Eliud Kipchoge: Erregea, mito bihurtzear
Bi zenbakia izan zuen obsesio, eta, orain, hirua. Maratoiko 42,195 kilometroak bi ordu baino gutxiagoan osatu dituen gizaki bakarra da. Lasterketa batetik kanpo egin eta kanpo laguntzak izan zituenez, Munduko Atletismo Federazioak ez zuen onartu denbora, baina kenyarrak hautsi egin zuen bi orduko marka: 1:59:40. Orain, Parisen du hurrengo erronka: hirugarren aldiz jarraian irabazi nahi du Olinpiar Jokoetako maratoia. 39 urte ditu eta, seguruenik, azken Jokoak izango ditu. Lehena izango litzake lorpen hori erdiesten. Aurrez, Abebe Bikilak —1960an eta 1964an— eta Waldemar Cierpinskik —1976an eta 1980an— ere lortu zuten bi Jokotan maratoia irabaztea.
Kenyako Rift Haranekoa da Kipchoge, eta inguru horretan hil zen Kelvin Kiptum maratoiko izar berria, aurtengo otsailean. Kiptum eta Kipchogeren arteko aurrez aurrekoa espero zen Parisko Jokoetan, baina 23 urteko gaztea auto istripu batean zendu zen. Kiptumek munduko errekorra ezarri zuen iaz: 2 ordu eta 35 segundoan osatu zuen Chicagoko maratoia (AEB). Halere, Kipchogek ez du aurkaririk faltako Parisen. Han arituko dira, besteak beste, Kenenisa Bekele eta Sisay Lemma etiopiarrak, baita Benson Kipruto eta Alexander Mutiso kenyarrak ere.
Kenyarrek emakumezkoen maratoia ere irabazi zuten Tokion. Aurten, berrogei urte igaro diren honetan Jokoetan lehen aldiz emakumezkoen maratoia egin zenetik. Peres Jepchirchirrek ahaleginak egingo ditu 2021ean lortutako urrezko domina defendatzeko. Parean izango ditu, baina, inoizko hiru maratoilaririk azkarrenak: Tigst Assefa etiopiarra, Sifan Hassan herbeheretarra —1.500, 5.000 eta 10.000 metroko probetan ere lehiatuko da— eta Brigid Kosgei kenyarra. Horiekin batera, maratoian parte hartuko du Majida Maayouf aguraindarrak ere.
Femke Bol: Azken hesia du gainditzeko
Herbeheretarra gerturatzen ari da. Femke Bol 24 urteko gazteak geroz eta hurbilago ikusten du loria. Horretarako, baina, azken oztopoa igaro behar du: Sydeney McLaughlin estatubatuarra. 400 metroko hesidunean McLaughlinek ez du parekorik izan azken urteetan: 2021ean, Tokioko Jokoetan, urrea irabazi zuen, eta 2022ko Munduko Txapelketan ere nagusitu zen. Inoizko markarik onenaren jabea da eta, duela gutxira arte, emakume bakarra zen proba hori 51 segundo baino gutxiagoan osatu zuena. Hesi hori, ordea, gainditu du beste batek ere: Bolek. Uztailaren 14an, Europako errekorra birrindu zuen: 50 segundo eta 95 ehunenetan osatu zituen 400 metroak. Gertu dago, eta baliteke Parisen azken hesia gainditzea.
Gizonezkoetan, bestalde, Karsten Warholm norvegiarra da 400 metroko hesidunean urrezko domina irabazteko hautagai nagusia. Munduko errekorraren jabea da; halere, Rai Benjamin eta Alison dos Santos ez ditu urruti. 110 metroko hesidunean ere izen bat nabarmentzen da besteen gainetik: Grant Holloway estatubatuarrarena. Tokion, ihes egin zion urreak, baina hautagai nagusia da aurtengo Jokoetarako. Munduko azken hiru txapelketetan nagusitu da, eta Aries Merritt herrikidearen munduko errekorra ehunen bakarrera du. Gainera, erakutsi du sasoi betean dagoela. Aurten, Glasgown (Eskozia), Pista Estaliko Munduko Txapelketan, alde handiz nagusitu zen 60 metroko hesidunean. Holloweyren proba berean arituko dira bi euskal herritar: Asier Martinez eta Jonh Cabang. Emakumezkoetan, 100 metroko hesidunean, Devynne Charlton, Jasmine Camacho Quinn eta Toby Amusan dira hautagai nagusiak.
