Kirolari batek, garaipen handi bat lortzeko, mugarri batzuk gainditu behar ditu bidean. Askotan, lehen urratsa egitea izaten da zailena, batez ere jende guztiak uste eta espero badu egin egingo duela. Gehienek espero zuten Maialen Chourraut piraguistak K1 eslalomeko sailkapen proba gainditu eta bihar laugarren domina olinpikoa lortzeko borroka egitea. Sailkapen proban distirarik egin gabe, baina lortu du.
2016an Rioko Jokoetan gertatu bezala, bigarren jaitsieran ziurtatu du sailkapena, lehenengoan ez baita fin aritu: hamazazpigarren amaitu du. Hobeto aritu da bigarren jaitsieran, eta, azkenean, hamahirugarren izan da sailkapen proban, baina bere onenetik urrun, halere. Brasilen urrea kolkoratu zuen antzeko egoera batean, eta seinale ona litzateke bihar ere gauza bera gertatzea. Gaur bete dira hiru urte Lasarte-Oriako piraguistak Tokion zilarra lortu zuenetik, eta urteurren hori ospatzeko modu bikaina izango litzateke bihar domina bat lortzea.
Lehen egunean ez da bete-betean aritu, baina Chourraut txapeldun handia da, egun handietan hazten diren horietakoa. Eta biharkoa halako egun bat da. Finalerdiak 15:30ean jokatuko ditu, eta, sailkatuz gero, finala 17:45ean. Biharkoaz bi hitz egin ditu Chourrautek: «Garrantzitsuena da aurrepausoa emana dagoela, eta finalerdietan nagoela. Bihar, finalerdietan, hutsetik hasiko naiz. Zirkuitua berria izango da».
Gaurko sailkapen jaitsieran, 25 piraguista lehiatu dira nor baino nor gehiago, 23 ateko zirkuituan. 22 onenek lortu dute finalerdietarako sailkatzea. Vaires-sur-Marneko kanala ez da oso konplexua, ur gutxi baitu. Baina, aldi berean, gune batzuetan ur mugimendu dezente ditu, eta hainbat zatitan trabatuta ibili dira piraguistak, batez ere 16. eta 17. ateen artean.
Chourrautek ez du zigorrik jaso lehen jaitsieran, baina kateatuta ibili da, ur mugimenduek gaindituta. Gainera, sailkapen probetan ohikoa duen moduan, ez du arriskatu nahi izan. Helmuga igaro ostean erakutsi duen aurpegiak argi uzten zuen ez zegoela gustura egindako lanarekin. 7. eta 8. ateen artean izan ditu lehen arazoak, eta horri buelta eman ezinda aritu da gero. 101.06 izan da haren denbora, marka onenetatik oso urrun. «Nahikoa trabatuta ibili naiz lehen jaitsieran, eta ez dut neure burua ondo ikusi uretan. Artista puntu hori falta izan zait».
Beste sei piraguista geratzen ziren helmugara iristeko, eta hamaikagarren tokian zen Chorraut. Azkenean, hamazazpigarren amaitu du lehen txanda, eta bigarren jaitsieran lortu behar izan du sailkapena. Lehen ahalegin horretan, Camille Prigent frantziarra izan da onena. Haren denbora 94.97 izan da —Chourrautek baino sei segundo gutxiago—.
Bestalde, urrea kolkoratzeko faboritoak, Jessica Foxek, sasoiko dagoela berretsi du. 95.20 izan da haren marka, eta bigarren amaitu du. Egungo txapeldun olinpikoa, Ricarda Funk, seigarren izan da, 97.15eko denborarekin.
Sentipen hobeak
Bigarren jaitsieran ia piraguista gehienek hobetu dituzte lehenengoan lortuak zituzten denborak. Chourrautek ere ondo estutu ditu hortzak, eta bost segundo hobetu du lehen jaitsieran egindako denbora: 96.33. Apur bat hobeto aritu da bigarren aldi horretan, askeago nabigatu du, baina ez ohikoa duen distirarekin eta oldarkortasunarekin. Gainera, bi segundoren zigorra jarri diote, bigarren atea ukitu duelako.
Azkenean, eguna amaituta, hamahirugarren geratu da, baina Foxengandik lau segundora soilik. Hura izan da aurrena: 92.18. Klaudia Zwolisnka izan da bigarren (93.03), eta Prigent hirugarren (94.67). Chourrautek zorrotz aritu da bere lanari buruz: «Bigarren jaitsieraren hasiera ere ez da ona izan, baina nabigazioa hor daukat, eta jaitsierari heldu diot... Hala ere, ez naiz izan ikusi nahi dudan Maialen hori».