Errepikatzeko modukoa

Euskal Herritik gertu egonda, lagun asko etorri dira Parisera Olinpiar Jokoetara. Sarrerak eskuratzeko «zailtasunak» izan arren, lortu dute hainbat kirol proba ikustea.

 Iban Iriarte, erdian, Belgikako elastikoarekin. Gizonezkoen txirrindularitza proban, Lepic kaleko maldan, animatzen. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Iban Iriarte, erdian, Belgikako elastikoarekin. Gizonezkoen txirrindularitza proban, Lepic kaleko maldan, animatzen. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Olatz Artola Apeztegia.
Paris
2024ko abuztuaren 8a
05:00
Entzun

Duela hamabi urteko esperientziaren oroitzapen gozoa bizi-bizi sentitu zuten Tokioko Olinpiar Jokoetan, hurrengoak Parisen izango zirela entzutean. «Berriro gertu», pentsatu zuten; eta, jarraian, «berriro joan ahalko bagina...» Ahal izan dute, Parisen baitira. Bakoitza garraiobide batean heldu da: hegaldi bat hartuta Maria Fernandez (Iruñea, 1975), trenean Iban Iriarte (Ibarra, Gipuzkoa, 1984) eta autoan etorri dira Gorka Matute, Nagore Rebollo, Unai Azpiroz eta Eli Agirre, Andoaindik. Familian eta lagun artean etorri dira guztiak, «Londreskoa errepikatzera».

Londresko Olinpiar Jokoetara haurrik gabe joan ziren guztiak. Iriarte, esaterako, bikotekidearekin izan zen: «Oso esperientzia polita izan zen. Genuen oroitzapen onarekin, errepikatu egin nahi genuen». Hamabi urte pasatu dira ordutik, eta aldatu zaie familia argazkia. Orain koinatarekin eta seme-alabekin etorri dira. Ilusioa egiten dio esperientzia haurrekin batera bizi ahal izateak, baita Fernandezi ere: «Alabak ere giro olinpikoa ezagutzea nahi nuen. Familiako bakoitzak nazionalitate bat dugu, eta, ikuspuntu horretatik, Jokoetan aniztasuna dago. Herrialdeen artean giro polita egoten da, sanoa eta umorekoa». Helduak baino haur gehiago etorri dira Andoaindik, eta esan digute «oso pozik» daudela: «Emozioz betea izan da».

«Alabak ere giro olinpikoa ezagutzea nahi nuen. Familiako bakoitzak nazionalitate bat dugu, eta, ikuspuntu horretatik, Jokoetan aniztasuna dago. Herrialdeen artean giro polita egoten da, sanoa eta umorekoa»

MARIA FERNANDEZKirolzalea

Aurretik buruan eta ahotan bazuten ere, duela urtebete inguru hartu zuten erabakia guztiek. «Gure bikotekideak lankideak izateaz gain, bi familiak gertukoak gara. Uda kanpin berean pasatzen dugu. Duela lau urte, Tokioko Olinpiar Jokoak elkarrekin ikusi genituen. Eta hor hasi zitzaigun arra», azaldu du Eli Agirrek (Andoain, Gipuzkoa, 1977). «Iaz, heldu guztiok sarrerak eskuratzeko webgune batean izena eman genuen; beraz, ez zegoen atzera-bueltarik». Behin erabakia hartuta, aurrera begira jarri beharra dago: garraioa, lo lekua eta sarrerak lotu behar dira, bestela ohartzerako amaitzen dira.

Andoaingo bi familia Parisen, Concorde plazatik gertu, denda ofizialaren aurrean. | OLI ARTOLA APEZTEGIA
Andoaingo bi familia Parisen, Concorde plazatik gertu, denda ofizialaren aurrean.  OLI ARTOLA APEZTEGIA

Olinpiar Jokoak «garestiak» dira. Horregatik, duela hamabi urte, «gazteak ginenez eta lehen aldia zenez», kaleko kirolak ikusi zituzten Ibarrakoek. «Ez genuen saiakera handia egin sarrerak lortzeko». Aurten bai, eta, iraupen luzeko txirrindularitza probez eta maratoiez gain, futboleko partida bat eta atletismoko bi jardunaldi ikusi dituzte. Futbola semeari eta ilobari gustatzen zaie. Niri bereziki atletismoa gustatzen zait», dio Iriartek. Gaztetan atletismoan aritutakoa da, eta egun ere lasterka ibiltzen da. Stade de Francera sartzeak, giroa bizi izateak eta atletak gertu-gertutik ikusteak ilusio berezia egiten dio. Atletismoa Olinpiar Jokoetan oihartzun handien sortzen duten kiroletako bat da, eta, Iriartek ez ezik, gainerakoek ere ikusi nahi izan dute gertutik. Gainera, «nire bikotekidearen proba gustukoena 1.500 metrokoa da», azaldu du Iruñekoak. Finala ikustera joateko aukera izango dute, eta argi dio: «Harentzat, opari bat da».

