Gogotsu dago John Cabang (Madril, 2001; 2010etik Iruran bizi da). Olinpiar Jokoetan arituko da 110 metroko hesidunetan, aurtengo Atletismoko Munduko Txapelketan aritu ondoren. Zenbait lesio izan ditu, baina ez diote etsiarazi. Abuztuaren 4an izango da lehen lasterketa (11:50), eta 6an bigarren aukerako lasterketa izango da (10:50). 7an izango dira finalerdiak (19:05), eta 8an finala (21:45). Proba guztiak Stade de France estadioan izango dira. Asier Martinez ere proba berean lehiatuko da.
Hesi jauzilaria zara. Nola eta zergatik hasi zinen? Zer oroitzen duzu hesi bat aurrean izan zenuen lehen egunaz?
Anoetako ikastolan [Gipuzkoa] hasi nintzen, iraupen ertaineko lasterketetan: 500 metrokoak, 1.000 metrokoak... Egun batean bi biki ikusi nituen, Alejandro eta Gabriel Herrero, hesien gainetik jauzi egiten. Teknikoki oso onak ziren, eta egiten ari zirena bereziki ederra zen. Hortik aurrera, esan nuen: «Nik hori egin behar dut». Eta hurrengo egunean eman nuen izena. Txikitatik 91 zentimetro saltatzen aritu naiz. Gainera, ez naiz oso altua. Horregatik, lehen aldiz hesi bat aurrean izan nuenean, beldurra sentitu nuen.
Zergatik hautatu dituzu Filipinak? Nolakoa da atletismoaren egoera Filipinetan?
Lehendabizi, Espainiako selekzioak egin zidan haiekin parte hartzeko eskaintza. Nire amak, hala ere, behin eta berriz esaten zidan Filipinekin lehiatzeko [ama bertakoa da], eta nik ere gogoa neukan nondik nentorren ikusteko. 2022an adostu nuen entrenatzailearekin, amarekin eta familiarekin Filipinekin parte hartuko nuela. Han talentu aski daudela ikusi dut, baina kirol zientzien inguruko ikerketa gutxi daude, eta, beraz, entrenatzeko moduak ez dira onenak. Horregatik, ez daude atleta filipinar asko.
Orain Olinpiar Jokoetan lehiatuko zara. Bizi osoko ametsa izan da, ala ezusteko bat?
Ametsa txikitatik dator: Olinpiar Jokoak, olinpiar estadioa, jendearen berotasuna... Gainera, Jokoetan asko estimatzen da atletismoa. Beti amesten dugu noizbait marka ona egin eta bertara joatearekin. Ametsa helburu iaz bihurtu zen: bi edo hiru lehiaketatan indartsu aritu nintzen, eta hortik aurrera esan genuen Pariserako sailkatzea lortzeko borrokatu gintezkeela.
Lehiaketa horietako bat Munduko Txapelketa izan zen, zure lehena. Zer moduz?
Ondo. Parte hartzea espero genuen, baina ez genuen espero emaitza hain onak lortzerik. Izan ere, finalerdietara pasatu nintzen, eta nire marka onenetik hurbil ibili nintzen.
Zer sentiarazten dizu Olinpiar Jokoetan aritzeak? Zer desiratzen duzu gehien esperientzia honetatik?
Nire helburu nagusia borrokatzea da. Bat gehiago naizela sentitzen dut, ez naizela zorte pixka batekin iritsi den norbait. Lan asko egin dut iaztik, eta horrek guztiak azkenean bere fruituak eman ditu, nahiz eta hori beti ez den gertatzen.
Nolakoa izan da Olinpiar Jokoetarako prestakuntza?
Urteroko berdina izan da, oro har. Hala ere, aurten blokeka egin dugu, eta norgehiagoka oso onak bilatu behar izan ditut puntuak lortzeko. Prestakuntza gehienbat mentala izan da, bi urte daramatzadalako jarraian lehiatzen, gelditu gabe. Eta horrek eragina izan du neure buruarengan, bai pertsonalki, bai mentalki.
«Prestakuntza gehienbat mentala izan da, bi urte daramatzadalako jarraian lehiatzen, gelditu gabe»
Zer-nolako garrantzia du buru osasunak kirolariengan? Zuk nola kudeatzen duzu zurea?
Lasterketetan aukera bakarra daukazu, eta uste dut emaitzak txarrak izango direla ez baldin bazaude bete-betean ez fisikoki, ez mentalki. Ez du derrigorrez goi mailako lehiaketa izan behar. Batzuetan dena ondo doa, baina demagun lau lehiaketatan gaizki ibili zarela, burua ez daukazula ondo, entrenamenduak gaizki doazela... dena okertu egingo da. Nik laguntza behar izan dut: kirol psikologo batekin aritu naiz azken bi urte hauetan.
Beste atal garrantzitsu bat teknika da. Zer hobetu duzu azken urte hauetan arlo horretan? Zer gustatuko litzaizuke hobetzea?
Azken urte hauetan diziplinan hobetu naiz bereziki. Abiaduran ere bai, eta hobetzen jarraitu nahiko nuke. Teknikoki jada nahiko ona naizela pentsatzen dut, eta hori da nire indargunea.
«Amets nagusia ibilbide hau ahalik eta gehiena luzatzea da; nahi ala ez, kirolarien ibilbidea motza izan ohi da»
Lehiaketako unerik zailenetako bat irteera da. Nola kontrolatzen duzu baliogabea izan ez dadin?
Lasterketa asko irabazi edo galtzen dira hasierako 10 metro horietan. Lasai egotea da gakoa. Ea entrenatutakoa ondo islatzen den ala ez. Asko entrenatzen garenez, prozesua pixka bat automatizatuta daukagu.
Nolakoa da hesi jauzilari baten egunerokoa?
Entrenatzea, deskantsatzea eta jatea. Horretaz gain, batzuetan fisioterapeutarengana noa, beste batzuetan masajistarengana, podologoarengana... Dena kirola da, funtsean.
Zer emaitza espero dituzu Parisen? Dominarik bai? Zure marka hobetuko al duzu?
Domina lortzea pixka bat zaila da. Gainera, azkeneko hilabete eta erdi honetan lesio bat eduki dut. Ondorioz, mentalki eta fisikoki behera egin dut. Markaren aldetik, hor ibiltzea gustatuko litzaidake, behintzat: bi aldiz berdindu nuen, bi asteren aldearekin. Hobetzea espero dut, baina, lesio bat izan eta gero, nork daki.
Eta Parisen ondoren, zer?
Atseden labur bat hartu nahiko nuke. Azaroan, Pista Estaliko Asiako Jokoak edukiko ditut Thailandian, eta martxan jarri beharko naiz berriz. Amets nagusia ibilbide hau ahalik eta gehiena luzatzea da; nahi ala ez, kirolarien ibilbidea motza izan ohi da.
Zer esan nahiko zenieke zure ondoan egongo direnei?
Ikusteko lasterketa, eta borrokatu, borrokatuko naizela.
Euskal Herriko beste hesi jauzilari bat izango da zurekin batera lehiatzen, Asier Martinez. Nola ikusten duzu?
Ondo. Berak urte asko daramatza gorenean, eta beti ikusi izan dut erreferentziazko atleta gisa, nahiko lituzkeen emaitzak lortu ez arren. Marketan erregulartasuna falta zaio, baina emaitza onenetatik gertu dabil.