OLINPIAR JOKOAK

Oraingoan, beste ikuspuntu batetik

Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu eta gero, Iñigo Peña eta Teresa Errandonea ez dira Parisen lehiatuko; piraguista zumaiarra ez da sailkatu, eta atleta irundarrak, berriz, otsailean erretiroa hartu zuen.

IÑIGO PEÑA ETA TERESA ERRANDONEA. BERRIA / GORKA RUBIO-FOKU
Iñigo Peña eta Teresa Errandonea kanpotik bizitzen ari dira Olinpiar Jokoak. BERRIA / GORKA RUBIO-FOKU
Iñaki Berastegi.
2024ko abuztuaren 2a
05:05
Entzun

Telebistaz, irratiz, prentsa idatzia irakurriz eta sare sozialen bitartez: hala dute Iñigo Peñak (Zumaia, Gipuzkoa, 1990) eta Teresa Errandoneak (Irun, Gipuzkoa, 1994) Parisen jokatzen ari diren Olinpiar Jokoen berri. Errandonearentzat lehendabiziko Olinpiar Jokoak izan ziren Tokiokoak, eta Peñarentzat, berriz, bigarrenak. Arrazoi ezberdinak tarteko, ez dira Parisen lehiatzen ari, eta aurtengo Jokoak beste era batera biziko dituzte.

Piraguista zumaiarrak gertu izan zuen, baina azkenerako ez zuen lortu sailkatzea. Hala, aitortu du Joko hauek etxetik ikustea «arraroa» dela. «Bai, hala da. Aurreko bi aldietan parte hartu ostean, banuen gogoa hirugarren Joko batzuk bizitzeko, baina ezinezkoa izan da. Tokion lehiatu nintzen proba jada ez da olinpikoa. Horrenbestez, beste proba batera egokitu behar izan dut ohi baino ziklo laburrago batean, eta, uste baino gertuago egon naizen arren, ez da posible izan». Hala ere, bi aldiz diploma olinpikoa lortu duen piraguista horrek dio ez dela «traumatikoa» izan kanpoan geratzea. «Banekien oso zaila izango zela sailkatzea, eta, beraz, ez da izan azken uneko kolpe bat. Egia da sailkatzetik hain gertu egoteak pena eman didala, baina hiru urte hauetan barneratuz joan naiz ez sailkatzea aukera bat zela».

Etxetik bada ere, piraguismoa eta gainontzeko kirol eta proba guztiak ikusteko irrikaz dago. «Piraguismoaz gain, atletismoa, igeriketa eta tenisa ikusi nahi ditut, bereziki. 2012ko Jokoetarako sailkatu gabe geratu nintzenean, beste sentimendu bat izan nuen, pena handiagoa sentitu nuen». Herrikide ditu Kauldi Odriozola eskubaloi jokalaria eta Janire Gonzalez Etxabarri surflaria, eta haien jardunari ere gertutik erreparatzen ari zaio —Gonzalez Etxabarri lehiaketatik kanpo geratu da—. «Ohorea da Zumaia bezalako herri txiki batentzat bi kirolari Olinpiar Jokoetan aritzea».

«Ohorea da Zumaia bezalako herri txiki batentzat bi kirolari Olinpiar Jokoetan aritzea»

IÑIGO PEÑA Piraguista

Bihar estreinakoz parte hartuko du Sellaren jaitsieran, baina abuztuan Uzbekistanen jokatuko den Munduko Txapelketa du helburu. «Fisikoki oso ondo nago, inoiz baino hobeto agian». Horiek horrela, eta hurrengo Olinpiar Jokoak oraindik «urruti» ikusten baditu ere, ezin du baztertu hurrengo ziklo olinpikoa helburu horrekin abiatzea. «Abenduan jakingo dugu zer modalitate eta distantzia diren olinpikoak 2028an. Nire ezaugarrietara ongi egokitzen badira, ziur aurrera egiteko gogoa eta ilusioa izango dudala».

Hutsunea nabari du

Teresa Errandonea 100 metroko hesiduneko atletak otsailean utzi zuen goi mailako kirola, lesioek behartuta. Bost hilabete igaro dira erabakiaren berri eman zuenetik, eta, erabakiarekin gustura dagoen arren, irundarrak aitortu du pentsamendua pixka bat aldatuz joan zaiola, eta kirolaren falta «zertxobait» nabaritzen duela orain. «Esan nuen ez nuela ikusiko Erroman jokatu zen Europako Txapelketa, eta, azkenerako, proba asko ikusi nituen».

Parisko Olinpiar Jokoei buruz antzeko zerbait esan zuen duela bost hilabete. «Hobeto nago, eta uste dut zerbait ikusiko dudala. Egiptora noa oporretara, baina kasu egingo diet Jokoei, bai». Esaterako, gorriz markatua duen proba 4x100 metroko txandakakoa da. «Lagun asko ariko dira proba horretan lehiatzen, eta ilusio berezia egiten dit. Askorentzat lehendabiziko Olinpiar Jokoak izango dira».

«John [Cabang] Olinpiar Jokoetan ikusteak ere ilusio handia egiten dit, askotan aritu baikara pista berean Donostian, entrenatzen»

TERESA ERRANDONEA Atleta ohia

Alta, zailagoa egingo zaio bere proba ikustea, 100 metroko hesiduna. «Ikusiko dut, baina min emango dit. Sentimendu kontrajarria da. Lehia handia egongo da, eta nirekin lehiatu diren atleta asko ariko dira. Amerikarrek oso azkar korrika egiten dute, baina munduko sailkapeneko lehendabiziko sailkatua gazte bat da, eta maiz aurkari izan dudan bat ere, Nadien Visser herbeheretarra, hautagaien artean egongo da».

Diziplina berean, gizonezkoen 110 metroko hesidunean, bi euskal atleta lehiatuko dira: Asier Martinez eta John Cabang. Haien jardunari ere erreparatu dio. «Asierrentzat zailak izan dira lesio osteko garaiak, baina esperientzia handiko atleta da, eta lan handia egin du azken hilabeteetan; ziur lehiaketa ona egingo duela. John Olinpiar Jokoetan ikusteak ere ilusio handia egiten dit, askotan aritu baikara pista berean Donostian, entrenatzen. Hark eta haren taldeak lan handia egin dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.