«Horretarako ere balio dute Olinpiar Jokoek, sekula ikusi gabeko kirol berriak ezagutzeko. Sorpresa politak hartu daitezke, gainera»

NAGORE REBOLLOKirolzalea

Guztiek ikusiko dituzte proba asko, baina andoaindarrek egutegia bete dute kirol emanaldiekin. Pariserainoko bidea ere aprobetxatu dute, Nantesen geldialdia egin eta futbol partida bat ikusi baitzuten. Parisera iritsi ahala, errugbi partida bat ikusi zuten, bizitzan lehen aldiz. «Horretarako ere balio dute Olinpiar Jokoek, sekula ikusi gabeko kirol berriak ezagutzeko. Sorpresa politak hartu daitezke, gainera», azaldu du Nagore Rebollok (Andoain, Gipuzkoa, 1979). Ezezagunak zitzaizkien kiroletan zaletzeko ere balio izan die; izan ere, errugbia asko gustatu zaie. Horrez gain, hockey-a, 3x3 saskibaloia, hondartzako boleibola, eskubaloia eta igeriketa ikusiko dituzte. Taldean, azken bi kirol horietan dabiltzan lagunak daude: igerilaria, eskubaloi jokalaria eta entrenatzailea. Hala ere, denak ez dira saio guztietara joango. Hainbeste izanda, zaletasunen eta sarrera kopuruaren arabera banatuko dira.

Paris ez dago merke

Sarrerak lortzea kosta egin zaie, eta ez soilik andoaindarrei, denei baizik. «Prozesua luzea izan da. Zozketetan izena ematen genuen, eta, gutakoren bati tokatu ahala, ahalik eta sarrera gehien hartzen saiatzen ginen. Gero, besteoi tokatzean, horiek osatzen saiatzen ginen», azaldu du Gorka Matutek (Andoain, Gipuzkoa, 1976). Fernandezek ere ez du aukerarik izan nahi beste lortzeko. Hondartzako boleibola eta skatea lortzea ezinezkoa izan da. Zailtasun bakarra ez zen kopurua, baita kostua ere. «Sarrerak oso garestiak dira, atletismokoak bereziki. Beldurgarri garesti zeuden». Horregatik, goizeko txandakoekin konformatu behar izan dutela dio, eta, hala ere, poz-pozik da ibartarra. «Aspalditik dudan ilusioa da atletismoa ikustea, eta azkenean beteko dut». Finalak hirian barna jarri dituzten pantaila handian ikusiko dituztela kontatu du.

Lo lekua lortzea ere ez da erraza izan. Andoaindarrei iruzurra egin zieten; eskerrak garaiz ohartu ziren. Ibarrakoek ere lotua zuten ostatuarekin arazoak izan zituzten. Antza, duela urtebeteko kontuak dira horiek. Orduan prezioak oso garesti baitzeuden, eta Olinpiar Jokoen aitzakian horrelako trikimailuak egiten hasi ziren maizterrak. Duela hilabete gutxi lortu dute guztiek ostatua, eta, behintzat, iaz baino merkeago. Azken orduan maukaren bat edo beste topatu zitekeen, eta hala egin dute Iruñekoek. «Izugarrizko pagotxa izan dugu». Joan-etorrirako hegaldia ere «merke» lortu dute, 90 euroan. Trenez etorri direnak ere «pozik» daude, «erosoa eta azkarra» baita. Dena den, Fernandezek dio badakiela «nora gatozen». Paris garestia da egunerokoan, eta horrelako ekitaldi batean puztu egiten dira prezioak. Baina Fernandezek ulertzen du horrela izatea, hiria hankaz gora jartzen baita. Guztiek ulertu, edo behintzat onartzen dute, eta onar dezakete.

«Sarrerak oso garestiak dira, atletismokoak bereziki. Beldurgarri garesti zeuden. Baina aspalditik dudan ilusioa da atletismoa ikustea, eta azkenean beteko dut»

IBAN IRIARTEKirolzalea

Londresen kirol ia guztiak batzen zituen eremu handi bat zegoela diote. Parisen ez da horrela. Hirian zehar banatzen dira kirolguneak, eta eraikinik ospetsuenetan eraiki dituzte jokalekuak. «Hiria aprobetxatu dute, eta guk aukera aprobetxatu dugu hiria ezagutzeko», kontatu du Unai Azpirozek (Andoain, Gipuzkoa, 1978). Non gauden jakitearen garrantzia azpimarratu du, historia ezagutzekoa. Eta horretarako tartea hartu dute. «Hiriko espaziorik enblematikoenak kirolgune bihurtuta, toki oso ederrak oso gertutik ikusteko aukera daukagu», azpimarratu du Fernandezek; «ondo eta lasai» ikustekoa. Batetik bestera joateko eta paseatzeko ere aukera paregabea dela diote guztiek. Bereziki sarrerak dituztenek, zehaztu du iruindarrak, turismo elementu horietan dagoen kontrola pasa dezakegulako horiei esker. Guztiak bat datoz Fernandezekin: «ikusgarria da».

Londresko Olinpiar Jokoekin alderatuta, aplikazioen hobekuntza nabarmena izan dela diote. Teknologia ziztu bizian aldatzen da, eta, horri esker, orain sakelako telefonoarekin egin dezakete guztia. «Asko erraztu da», dio iruindarrak. Kontatzen du sarreren erosketa, garraio txartelarena, batetik bestera joateko hartu beharreko metroak eta egin beharreko ibilbidea zein den esaten dizun informazioa… guztia esku-eskura dutela. Iriartek gehitu du zuzenean ikusteko aukera ere hobetu dela; alegia, sarrerarik ez duten lehiak ikusi ahal izateko streaminga primeran dabilela. 

Guztiei nabari zaie ilusioa hitz egitean. Ahotsak tarteka dar-dar egiten die, eta begiek, dir-dir. Esperientzia polita izaten ari dela diote, «errepikatzeko modukoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.