Noah Lylesek irabazi du 100 metroko finala

Finala oso estua izan da, eta helmugako argazkian erabaki da. Lylesek 9.79ko denbora egin du, Kishane Thompson izan da bigarrena, eta Fred Kerley hirugarrena.

Noah Lyles
Noah Lyles, 100 metroko finalean irabazi izana ospatzen. JULIO MUÑOZ / EF
ainara arratibel gascon
2024ko abuztuaren 5a
08:00
Entzun

Noah Lyles estatubatuarra da 100 metroko txapeldun olinpiko berria. Hura zen faborito, eta final estu-estu batean gailendu da, bost milarenen aldearekin. Denbora: 9.79. Bigarren Kishane Thompson jamaikarra izan da, denbora berarekin; eta hirugarren, Fred Kerley, Lylesen herrikidea: 9.81. Lylesek bere inoizko markarik onena egin du, eta Olinpiar Jokoetan 100 metroko proban egin den markarik onenetan laugarrena. Hogei urte ziren AEBetako atleta batek ez zuela 100 metroko gizonezkoen finala irabazten. Atenasko 2004ko Olinpiar Jokoetan izan zen orduan, eta orduan Justin Gatlin gailendu zen, 9.85eko denborarekin. Moskuko 1980ko Olinpiar Jokoetatik ez zen jokatzen hain final esturik.  

Finalerdietako hiru lasterketak ere goi mailakoak izan dira. Oblique Seville jamaikarrak egin du denborarik onena: 9.81, eta bigarren Lyles izan da, 9.83. Txapeldun olinpikoak berak aurreratu du dominak garesti egongo zirela, eta 9.80 inguruko denbora egin beharko zutela eskuratu nahi zituztenek. Bete-betean asmatu du. Finalerdi horietan hamabi atletak korritu dituzte 100 metroak 10 segundotik behera. 

Faborito argirik ez zegoenez, final estua eta irekia espero zen. Eta hala izan da. Lylesek,Thompsonek eta Kerleyk buruz buruko ederra izan dute. Metro askotan bazirudien Thompson zihoala aurretik, baina azken pausoan nagusitu da Lyles. Hain parekatua izan da finala, helmugako argazkian erabaki da, eta epaileek Lylesi eman diote garaipena. Segundo batzuk itxaron behar izan da hori argitzeko. Frantziako estadioan bildutako 80.000 ikusleek zain egon behar izan dute txapeldun olinpikoa nor zer jakiteko, baita atletek berek ere. Erabakia jakin bezain laster hasi ditu ospakizunak Lylesek, eta, besteak beste, amarengana gerturatu da. Tokioko txapeldun olinpikoa, Marcell Jacobs italiarra, bosgarren helmugaratu da, 9.85eko denborarekin. Finalaren mailaren erakusgarri, azken sailkatuak, Oblique Seville jamaikarrak, 9.91ko denbora egin du, oso denbora ona.

Lyles da egungo munduko txapelduna (9.83 Budapesten, iaz), eta marka pertsonala 9.81 zuen, duela bi aste eskas lortutakoa, Londresen. Gaur hobetu egin du. Ezustea izan da Ferdinand Omanyala kenyarra finaletik kanpo geratu izana, hark baitzuen urteko denborarik onenetan bigarrena (9.79)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.