzuk geratzen dira. Pont Marie metroaren sarrera-irteeran, berriz, kanpaleku handi bat ezarri dute paperik ez dutenek. Koloretako itsaso bat da eraikin grisen azpian. Grenier sur L’eau kale txiki eta estuan ere sei kanpin denda ikus daitezke, grisak eta urdinak, tapakiekin tapatuta. Sauval Kaleko arkupeetan beste bost. Nelson Mandela parkearen bazter batean multzo bat. Louis Aragon plazan hamar bat. Saint Jacques dorrearen aurrealdean pare bat...
Hiri aseptikoa
Liberation-ek Indesirables izenburua jarri zion duela gutxi argitaratutako lau orrialdeko erreportajeari. Editorialean hiri aseptiko bat nahi dutela salatu zuen. Le Monde egunkariak ere zabal landu du auzia, arazoa endemikoa dela adieraziz. Beste hiri olinpikoetan jokaerak antzekoak izan direla ere zehazten zuen egunerokoak.
«Paristik kanporatu nahi dituzte». Francesca Morassutek (Udine, Italia, 1996) urte asko daramatza immigranteei babesa ematen. Utopia 56ko kidea da: «Calaisko kanpalekuan egon nintzen bi urtez, kanpalekua erabat hustu zuten arte. Otsailetik Parisen nago, koordinatzaile lanetan». Utopia 56 gobernuz kanpoko erakundea 2016an eratu zen, eta lan itzela egiten du kalean bizi diren etorkinei babesa emateko. «Parisen ehunka eta ehunka dira kalean dauden immigranteak. Asilo eskaerak egitera etortzen dira, hemen baliabide gehiago daudela uste dutelako, baina egoera latza da. Etxegabeentzako larrialdiko 120.000 toki daude, baina beteta daude, eta ehunka lagunek kalean lo egin behar izaten dute».
Louison Lemarie lankidearekin batera ari da ilaran daudenei datuak hartzen, banan-banan. Asko eta asko egunero joaten dira. Lemariek haietako batzuen izenak ere ikasi ditu: «Batzuk egunero datoz. Aplikazio bat daukagu, eta informazio orokorra eskatzen diegu, bereziki zein egoeratan dauden jakiteko. Datu basean sartzen ditugu. Gizarte laguntzailearengana joan ote diren galdetzen diegu, eta 115 zenbakira deitu ote duten».
Larrialdi sozialetarako zenbakia da 115; dena den, maiz ez du inork telefonoa hartzen. Bronzel, Missinga eta Fatoumatak egunero deitzen dute 115era. «Gutxitan hartzen dute, eta, hartzen dutenean, ez digute askorik laguntzen. Elizara joaten gara orduan», esan du Bronzelek. Berez, urteko egun guztietan, asteko zazpi egunetan, 24 orduz, ematen du arreta telefonoak.
Utopia 56 Frantziako Estatuaren hutsunea betetzen ari da. Morassutek azaldu duenez, beraiek erakunde independente bat dira, eta ez dute azpiegiturarik kalean daudenei babesa emateko: «Boluntarioak gara, ez dugu aterperik, baina egoerarik zaurgarrienean daudenen pertsonentzat lotarako leku bat bilatzen saiatzen gara; bakarrik dauden emakumeentzat, seme-alabak dituztenentzat, adingabeentzat... Sare bat daukagu. Jendeak etxea uzten die, batzuetan gau bakar baterako, besteetan hirurako, astebeterako... Oraintxe, 50 lagun ditugu sare honetan, baina ez da aski. Sareak ez du bermatzen denentzat lekua egongo denik. Kalean lo egitea da aukera bakarra askorentzat, zubi azpian, edo elizaren batean. Batzuetan hilabeteetako haurrak dira, bakarrik dauden emakumeak. Batzuek hilabeteak daramatzate horrela».
Homayoon (44) atzealdean dago. Ilaran dauden emakumeei arreta eman ostean iritsi da Lemarierengana. Elkar agurtu dute. Mohammad, 13 urteko semea, ez da aitarengandik urruntzen. «Takhar hirian jaio nintzen, Afganistan iparraldean. Emaztea umea jaiotzean hil zen. 2015ean jaioterritik ihes egitea erabaki nuen. Sei hilabete eman nituen oinez semearekin». Homayoon irakaslea zen jaioterrian, eta talibanengatik egin zuen ihes: «Eskolak debekatu zituzten. Korana dute eskuan, eta musulmanak direla diote, baina terroristak dira, diktadoreak dira. Ni tajik naiz, eta talibanak paxtunak dira. Ez da erraza han bizitzea. Afganistanen ez dago bakean bizitzerik».
Eskolen kontrako erasoak hartu ditu hizpide begi ilun eta azal urratuko irakasleak. Ehunka eskola itxi dituztela dio. Kuz Kunarren, Bodyalaiko nesken eskolan, bonba bat leherrarazi zuten 2015ean. Harrezkero, ehunka eraso izan dira: 2017an 68 eskolari eraso zieten, eta 2018an, 92ri. «Milaka eskola itxi dituzte. 2021etik egoera makurragoa da, bereziki emakumeentzat. Debekatua dute eskolara joatea, eta klandestinitatean ikasi behar dute».
Gaur ere kalean egin beharko dute lo Homayoonek eta Mohammadek. «Tarteka elizara joaten gara lotara, baina gehienetan kalean egiten dugu lo. Ingelesez, frantsesez, dariaz eta persieraz hitz egiten dut, baina ez daukat lanerako aukerarik; musulmanak gara, paperik gabeak». Odisea bat bizi izan dute aitak eta semeak: «Austrian, Spayer Staat hirian lanean aritu nintzen, baina han jarraitzeko erlijioa aldatu behar nuen, eta ni musulmana naiz. Gero, Alemaniara joan ginen. 2019an, Frantziara etorri ginen. Tolosa, Albi eta Montpellierren [Okzitania] egon gara bizitzen, eta orain Parisen». Mohammadek adi entzuten ditu aitaren hitzak, baina ez du ezer esaten. Aitak samurtasunez begiratzen dio semeari, eta eskutik heldu dio.
