Olinpiar Jokoak

Nagusitasun lehiatua

AEBek irabazi dute Parisko Olinpiar Jokoen dominen sailkapena. XXI. mendean, batean ez bertze guzietan irabazi dute, baina Txina lehia estutzen ari zaie Jokoz Joko.

AEBetako emakumezkoen saskibaloi taldeko kideak, atzo, urrezko dominarekin, Parisko Bercy Arenan. CAROLINE BREHMAN / EFE
mikel rodriguez
2024ko abuztuaren 12a
12:56
Entzun

XXI. mendean bertze lehia batek ordezkatu du XX. mendearen bigarren erdialdeko Olinpiar Jokoetan AEBek eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak dominak irabazteko izan zuten buruz buruko hura: AEBen eta Txinaren arteko lehiak. Parisko Jokoetan ezin estuagoa izan da borroka hori, eta jokoan izan den azken dominan erabaki da: AEBek urrea irabazi dute emakumezkoen saskibaloiko finalean, eta, horrela, Txina aitzinatu dute.

Amerikako herrialdeak Txinak baino domina gehiago irabazi ditu —126; beraz, 35 gehiago—, baina urreak erabakitzen du sailkapena, garaipenaren metalak. Atzo saskibaloiko finala hasi aitzinetik, 40 zituen Txinak, eta 39 AEBek. Hortaz, garaipenetan berdinduta, zilarrezko dominetan estatubatuarrek zuten aldeak erabaki du lehenbiziko postua. Joko modernoak sortu zirenetik (1896), 30 aldi egin dira, eta hemeretzitan AEBak izan dira dominetan txapeldun. Baina arlo geopolitikoan Txina AEBen hegemoniari lehia egiten hasi zaion bezala, hala ari zaio arlo olinpikoan ere.

Joera argia da: Atenasko 2004koan, Txinak lehenbiziko aldiz bukatu zuen bigarren dominen sailkapenean. Handik lau urtera, Pekingoetan, etxean bertan, irabazi egin zuen —AEBek XXI. mendean irabazi ez duten bakarra—, eta azken bietan alde murritza izan da —urre bakarrekoa Tokioko 2020koetan, eta urrean berdinketa Parisen—.  

Japonia, egonkortzeko bidean

Dominen banaketan, Errusiaren hutsuneak zulo handi bat uzten du. SESB desegin zenetik, Errusia ez da hura bezain ongi aritu, baina domina kopuru handia zakuratu du beti, eta diziplina batzuetan sobietarrek zuten nagusitasunari eutsi dio. Hark utzitako zuloa bertze batzuek bete dute, hortaz, eta hiru talde nabarmendu dira: Japonia, Australia eta Frantzia.

Japoniarrek bigarren aldiz jarraian bukatu dute hirugarren postuan. Tokioko Jokoetan, 27 urre irabazi zituzten, eta herrialdeko olinpiar batzordeak helburutzat paratu zuen Parisen hogei irabaztea, herrialdea potentzia nagusien artean egonkortzeko bidean paratzeko. Bete-betean lortu dute helburua. Urre horietatik zortzi borroka librean lortu dituzte. Australiak, berriz, jarraipena eman dio Sydneyko Jokoetan (2000) hartu zuen bultzadari. 27 milioi biztanleko herrialde horrek laugarren postuan bukatu du, hiru erraldoi demografikoen gibeletik. Inoizko urre kopururik handiena irabazi du —hemezortzi—, eta etxeko Jokoetan baino bortz domina gutxiago lortu ditu —53—, baina orduan baino 169 atleta gutxiago ekarrita Parisera.

Jokoak antolatzen dituzten herrialdeak ohi baino hobekiago aritzen dira etxean, eta, Australiaren, Japoniaren eta Txinaren kasuan ikusten denez, horrek bultzada bat ematen dio horien ibilbide olinpikoari. Esperantza hori izanen du Frantziak. Bortzgarren bukatu du sailkapenean, Atlantako 1996ko Jokoetan bezala, baina anitzez zaku aberatsagoarekin: hamasei urre irabazi ditu, eta, denera, 64 domina. Historia modernoko bigarren Jokoetan bakarrik lortu zuen sari handiagoa —Parisen bertan, hain zuzen, 1900ekoetan—.  

Arrakastak eta hutsuneak

Sailkapenean nabarmentzekoak dira bi herrialderen lorpenak: alde batetik, Herbehereek, hemezortzi milioi biztanlerekin, seigarren bukatu dute —hamabortz urre eta 34 domina denera—, eta Zeelanda Berriak, bortz milioi pasatxorekin, 11. —hamar urre eta hogei domina denera—. Kontrako adibideak India, Indonesia, Pakistan, Nigeria eta Bangladesh dira, errate baterako. India munduko herrialderik populatuena da Txinarekin batera, eta 71. bukatu du sailkapenean —sei domina, eta urrezko bakar bat ere ez—. Indonesia populatuenetan laugarrena da, eta 39. egin du —bi urre eta brontze bat—. Pakistanek, bortzgarrenak, bakarra atera du —urrezkoa hori, gizonen xabalina jaurtiketan—, eta biztanle kopururik handiena duten lehenbiziko hamar herrialdeen artean dauden Nigeriak eta Bangladeshek alerik ere ez —Bangladeshek, gainera, ez du inoiz dominarik irabazi—. Horrek argi erakusten du biztanle kopurua baino anitzez aldagai gehiago hartu behar direla kontuan. 

Herrialde arrakastatsuenen eta arrakasta lortzen ez duten erraldoien artean, berriz, lehenbizikoz domina irabaztearen poza ezagutu duten ordezkaritza txikiak daude. Albaniak hamargarren parte hartzean lortu du —bi brontze borroka librean—, eta Cabo Verdek, zortzigarrenean —brontze bat boxeoan—. Santa Luzia eta Dominika Karibeko herrialde txikiak ezin hobeki estreinatu dira, atletismoko urre banarekin —zilar bat ere irabazi du Santa Luziak—. Eta, azkenik, segur aski Jokoetan izan den dominarik sinbolikoena: Errefuxiatuen Taldeak lortu duena, Cindy Ngamba kamerundarrak boxeoan lortutako brontzea. 

    

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.