Oparoa izan zen martxoan Puerto Ricon jokatu zen Munduko Txapelketa. Euskal Herriko lau surflari sailkatu ziren Parisko Olinpiar Jokoetarako: Andy Criere (Hendaia, Lapurdi, 1995), Janire Gonzalez Etxabarri (Zumaia, Gipuzkoa, 2005), Joan Duru (Baiona, 1989) eta Nadia Erostarbe (Zarautz, Gipuzkoa, 2000). Laurek gaur ekingo diote lehiari, Tahitin. Olinpiar Joko batzuek esan nahi duten erronkaz gainera, beste bat ere izango dute: Tehaupo'o-ko olatua mendean hartu, eta haren gainean beren trebezia erakustea. Laurak han ibili dira entrenatzen, eta bai Gonzalez Txabarrik, bai Crierek, olatu «indartsua» dela berretsi dute. Horren seinale da gorputzean izan dituzten zauriak eta kolpeak. Baina «gozatu» ere egin dute, eta horretan jarraitu nahi dute. Aritz Aranburu surflari zarauztarra izan dute gidari, eta Jokoetan ere izango dute, hura ere Tahitin baitago.
Tehaupo’okoa ezker olatu bat da, munduko arriskutsuenetako eta indartsuenetako bat. Bost bat metrokoa izan ohi da, baina hamar metrora iritsi daiteke. Garaieragatik ez ezik, arrazoi geografiko eta ozeanografikoengatik ere bada arriskutsua; batez ere, itsasoaren hondoarengatik. Koralezko arrezifeak sakontasun txikia dauka, eta zorrotza da. Olatua horra iristean gora egiten du bat-batean, eta hortik dator arriskua. Bi aldiz ezarri dute bertan kode gorria. Hau da, debekatu egin dute surfa egitea 24 orduz. Aditu batek baino gehiagok Hawaiiko olatuekin parekatu dute.
Gonzalez Etxabarrik onartu du ez daudela ohituta halako olatuetan lehiatzera. «Ia olatu bikoitz bat dela esan daiteke, eta hemen ez dira ohikoak. Txikiagoetan aritzera ohituta gaude». Gainera, onartu du «beldurra» pasatu zutela bertara entrenatzera joan zirenean. «Surfean sentipen natural eta normaltzat hartu behar da beldurra. Denei gertatu zaigu noizbait. Kontrakoa dioena gezurretan ari da». Baina ikasi ere «asko» egin dutela berretsi du. «Balio izan digu azken aste hauetan landu beharrekoa zehazteko, bide orria ezartzeko». Jarraian azaldu du non jarri duen berak arreta. «Indarra landu dugu batez ere, arraunketari eta apneari dagokionez exijentzia handia baita halako olatu batean».
Normalean egunero joaten da gimnasiora, eta ordubeteko saioak egitek ditu. «Astean hirutan bi orduz joateko aukera ere badut, baina nik nahiago dut egunero joan». Uretan, berriz, bospasei ordu ematen ditu. «Azken batean, surfa lan bat da guretzat, nahiz eta gozatu ere egiten dugun. Adibidez, nire kasuan, batzuetan ahizparekin edo bikotekidearekin sartzen naiz, eta asko disfrutatzen dut».
Prestakuntza bera «ikasgai handitzat» hartu du. «Halako olatuetan aritzeak hobea egiten zaitu, eta espero dut hau beste urrats bat izatea nire kirol ibilbidean». Izan ere, helburu edo erronka bat du Gonzalez Txabarrik etorkizunari begira: «Surfaren Lehen Mailara gerturatu nahi dut pixkanaka. Txapelketa bakoitza hori lortzeko pauso bat da niretzat, eta zer esanik ez Jokoak».
Jokoetan egotea «ametsa» da harentzat. Urtea belaunean min zuela hasi zuen. Bi hilabete baino ez ziren falta Puerto Ricon Munduko Txapelketa jokatzeko, eta bertan lortu behar zuen Pariserako sailkapena. «Zail ikusten nuen, egia esan. Presiorik gabe joan nintzen, kontuan hartuta ez nekiela belaunak nola erantzungo zuen». Belaunean ez zuen arazorik izan, eta sailkatzea lortu zuen. «Hilabete hauetan lanean jarraitu dut belauna bete betean egoteko. Orain, konfiantzarekin nago, ondo aritzeko moduan. Lehia handia izango da, eta sentipen onak izatea nahiko nuke».
