Atleta

Tessy Ebosele: «Mina energia on bihurtu nahi dut»

Olinpiar Jokoetan parte hartzera iritsi nahi zuen. Helburu hori lortzeko, bere egoera pertsonala bigarren mailan geratu da. Ez du ibilbideaz disfrutatu, eta «penatua» dago horregatik. Hori bai, bidelagunei eskerrak eman nahi izan dizkie.

Tessy Ebosele. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Olatz Artola Apeztegia.
Paris
2024ko abuztuaren 9a
05:00
Entzun

Olinpiar hiriaren kanpoaldean kamerari eta kazetari ugari daude. Han da Tessy Ebosele (Gasteiz, 2002) ere. Gaur arte ez da inguru hauetan ibili. Hiriaren barruan zoriontsu dela dio. Kexak egon dira hiriko hainbat esparruren inguruan. «Ni toki dezente okerragoetan bizi izan naiz». Batzuen exijentzia beren bizi mailarekin lotua egon daitekeela dio, eta bera ez omen da «zorrotza». Horrelakoekin ez; bai, ordea, bere buruarekin. Horregatik ditu begiak bustiak. Hori bai, purpurina du azalean; dirdira egiten du.

Triste igartzen zaizu...

Gezurra esango nizuke ondo nagoela esango banizu. Gaizki nago. Onartu egin behar dugu gaizki gaudenean, eta sentipen hori besarkatu. Saiatzen naiz ez txikitzen hobeto egin nezakeen horretan jartzen fokua. Azkenean pasatu da, eta pasatakoa ezin dut aldatu. Nire esku dagoena oraina da, hobetzea, eta aurrera egitea.

Horrelakoetatik ere ikasten da.

Modu honetan ikastea ez da atsegina. Askotan gauzak nahi bezala ateratzen ez direnean ere irakaspen positiboak ateratzen ditugu. Denboraldi hau, alde horretatik, lezio bat izan da. Baita lehiaketa hau ere. Atleta eta, bereziki, pertsona gisa hazten lagundu nau.

Zer ikasi duzu?

Kanpo faktoreak nola kudeatu behar ditudan ikasi dut, odol hotza izaten, eta ahalegintzen bereizten kirola —nire lana— eta esparru pertsonala.

Tessy Ebosele | «Indartsuago itzuliko naiz»
Baina zerbaitek zeharkatzen zaituenean, zaila da gainerako esparruetan eraginik ez izatea.

Guztiz. Azkenean nire esku ez zegoen aldagai batek eragina izan zuen nigan, esparru pertsonalekoak, baldintzatzeraino. Eragiten digu, bai, batzuetan onerako eta oraingoan txarrerako... Denboraldi honek, oro har, txikitu egin nau animo aldetik. Gainezka egin dut. Min handia daukat.

Zerk ematen dizu min, emaitzak?

Emaitzak baino gehiago, zerk eraman nauen emaitza horretara. Buru osasun aldetik ez nago ondo; beraz, nahi nuen arren eta saiatzen nintzen arren, ezinezkoa zen emaitza onak lortzea. Emaitzek ez dute islatzen kirolari gisa naizena. Gehiago eman nezakeen. Badakit ezin naizela min horretan geratu. Mina sentitu eta kontzientzia hartu behar dut; baina ezin du traba izan.

«Normalean gauza guztiak bakarrik kudeatzen ahalegintzen naiz, baina, honen harira, ohartu naiz ez nagoela bakarrik. Bihotzez betetako motxila bat ere badaramat»

Geroz eta agerikoagoa da esparru emozionalak duen garrantzia.

Entrenatzea gure lanaren %70 da. Gainerakoak ere garrantzi eta eragin handia du. Zu ezingo zara %100ean egon —ezta %70ean ere— gaizki sentitzen bazara. Niri esparru fisikoko arazoak pilatuz joan zaizkit denboraldian, eta horrekin aurrera egitea oso gogorra egin zait, barrua jan dit. Gauzak minez egitea ez da batere samurra. Eta horri guztiari esparru emozionaleko arazoak gehitzen badizkiozu, bada... beldurgarria da.

Zuk gaia azaltzeko hautua egin duzu...