Sha’Carri Richardson eta Shelly-Ann Fraser-Pryce: Jamaika eta AEB, azkarrenen lehia
Olinpiar Jokoetan, abiadurakoak izan ohi dira zirrara handiena sortzen duten probak. Atleta azkarrenen artean azkarrenak lehiatzen dira 100 eta 200 metroko lasterketetan. Eta, azken hamarkadetan, proba horietan besteen gainetik egon dira atleta jamaikarrak eta estatubatuarrak. Aurten ere aurrez aurre arituko dira bi herrialde horietako ordezkariak, batez ere emakumezkoetan. Lesio bat dela medio, Tokion bi proba horiek irabazi zituen atleta, hau da, Elaine Thompson-Herah jamaikarra ez da arituko Parisen. Baina haren selekzioak baditu urrea irabazteko hautagai sendoak, hala nola Shelly-Ann Fraser-Pryce eta Shericka Jackson. Lehenak bost aldiz irabazi du 100 metrokoa Munduko Txapelketa; eta bigarrenak, berriz, bitan 200 metrokoa. Halere, iazko Munduko Txapelketan, estatubatuar gazte batek garaitu zituen jamaikarrak 100 metroko proban: Sha’Carri Richardsonek. 200 metrokoan ere, baliteke estatubatuar batek aurre egitea jamaikarrei: Gabrielle Thomasek.
Gizonezkoetan, Noah Lylesek inoiz lortu gabeko urrezko domina eskuratu nahi du. Munduko Txapelketaren azken hiru aldietan urrea lortu du 200 metrokoan eta, 2023an, 100 metrokoa ere irabazi zuen. Tokion hautagai nagusia zen, baina Andre De Grasse kanadarrak irabazi zuen 200 metrokoa, eta Marcell Jacobs italiarrak 100 metrokoa. Aurten, beste izen bat ere agertu da, Usain Boltek jamaikarrei utzitako hutsunea bete dezakeena. Kishane Thompsonek urteko markarik onena egin du 100 metroko proban —23 urte ditu—.
Jakob Ingebrigtsen: Errekorra eskura du
Norvegiarra iraupen ertaineko probetako izen handienen artean sartu da azken urteetan. Jakob Ingebrigtsenek 23 urte ditu, eta Tokion urrea irabazi zuen 1.500 metrokoan. Gainera, Munduko Txapelketako azken bi aldietan, 5.000 metroko probak irabazi ditu. Eta munduko errekorra oso hurbil izan du aurten 1.500 metrokoan. 3 minutu eta 27 segundo baino gutxiago behar izan zituen proba osatzeko. 73 ehunenera dauka Hixam El Guerruj marokoarrak 1998an jarritako marka. Halere, aurkariak ez zaizkio faltako. Britaniarrek bitan garaitu dute Munduko Txapelketetan: 2022an, Jake Wightmanek eta, iaz, Joshua Keerek. Etxean ere badu beste arerio bat: Narve Gilje Nordas norvegiarra.
Baina iraupen ertainean izen bat nabarmentzekotan, Faith Kypiegonena azpimarratu behar da. Kenyarrak joan den uztailean hobetu egin zuen 1.500 metroko munduko errekorra, berak ezarria. Jokoen azken bi aldietan urrea irabazi du, baita Munduko Txapelketaren azken bi aldietan ere. Gainera, iaz, 5.000 metroko lasterketan ere munduko txapeldun izan zen. Parisen bi probak irabazten saiatuko da. Halere, Gudaf Tsegay etiopiarrak ez dizkio lanak erraztuko. Hura hurbildu da gehien Kypiegonen markara eta 1.500 metroetan; 5.000 metroetan, etiopiarrak du munduko errekorra. Bestalde, iraupen ertain eta luzeko proba gehienetan kontuan hartu beharko dute Siffan Hassan herbeheretarra.
Armand Duplantis eta Jaroslava Mahutxikh: Ea noraino igo dezaketen langa
Pertikaren arloko izen nagusia Armand Duplantis da. Inoiz egin diren bost jauzi garaienak harenak dira. Gehien hurbiltzen zaiona Sergei Bubkak egin zuen 1994an, baina 10 zentimetroren aldea dago suediarraren eta ukrainarraren saltoen artean. Duplantisek bere burua baino ez du arerio. Urtez urte, zentimetroz zentimetro, errekorra hobetzen ari da. Apirilean hobetu zuen azkenekoz. Eta, ezustekorik ezean, 6,24 metroan kokatutako langa izango da haren aurkari bakarra Parisen.
Aurten munduko errekor bat ezarri duen beste jauzilari bat Jaroslava Mahutxikh ukrainarra da. Uztailaren 7an, 2,10 metroko jauzia egin zuen Parisen, Jokoen aurretik egin zuten proban. Hala, zentimetro bat hobetu du Stefka Kostadinovaren marka, 1987tik indarrean zegoena. Mahutxikhek Nicola Olyslagers eta Eleanor Patterson australiarrak izan zituen alboan iazko Munduko Txapelketan. Eta horiek izango dira ukrainarrari gehien gerturatuko zaizkionak. Maria Lasitskene errusiarrak irabazi zuen urrea Tokion, baina ez da ageri bandera neutroarekin parte hartuko duten errusiarren zerrendan. Bestalde, euskal herritar batek ere parte hartuko du jauzietan; zehazki, luzerako jauzian arituko da Tessy Ebosele arabarra.
Halaber, jaurtiketetan ere badaude kontuan hartzeko zenbait izen: Ryan Crouserrek du munduko errekorra pisuan, Mykolas Aleknak diskoan eta Anita Wlodarczykek mailuan.