Erostarberekin aritzeak «ilusio handia» pizten dio. «Azken batean, ahizpa handi baten parekoa da niretzat». Arantza bakarra geratu zaio: «Pena dut giro olinpikoaz ezin gozatzea. Hasiera ekitaldian egotea edo olinpiar hiriko egunerokoa bizitzea ederra izango zen. Baina ezin izango dugu».
Eguneroko plangintza
Crierek egunerokoari eutsi dio: «Lasai ibili naiz, egunerokoari helduz. Nahiz eta Jokoak gerturatu ahala bakartzeko behar handiagoa izan dudan. Izan ere, estimulu eta informazio handia jasotzen dugu, eta askotan hori ez da ona». Eguneroko hori Olinpiar Jokoetarako sailkatu aurreko bera izan da prestakuntzan. «Plangintza astero egin ohi dut. Kalitatezko lau bat entrenamendu egiten ditut, helburu jakin batzuekin. Eta horrekin batera, beste hiru gimnasioan». Izan ere, argi du: «Neurria hartu behar zaio. Etengabe gehiago egin nahi izateak ez du zentzurik. Zama bat da hori, eta ez dizu gozatzen uzten. Surfak ere izan behar du horretatik; bestela, ezin duzu zure onena eman. Itaasoaren eta olatuen zikloa ere errespetatu behar da. Denborarekin ikasi dut hori, eta oinarri sendo bat edukita. Atseden hartzea nire plangintzaren parte ere bada».
Sasoiz eta buruz ondo dago. «Nahiz eta Tahitin egin genituen azken entrenamenduak oso gogorrak izan ziren, eta hor hasi nintzen konturatzen erronkaz. Aurrekoek gehiago izan zuten gozamenetik. Olatu honek astindu egiten zaitu, bai psikogikoki, bai fisikoki. Ez da nolanahiko olatua. Uste dut munduko hiru onenen artean dagoela. Oso indartsua eta bizkorra da, eta ezustean harrapatzen zaitu. Pribilegio bat da bertan lehiatzea. Nik beti esaten dut halako olatuetan surfeatzea erraza dela, baina ondo egitea ez. Hori da gehien kostatzen dena. Erraza da olatu on bat hartzea, baina olatu horri aurreikusi baino etekin gehiago ateratzea ez. Lortzen dutenak koska bat gorago egongo dira sailkapenean. Hori dela eta, bi maila egongo direla iruditzen zait».
Helburu argi batekin doa: «Halako olatu batean ondo lehiatzeko gai naizela erakutsi nahi diot neure buruari. Ez dut beste ezerekin itsutu nahi. Baikor naiz, eta aldi berean errealista. Badakit nola nagoen, eta nondik abiatzen naizen. Horren arabera aztertuko ditut nire emaitzak». Hori lortzeko gakoetako batean jarri nahi izan du azpimarra: «Nik oso argi ditut zeintzuk diren nire indarguneak. Denbora asko daramat horiek lantzen, eta lortu behar dudana da horiek erakustea. Izan ere, halako olatu batek batzuetan ez dizu uzten zure onena erakusten. Azken entrenamenduetan horretaz konturatu nintzen; baina, aldi berean, erronka polita da aurretik dudana. Ziur nago nire kirol ibilbidean beste urrats bat egiteko balioko didala».
Erostarberekin eta Gonzalez Txabarrirekin egin zituen azken entrenamendu horiek: «Niretzat, Olinpiar Jokoetan egotearen gauzarik ederrena bidea haiekin partekatzea izan da. Inspirazio bat dira egunero surflari hobea izateko. Asko eman didate». Biak «sasoi betean» ikusten ditu, eta ziur dago Jokoetan ondo arituko direla. «Nadia asezina da uretan, baina, aldi berean, badaki burua hotz izaten. Janire, berriz, oso-oso gaztea da, baina etorkizun handia dauka. Teknikoki bikaina da».
Prestakuntza osoan Aranbururen laguntza izatea «oso garrantzitsua» izan da Crierentzat. «Niretzat, Aritz eredua bat da, ez surflari gisa bakarrik, baita pertsona moduan ere. Uneoro zerbait erakusten dizu. Haren laguntzarik gabe, ezingo genituen Tahitin egindako entrenamenduak egin. Oso eskertuta nago gugatik egin duen guztiarengatik».