OLINPIAR JOKOAK

Olinpiar Jokoetan 43 euskal herritarrek parte hartuko dute

Futbolean arituko da euskal herritar gehien, bederatzi guztira. Horiez gainera, dominak irabazteko hautagaiak dira Alberto Munarriz waterpolo jokalaria, Maialen Chourraut piraguista, Jon Rahm golflaria eta Salma Solaun gimnasta.

Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten 43 euskal jokalariak. BERRIA
Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten 43 euskal herritarrak. BERRIA
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko uztailaren 24a
14:54
Entzun

Maialen Chourraut piraguistak 2008an parte hartu zuen lehen aldiz Olinpiar Jokoetan, Pekinen. Urte horretan jaio zen, hain justu, Naia Laso skaterra. Parisko olinpiar hirian elkartuko dira orain. Chourraut da aurtengo Jokoetan arituko diren euskal herritarretan zaharrena —41 urte ditu—, eta Laso gazteena, 15 urte baititu. Bi horiez gain, beste 41 euskal herritar lehiatuko dira aurtengo Olinpiar Jokoetan, hau da, 2021eko Tokioko Jokoetan baino hamabi ordezkari gehiago.

Euskal Herriko kirolariak Joko Olinpikoetan. OLI ARTOLA

Zenbaitek gaur bertan ekingo diote lehiaketari, besteak beste gizonezko futbolariek. Espainiako selekzioak eta Dominikar Errepublikakoak gaur jokatuko dituzte lehen partidak. Aimar Oroz, Jon Pacheco eta Beñat Turrientes Uzbekistanen aurka arituko dira. Bestalde, Dominikar Errepublikak, Ibai Gomezen gidaritzapean —Nowed Lorenzok bertan jokatzen du—, Egiptori aurre egingo dio. Emakumezkoek bihar hasiko dute Jokoetako ibilbidea. Lucia Garcia, Oihane Hernandez, Elene Lete eta Irene Paredes Espainiako selekzioarekin arituko dira, Japoniaren aurka.

Futbolaren ostean, eskubaloia da euskal kirolari gehien bilduko duen kirola. Bost euskal herritar arituko dira denera, eta Maitane Etxeberriak eta Lysa Tchaptchetek bihar jokatuko dute lehen partida. Etzi iritsiko da Imanol Gartziandiaren, Sergei Hernandezen eta Kauldi Odriozolaren txanda. Beste talde kirol batzuetan ere izango dira euskal kirolariak: waterpoloan, Alberto Munarriz ariko da; hiruko saskibaloian, Gracia Alonso eta Hortense Limouzin; belar hockeyan, Jose Maria Basterra eta Rafael Villalonga; eta, saskibaloian, berriz, Dario Brizuela eta Xabi Lopez.

Belar hockeykoak eta saskibaloikoak larunbatean hasiko dira jokatzen. Belarraren gainean batzuk, saskibaloi kantxan besteak, eta uretan ere bai zenbait. Virginia Diaz arraunlariak eta Maialen Chorraut piraguistak ere egun horretan hasiko dira lehian. Bosgarren jokoak izango dira Chorrautentzat: azken hiruretan lortu du domina, eta asmo horrekin da aurten ere. Sailkatzen baldin bada, igandean jokatuko du eslalomeko kayakeko finala.

Eslalomean ez, baina piraguismoan arituko dira Pau Etxaniz eta Miren Lazkano ere. Haiek datorren astean ekingo diote lehiaketari. Beste Lazkano bat ere Parisen da jada. Frantziako Tourra amaitu eta astebete baino gutxiagora, txirrindularitzako erlojupeko proba jokatuko du Oier Lazkanok larunbat honetan. Harekin batera, errepideko proban arituko da Alex Aranburu, abuztuaren 3an.

Parisen batzuk, eta Tahitin besteak

Asteburu honetan, Parisen arituko dira Oier Ibarretxe boxeolaria eta Ariane Toro judoka ere. Eta asteburuan bertan hasiko dituzte Olinpiar Jokoak Nadia Erostarbe, Janire Gonzalez, Andy Criere eta Joan Duru surflariek. Haiek, baina, Paristik urrun izango dituzte lehiaketak, Polinesia Frantseseko Tahiti uhartean.

Ohol gainean arituko dira aurtengo Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten euskal herritarretan gazteenak ere: Naia Laso eta Alain Kortabitarte skaterrak. Kortabitarte bezala, 2005ean jaiotakoa da Salma Soulaun. Gasteiztarra domina irabazteko hautagaia da taldekako gimnastika erritmikoan. Haren taldeak bost domina lortu ditu Munduko Txapelketetaren azkeneko bi aldietan.

Jon Rahm da Euskal Herrira domina ekarri dezaketen kirolarietako beste bat. Golflaria sasoi onean dago: irabazteko lehian ibili ostean, zazpigarren amaitu berri du Eskoziako Royal Troon irekia. Rahmen moduan, golfean arituko da Carlota Ziganda iruindarra ere. Eta, golfean bezalaxe, zehaztasuna behar da plater tiroketan. Sebastien Guerrero tiratzaile baionarra azken unean sailkatu da jokoetarako.

Jokoetako bigarren astean egingo dituzte atletismo probak. Eta horietan ere egongo dira euskal kirolariak. Luzerako jauzian parte hartuko du Tessy Eboselek, eta hesien gainetik jauzi egingo dute Asier Martinezek eta John Cabangek. 110 metroko hesidunean, Martinez hautagaien artean egongo da baldin eta sasoi onenean badago. 2022an urrezko domina lortu zuen Europako Txapelketan, eta brontzezkoa mundukoan. Iaz min hartuta egon zen, eta aurten laugarren amaitu du Europako Txapelketan. Ikusteko dago nola helduko den Parisera. Azkenik, abuztuaren 11n, Jokoetako azken egunean, Majida Maayoufek maratoian parte hartuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.