Uste dut ondo ez gaudenean garrantzitsua dela adieraztea, eta horregatik hitz egin nahi dut honetaz guztiaz. Ez da aitzakia bat. Beti ezin dugu erakutsi alderdi positiboa bakarrik, eta gauzak ondo ateratzen ez direnean ezkutatu. Normalean gauza guztiak bakarrik kudeatzen ahalegintzen naiz, baina, honen harira, ohartu naiz ez nagoela bakarrik. Bihotzez betetako motxila bat ere badaramat.

Bakarrik posible da, baina lagunekin hobeto, ezta?

Noski, eta eskerrak. Inori ez zaio gustatzen zaurgarria izatea. Ni nintzen lehena pistara indartsu atera nahi zuena eta egoerari aurre egin nahi ziona, baina ez da posible izan. Ikaragarrizko desengainua daukat, baina, era berean, kontziente naiz ezin naizela neure buruarekin dezepzionatu nire aurpegirik onena erakusteko ahalegina egin nuenean. Hau ez da ez lehenengo ez azken kolpea izango, baina guztiak irakaspen bat dira. Indartsuago itzuliko naiz.

Tessy Ebosele atleta Parisen, Olinpiar Hiriaren kanpoaldean. | OLI ARTOLA APEZTEGIA
Tessy Ebosele atleta Parisen, olinpiar hiriaren kanpoaldean. | OLI ARTOLA APEZTEGIA
Orain egin diozu lehendabizikoz keinutxo bat etorkizunari.

Ziurrenik elkarrizketa hau hemendik denbora batera egingo bagenu, guztiz desberdina izango litzateke. Hemendik denbora batera oroitzapena politagoa izango da, bizipen eta pertsona on asko ere badaramatzadalako hemendik. Mina energia on bihurtu nahi dut, hurrengo lehiaketetan oraingoan atera ez den hori lortzeko. Ikasi, berriz ez gertatzeko; txerto bat balitz bezala.

Lehiaketa aipatu duzu. Horra joaten zaizkizu burua eta gogoa?

Nik uste dut lehiatu arte ez zaidala joango, hein batean, aho zapore gazi hau. Eta ez diot soilik emaitzengatik. Azkenean, ni ez nintzen atletismoan hasi —eta ez nabil— emaitza bat lortzeko. Ez naiz marka bat. Atletismoa egiten duen pertsona bat naiz, nire pasioa delako eta talentua dudalako. Atletismo pista batean zoriontsua naiz. Atzo ere, pistan egon nintzen ordubetea ikaragarria izan zen. Momentu horretan estadiotik kanpoko arazoak ez ziren existitzen. Gero, amaitu ahala, guztiak etorri zitzaizkidan gainera, baina atletismoa ihesbide da niretzat.

«Ikaragarria da zenbat aldatu daitekeen bizitza lau urtean. Batxilergoa atera nahi zuen nerabe bat nintzen orduan. Etxe azpiko bankuan pipak jatea zen nire planik handiena. Orain, hemen nago»

Ihesbidetik Olinpiar Jokoetaraino heldu zara... a zer bidea!

Duela lau urte urruneko amets bat zen niretzat Jokoetan egotea. Orain bizipen erreala da. Ikaragarria da zenbat aldatu daitekeen bizitza lau urtean. Batxilergoa atera nahi zuen nerabe bat nintzen orduan, Gasteiz kanpoaldean bizi zena, urteko egun guztiak lanean pasatzen zituen amarekin. Etxe azpiko bankuan pipak jatea zen nire planik handiena. Orain, hemen nago, eta onenekin lehiatzea da nire hurrengo helburua. Gainera, kirolak aukera eman dit jende zoragarria ezagutzeko eta horiekin planak egiteko. Oso eskertua nago.

Orain, atseden hartzea tokatzen da?

Atletismoa maite dut, eta, ondorioz, lehiatzen jarraitu nahiko nuke. Baina gorputzak geratzeko eskatu dit, eta baita buruak ere. Nire ohean etzan eta maite nauen jendearekin egon nahi dut. Oso eskertuta nago dudan sareaz. Nire entrenatzaileari eskerrak eman nahi dizkiot, lagunei eta baita familiari ere. Eta, egiari zor, hondartzan botata egon nahi dut, eta zerbeza bat edan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.