Espainiako selekzioko surflarien prestatzailea

Aritz Aranburu: «Nota onarekin bukatu dugu»

Aranburu kontent dago bere taldeko surflariek egin duten lanarekin. Nabarmendu du Erostarberen borzgarren postua «oso txalotzekoa» dela: «Oso polita izan da hori bizitzea».

GORKA EZKURDIA
GORKA EZKURDIA
mikel rodriguez
2024ko abuztuaren 3a
11:51
Entzun

Euskal Herriko lau surflari lehiatu dira Olinpiar Jokoetan, Tahitin: Joan Duru Frantziako taldearekin, eta Andy Criere, Janire Gonzalez-Etxabarri eta Nadia Erostarbe Espainiakoarekin. Espainiako taldeko prestatzailea da Aritz Aranburu surflari ohia (Zarautz, Gipuzkoa, 1985), eta Tahitiko Tehaupo'o herrian bertatik bertara zuzendu du taldea txapelketa osoan.   

Zer-nolako gorputzaldia utzi dizu txapelketa olinpikoak?

Orokorrean, ona; esperientzia polita bizi izan dugu hemen. Nota onarekin bukatu dugu. Lehenbiziko aldia izan da [Espainiako] estatutik etorri garela surfean Olinpiar Jokoak jokatzera, eta txapelketa honetan hiru surflari edukitzea oso polita izan da. Eta oso berezia izan da txapelketara ailegatu arte bizi izan dugun prozesu guztia.

Zer iruditu zaizu taldeko surflariek egin duten lana?

Bakoitzak bere lana egin du, eta emaitza ezberdinak lortu dituzte. Andy [Criere] eta Janire [Gonzalez-Etxabarri] ongi ibili dira. Andyk lehenengo txandan olatu puntuaziorik handienetako bat atera zuen, eta hori esanguratsua da, munduko onenen kontra lehiatzea eta notarik handiena ateratzea. Janire oso urte konplikatua izanda iritsi da Olinpiar Jokoetara, lesioekin eta. 19 urte ditu, gazte-gaztea da, eta hemen ikasitakoak eramango du emaitza handiagoa ateratzera, eta Olinpiar Joko gehiagotan egotera gehiago ikasi ondoren. Eta Nadiari [Erostarberi] dagokionez, final-laurdenetara iritsi da, bosgarren postua lortu du munduko surflaririk onenen artean; hortaz, emaitza hori oso-oso ona izan da, oso txalotzekoa. Erakutsi du oso ongi aritu dela, ez bakarrik txapelketa honetan, urte osoan lortu baititu emaitza onak mundu guztian. Oso indartsu ibili da, eta polita izan da hori bizitzea.

Surfa bigarren aldiz izan da kirol olinpikoa. Euskal surflariei dagokienez, aurtengo ekitaldiak jauzi bat ekarriko du kirolaren garapenean?

Ni surfean hasi nintzenean inoiz ez nuen imajinatu Olinpiar Jokoetan izango zenik, eta uste dut surflari guztientzako aukera berri bat dela, oso aukera polita. Aurtengo Jokoak bereziak ari dira izaten, gehienbat Tahitiko olatuetan egin direlako: oso olatu bereziak dira, eta gure kirolaren irudiak mundu guztira iritsi dira, bai surfa ezagutzen duen jendeari, bai ezagutzen ez duenari. Horrek sortuko du kirola haztea, eta surflariek aukera gehiago izatea. 

«Ikusleek gustuko dute kirolariak gladiatoreen baldintzetan sartzea; hau da, arrisku puntu hori izatea jendeari asko gustatzen zaio, beti dauka morbo handiagoa, eta uste dut Olinpiar Joko hauetan surflariek arriskatu dutela gehien larrua»

Tahitiko irudiak aipatu dituzu. Zer iruditu zaizu jokalekua?

Ikusleek gustuko dute kirolariak gladiatoreen baldintzetan sartzea; hau da, arrisku puntu hori izatea jendeari asko gustatzen zaio, beti dauka morbo handiagoa, eta uste dut Olinpiar Joko hauetan surflariek arriskatu dutela gehien larrua. Egun batzuetan, oso baldintza indartsuak egon dira, eta surflariek olatu batzuetan bizia arriskuan jarri dute ondo ibiltzeko. Hortaz, txapelketa hau eragin oso handia izaten ari da, eta uste dut Olinpiar Jokoei esker jende gehiago ari dela enteratzen zein den gure kirola. 

Jokoen zentrotik 15.000 kilometrora zaudete. Hain urruti egonda, nola sentitzen da giro olinpikoa?

Tahiti, eta Tehaupo'o herria gehienbat, oso toki lasaia da, baina Olinpiar Jokoak egiteko hainbat gauza antolatu dituzte: karpak surflari guztiak eroso egoteko, medikuntza aldetik ere dena prest izan dute... Azkenean, igartzen da Olinpiar Jokoek beste surf txapelketen aldean profesionaltasun aldetik oso goi mailakoa izatea exijitzen duela. Olinpiar Jokoek eragin handia izango dute hemen, baina Tehaupo'o arrantzaleen herri lasai bat da, oso txikia, eta nahiko nuke beti izan den bezalakoa izatea aurrerantzean, betiko energia horrekin jarraitzea, eta uste dut hemengo jendeak lortuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.