Piraguista

Maialen Chourraut: «Lehen Jokoetako ilusioa eta zirrara nabari ditut»

Bosgarren Olinpiar Jokoetan arituko da Chourraut. Hiru domina olinpiko ditu dagoeneko. «Beste domina bat lortu edo ez, ondo lehiatuz gero pozik itzuliko naiz etxera», adierazi du. Eslalomean ez ezik, kayak krosean ere arituko da.

Maialen Chourraut, jaitsiera batean. ESPAINIAKO PIRAGUISMO FEDERAZIOA
Maialen Chourraut, jaitsiera batean. ESPAINIAKO PIRAGUISMO FEDERAZIOA
ainara arratibel gascon
2024ko uztailaren 27a
05:05
Entzun

Nahiz eta azken Munduko Kopan zilarra eskuratu zuen, Jesica Foxen atzetik, zuhur mintzatu ohi diren kirolari horietakoa da Maialen Chourraut piraguista (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983). «Horrek ez dizu ziurtatzen Parisen emaitza on bat lortzea». Aldi olinpiko hau ez da Tokiokoa bezain gorabeheratsua izan, eta eskertu du. Gaur izango ditu sailkatze jaitsierak eslalomean.

Zer aldarterekin iritsi zara Parisera?

Ondo nago. Uste dut sasoirik onenean ailegatzen naizela Joko hauetara. Oso eskertuta nago hori lortzen lagundu didaten guztiekin. Ni lehiatuko naiz, baina talde bat dut inguruan, eta izugarri lagundu didate iritsi naizen moduan iristeko. Haiek ere ahalegin handia egin dute.

Tokiora sailkatzeko bidean gorabehera asko izan zenituen: aitaren heriotza, piraguara egokitzeko arazoak, COVID-19aren pandemia... Oraingo honetan lasaiagoa izan da bidea, ezta?

Bai. 2022. urtean ebakuntza egin zidaten sorbaldan. Piraguan nengoenean, sorbalda nuen buruan etengabe. Beldurra nuen min hartzeko. Muga bat zen lehiatzean eta entrenatzean. Zorionez, ondo osatu nintzen ebakuntzatik, eta piraguarekin ere ez dut arazorik izan. Kezka horiek ez izatea oso lagungarria izan da. Dena den, beti izaten da gorabeheraren bat. Baina urteak aurrera egin ahala, beti ikusten dituzu halakoak aukera baten moduan, eta harro sentitzen zara horiek gainditzeko gai izan zarelako. Bestalde, une onez gehiago disfrutatzen ikasten duzu.

Aldi olinpiko hau motzagoa izateak lagundu egin dizu?

Egia esan, ez dut desberdintasun handirik antzeman. Jokoak prestatzeko modua berdina izan da.

Lehiatu zaren azken txapelketa Munduko Kopa izan da, Polonian, eta zilarra eskuratu zenuen Jessica Foxen atzetik sailkatu ostean. Seinale ona da hori, ezta?

Bai, polita da. Entrenamenduetan bizkor nenbilen, eta Jokoen aurreko txapelketan hori berrestea garrantzitsua da, konfiantza ematen dizu. Baina horrek ez dizu ezer ziurtatzen, eta hori argi izan behar da. Azken batean, txapelketa bakoitza mundu bat da, eta, behin amaituta, alde batera utzi behar da. Gainera, aurkariak ere indartsu daude, eta ni bezala lehiatzeko gogoarekin eta ilusioarekin.

«Nire indarguneei erreparatu behar diet, eta horietako bat eskarmentua izan daiteke, Jokoek asko dutelako emozioti

Joko batzuetan lehiatzeak beti eragiten du ilusioa eta zirrara. Baina bosgarrenak izanda, sentipenak berdinak al dituzu?

llusioa eta zirrara berberak dira. Tokioren ostean, jarraitu edo ez jarraitu egon nintzen. Segitzeko arrazoi nagusia, Parisko Jokoak izan ziren. Beste behin sentitu nahi nuen Joko batzuetan egoteak eragiten eta dakarren guztia, eta, alde horretatik, oso gogotsu nago. Gainera, Parisen izateak berezi egiten ditu, etxetik gertu direlako. Bestalde, Europan dago piraguismoarekiko zaletasunik handiena, eta hori ere garrantzitsua da. Ziur nago Joko zoragarriak izango direla.