Sarekadak
Polizien sarekadak hasi zirenetik beldurrez bizi dira. Kanpin denda bat badute, baina badakite edonoiz kanporatu ditzaketela. Tarteka indarkeriaz hustu dituzte kanpalekuak, eta negar gasa ere baliatu izan dute. Astean bitan edo hirutan husten dituzte behin-behineko kanpalekuak. Batez ere, bakarrik dauden etorkinak bizi dira horietan, asko eta asko adingabeak. Horien egoera bereziki zaurgarria da. Frantziako legediaren arabera, estatuak babestu egin beharko lituzke, baina izapideak eternalak dira, eta asko linbo batean daude. «Askotan, paperik gabe daude, eta zaila daukate frogatzea adingabeak direla. Epaileengana bideratzen dituzte halakoetan. Frantzian, bakarrik dauden 3.500 adingabe daude, gutxienez, eta horietatik mila baino gehiago kalean bizitzen». Luc Viger Utopia 56ko beste kide bat da. Olinpiar Jokoen atarian kanpalekuak maizago eraisten dituztela esan du: «Lehen, bi hilabetetik behin husten zituzten, baina, orain, astean bitan edo hirutan. Pertsona hauen egoera gero eta ezegonkorragoa da. Segurtasunaren izenean ari direla diote, baina garbiketa soziala da».
Parisen Paris asko daude, akaso pertsonak bezainbeste. Pantin XIX. barrutian dago, hiriburuaren ipar-ekialdean, aldirietan. Han erloju lantegi bat izan zena okupatu zuten duela urtebete hainbat lagunek, etorkinek lo egiteko leku bat izan zezaten. Afixez betetako ate urdinean kolorez margotu dute izena: La Trotteuse. Barruan, eguneko bazkaria prestatzen ari dira hainbat lagun. Egun, 40 bat etxegabe daude han bizitzen, gehienak immigranteak. Federica eta Broc patatak zuritzen ari dira. «Ez dakigu noiz etorriko diren hau hustera», esan dute aho batez, baina irribarrea galdu gabe. Baudin kaleko eraikina indarrez hustu zuten hilaren hasieran, eta hurrengoa beraiena izan litekeela diote: «Pre-Saint-Gervaiseko eraikinean goizaldean sartu ziren, indarrez. 30 lagun inguru bizi ziren han. Hemendik gertu dago».
Azken asteetan antzeko eraikin gehiago hustu dituzte. Kasu batzuetan, beste hiri batzuetara joateko aukera ematen diete paperik gabekoei. Autobusak jartzen dizkiete eskura, baina etorkinek normalean ez dute joan nahi, besteak beste, asilo eskaeren tramiteak etenda geratzeko beldur direlako edo adina frogatzeko hitzordu judizialak dituztelako. Hegoaldeko auzo pobreetan ere hustu dituzte eraikin okupatuak. Apirilaren hasieran, Vitry-sur-Seineko lantegi zahar batean zeuden 450 immigranteak kanporatu zituzten. Tolosa, Bordele, Angers, Estrasburgo edo Besançonera eraman nahi zituzten, hiriburutik ehunka kilometrotara. Hiru asterako babeslekua ziurtatu zieten arren, etorkinek ez zuten joan nahi. Orleansko alkateak alerta eman zuen. Serge Grouarderen arabera «ezkutuan» egiten ari ziren lekualdaketak: «Harrigarria da. Estatuko egituretara jo dugu kontu eske, eta ez dugu erantzunik jaso».
L’Ile Saint Denis iparraldeko auzoan ere hainbat eraikin hustu dituzte. Han pilatzen ziren paperik gabeko gehienak. Unibeton deitzen zioten han okupatutako eraikinik handienari, porlan lantegi bat izandakoari. 2020tik 400-500 lagun inguruk topatu zuten han aterpea, baina, joan den apirilaren 26an, kanporatu egin zituzten denak. Barruti hartan hiri olinpikoa egin dute, eta etxe berriak ere egiten ari dira, espekulazioari bide emanez. Sekulako dirutza bideratu dute estadioak eraikitzeko.
Apirilaren 3an udaletxe aurrean zegoen kanpalekua ere hustu zuten, goizaldean. Bertan 50 lagun inguru zeuden, kanpin denden eta plastiko zatien azpian. Ia denak afrikarrak ziren. Fatoumatak hilabete bat zeraman han lo egiten, hiru urteko eta hiru hilabeteko semeekin. «Hau ez da bizimodua. Etsituta nago», esan du. Ez du xehetasun gehiago eman nahi. Isiltasunak hitzek baino gehiago esaten du batzuetan.
Magassak duintasunez tratatzea baino ez du eskatzen. Sabrik eta Khaulak hiru urte daramatzate Parisen. Tunisiatik egin zuten ihes bizimodu oparoago baten bila, baina, oraindik ere, kalean bizi dira; hantxe diraute bizirik, bizirauten. Bikotearen semeak hemezortzi hilabete baino ez ditu. «Pertsonak gara; Abdallahk esnea eta fardelak behar ditu», dio amak. Sabrik bere ahotsa entzuteko eskatzen du. «Liberté, égalité, fraternité», errezitatu du zeru beltzera begira. Kadijatak, Namizatak, Eminek, Belangek eta Assitanek errenkadan jarraitzen dute.