Urte zaila izaten ari da Jon Rahm golfariarentzat (Barrika, Bizkaia, 1994). Iazko abenduan erabaki garrantzitsu bat hartu zuen: PGA zirkuitua utzi, eta Saudi Arabiako LIV ligarekin fitxatu zuen, 500 milioi euroren truke. Erabakiak lurrikara eragin zuen golfean, Rahm hirugarrena baitzen munduko zerrendan, eta, gainera, AEBetako Irekiko eta Augustako Masterseko irabazlea zen. Kritika gogorrak jaso zituen erabakiagatik, baina argi erantzun zien: «Erabaki hau hartu dut, niretzat eta familiarentzat egokiena delako. Beti egongo da jendea gustuko ez duena, baina ni lasai nago».
Kirol ikuspegitik, ordea, emaitzak ez dira nahi bezalakoak izaten ari harentzat. Hala, munduko zerrendan jaitsiz joan da, hamargarren izateraino, azken bost urteetako posturik txarrena. Gainera, Augustan 45. amaitu zuen, eta AEBetako Irekian ezin izan zuen parte hartu, hanketako batean zuen infekzio batengatik. Asteburuan eten berri du bolada txarra, Rocesterren (Ingalaterra) jokatutako torneoa irabazita; lehen garaipena du LIV zirkuituan. Hala, suspertuta eta sasoiko iritsiko da Parisko Olinpiar Jokoetara. Gaurtik igandera ariko da —09:00etan hasiko dira jardunaldiak—. Urrezko domina irabaztea du helburu. «Ondo bidean, domina bat irabazteko lehian ariko naiz. Zelaia aproposa da niretzat», esan du.
Edu Celes Rahmen laguntzailea eta entrenatzailea izan zen, eta ondo ezagutzen du. Azterketa hau egin du denboraldiaren inguruan: «Nik esango nuke LIV ligako torneoetan ez dela horren gaizki ibili. Horietako batzuetan irabazteko zorian egon da, eta gehienetan lehen hamarren artean sailkatu da. Goiko postuetan egon da. Beharbada, Augustan ez zen behar bezain ondo aritu. Baina ez zen torneo erraza izan, haize handia egin zuelako. Estatu Batuetakoan, berriz, zorte txarra izan zuen infekzioaren kontuarekin». Jokoari erreparatuta, driver makilarekin—distantzia luzeetarako erabiltzen dena— ez du ohi bezain fin ikusi. «Beti izan da makila on bat harentzat, baina torneo batzuetan ez da ondo aritu makila horrekin. Zehaztasun apur bat faltatu izan zaio. Baina hura ezagututa, ziur nago azken asteetan buru-belarri arituko zela hobetzen. Bai makila, baita kolpea ere sakon aztertuko zituen». PGAtik LIV ligara pasatzeak eragina izan al du Rahmen beherakadan? «Ez dut uste. Baina lehiaren ikuspegitik, LIV ligan, adibidez, ez dago galbaherik hirugarren egunera igarotzeko, eta parte hartzaile guztiak doaz etxera dirua irabazita. Horrek, ezinbestean, izan behar du eragina. Gainera, torneo gutxiago jokatzen dira».
«'Drive' makilarekin, agian, ez da ohi bezain fin ibili. Baina hura [Rahm] ezagututa, ziur nago azken asteetan buru-belarri arituko zela hobetzen» Edu Celes Jon Rahmen entrenatzaile eta laguntzaile izandakoa
Dena den, alde onei ere erreparatu nahi izan die. «Helduago ikusten dut jokatzen; urtez urte golfari osoagoa dela uste dut». Dena den, onartu du jaso zituen kritikak eragin egin ziela neurri batean. «Ez txapelketetan propio, Jonek nahikoa eskarmentu duelako lehiaketa betean horietaz ahazteko. Baina hortik kanpo, adibidez, eguneroko bizitzan edo prestakuntzan, neurri batean eragingo zioten. Azken batean, pertsonak gara, eta espero gabeak edo bidegabeak diren kritikak jasotzeak beti eragiten dizute kezka». Ez du uste atzera egingo duenik. «Printzipio asko ditu, eta, egokiena zela pentsatuta egin zuenez, horri eutsiko dio. Ez zait iruditzen PGA zirkuitura itzuliko denik». Celes, gainera, baikor da. «Ziur nago behin lehen urtea igarota gauzak lasaitu egingo direla, eta horrek lagundu egingo diola. Gainera, aita izango da hirugarren aldiz, eta hori ere pizgarri bat izango da».
«Txapeldun baten izaera»
Jokoei begira, dena den, baikor da. Hainbat arrazoi aipatu ditu horretarako. Nagusiena, Rahmek duen izaera da. «Txapeldun handi bat da, eta halako txapelketetan hazi egiten da. Nahiz eta bere garairik onenean ez egon, gai da bere onena erakusteko. Gainera, amarekin edo seme-alabekin kartetan jokatzen duenean ere, galtzea gustatzen ez zaien horietakoa da, eta gogoz egongo da denboraldi amaiera oso bat egiteko. Ziur nago». Bestalde, Espainiako selekzioarekin lehiatuko den beste golfaria Xabi Puig da. «Hura ere LIV ligan lehiatzen da. Oso harreman ona dute. Gaztea da, eta haren ausardiak eta txinpartak ere lagunduko diote Joni». Hala, aurreikuspen bat egin du. «Drive makilarekin hobeto moldatzen bada, dominak lortzeko borrokan egon daiteke».
Gainera, lehiatuko diren zelaiak oroitzapen onak ekartzen dizkio Rahmi. «Rayder Cupen match play bat irabazi dio zion Tiger Woodsi zelai horretan bertan. Lehen aldia zen». Zelaia «ikusgarria eta zaila» da, Celesen esanetan. «Bai golfean jokatzeko, baita hura ikusteko ere. Bertan jokatu zen azken Ryder Cup torneoa ikusgarria izan zen, historiako onenetakoa». Azken zuloetan jarri du arreta. «Ura dago inguruetan, eta horrek emozio handia emango dio lehiari. Amaieran erabakiko da guztia. Lehia handia eta estua aurreikusten dut. Gainera, herrialde bakoitzak bere golf jokalaririk onenak eramaten ditu, eta lehia betea izaten da. Torneoetan ez dira golfaririk onenak egoten beti, eta, alde horretatik, Olinpiar Jokoetako torneoa oso zaila izaten da».