Zer moduz moldatu zara kanalera?

Ondo. Hainbat egonaldi egin ditugu han, nahiz eta azken urtean ez garen bertan asko entrenatu. Sailkatze probak genituen Seu de Urgellen, eta denbora asko eman genuen han. Ondo prestatu nahi genituen. Oso gogorrak izan ziren. Noizbehinka, Jokoetatik kanpo ikusi nuen neure burua. Baina, zorionez, sailkatzea lortu nuen, eta lasaitua hartu nuen. Kanalera itzulita, ferra formakoa da, Riokoaren eta Tokioren oso antzekoa. Teknikoki ez da oso konplexua, baina bai ur mugimendu txiki asko dituena. Gainera, modu batera edo bestera beti bilatzen dute zailtasuna, eta kasu honetan ziur nago jarriko dizkiguten zirkuituak konplexuak eta exijenteak izango direla.

Gazteak indartsu datoz. Baina Tokion esan zenuen esperientzia erabakigarria izan zela domina lortzeko. Kasu honetan ere hori izan daiteke zure indargune nagusia?

Lehiatuko garen piraguista guztiek ditugu gure ahulguneak eta indarguneak, eta nik nireei erreparatu nahi diet. Eskarmentua indargune horietako bat izan daiteke, Olinpiar Jokoek asko dutelako emoziotik, batez ere finalera iritsiz gero.

Estreinakoz, bi modalitatetan arituko zara: eslalomean eta kayak krosean. Gustura?

Aukera handi bat da Olinpiar Joko batzuetan bi probetan aritzea. Aurten ez naiz askorik lehiatu modalitate horretan, baina iazko emaitzak onak izan ziren. Modalitate berria da, eta nik berandu heldu diot. Asko dut ikasteko. Hala ere, oso gustuko dut. Oldarkorragoa izan behar duzu arraunean, eta atsegin dut buruz buruko hori. Baina, aldi berean, min hartzeko arrisku handiagoa dago, eta kontu handiagoz ibili behar duzu. Egia esan, baterako entrenamenduak besterako balio dit.

Non ikusten duzu domina bat lortzeko aukera handien?

Buruan dudan bakarra, bietan nire onena ematea da, lehiaketa on bat egitea. Hori lortuz gero, bai domina eskuratu edo ez, gustura itzuliko naiz etxera. Gainera, domina lortzearena ez dago nire esku bakarrik, ur bizietan beti dagoelako arriskua edozein ur mugimenduk dena hankaz gora jartzeko. Tokion, adibidez, jaitsiera amaitu nuenean ez nekien zer postutan amaitu nuen, baina pozik nengoen ondo eta sendo nabigatu nuelako.

Tokion baino piraguista hobea zara?

Horretarako egiten dut lan egunero, helburu horrekin joaten naiz entrenamendu eta lehiaketa bakoitzera. Hori da kirolari baten pizgarri nagusia. Balioa eman behar diozu hobetu duzunari, baina, aldi berean, ezin zara horrekin konformatu, eta hobetzen jarraitu behar duzu, beti dagoelako hobetzeko zerbait.

Tokion domina irabazi eta gero, alabak ondorengoa esan zizun: «Ama dagoeneko baditugu hiru dominak: urrea, zilarra eta brontzea». Zer esaten dizu orain? Asko estutzen zaituzten horietakoa da?

Ez, ez, ez nau estutzen. Hura ere ilusio handiarekin dago. Ohituta dago nire txapelketetara etortzera, eta niretzat pizgarri handia da hura ondoan izatea. Piraguismoaren zale amorratua da, eta aritu ere aritzen da. Pixkanaka ikasten ari da emaitza ez dela dena, eta balioa eman behar zaiola bideari, egindako ahaleginari, hori dela garrantzitsuena. Izan ere, gauzak ez dira beti nahi bezala ateratzen. Gure egitekoa da hori irakastea.

Euskal Herriko beste bi piraguista lehiatuko dira Jokoetan: Miren Lazkano eta Pau Etxaniz. Nola ikusten dituzu?

Ederra da haiek bertan egotea. Dagoeneko erakutsi dute zertarako gai diren nazioarteko txapelketetan, eta ziur nago etorkizunean ere hala egingo dutela. Izan ere, egunerokoan oso ondo lan egiten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.