Olinpiar Jokoak

Ledecky eta Biles, markaz marka

AEBetako igerilariak bere ibilbideko urrezko bederatzigarren domina irabazi du Olinpiar Jokoetan, eta orain arte emakume bakarrak lortua zuen hori. Biles herrikideak, berriz, gimnastikan jokoan izan dituzten hiru urrezko dominatatik hirurak irabazi ditu.

Katie Ledecky igerilaria, atzo, 800 metroko estilo libreko urrezko dominarekin. LAVANDEIRA JR. / EFE
Katie Ledecky igerilaria, atzo, 800 metroko estilo libreko urrezko dominarekin. LAVANDEIRA JR. / EFE
mikel rodriguez
2024ko abuztuaren 4a
11:14
Entzun

AEBek Parisko Olinpiar Jokoetara ekarri dituzten izar nagusietako bik markak xehatzen jarraitzen dute. Oraingoan, irabazitako urrezko dominei dagozkienak. Katie Ledecky igerilariak estilo libreko 800 metroen lasterketa irabazi zuen atzo Ariarne Titmus australiarrarekin buruz buruko estua izan ondoren. Ledeckyk bere ibilbidean irabazi duen urrezko bederatzigarren domina da, eta orain arte emakume bakarrak lortua zuen hori: Larisa Latinina gimnasta sobietarrak, 1956ko Melbourneko Jokoen eta 1964ko Tokiokoen artean. 

Kirolari bakarrak irabazi ditu bederatzi urrezko domina baino gehiago, baina gaur-gaurkoz berdindu ezin den marka bat da: Michael Phelps igerilari estatubatuarrak 23 irabazi zituen, Atenasko 2004ko Jokoetan hasi eta Rio de Janeiroko 2016koetaraino. Ledeckyk, hori bai, herrikidearen marka bat berdindu du: harekin batera igerilari bakarra da lau Olinpiar Jokotan urrezko domina irabazten. «Ikusita hori Michaelek bakarrik egin duela, horrek erakusten du zein zaila den», adierazi zuen atzo, 800 metroko probaren ondotik. 

Ledeckyk atzoko lehiarekin bukatu ditu Olinpiar Jokoak. Urrezko bi domina irabazi ditu —1.500 metroko eta 800 metroko estilo libreetan—, zilarrezko bat —200 metroko estilo librean, erreleboka— eta brontzezko bat —400 metroko estilo librean—. Denera, hamalau domina irabazi ditu ibilbide olinpikoan. Ledeckyk 27 urte ditu, eta lau urte barru AEBetan eginen dituzte Jokoak, Los Angelesen. Igerilariak ez du ziurtatu horietan parte hartuko duenik, eta erran du «urtez urte» ikusi beharko duela zein egoeratan dagoen. 

Bilesen zazpigarren urre olinpikoa

Simone Biles gimnastak, berriz, urrea irabazi zuen atzo zaldiko finalean. Iragan ortzegunean jokatu zuten bakarkako final orokorra, eta aparatuetako finalei ekin diete asteburuan. Bada, orokorrean egin bezala, lehenbiziko aparatuko finalean ere urrea irabazi du estatubatuarrak. Jadanik hiru irabazi ditu Parisen, taldekako finalean AEBak gailendu baitziren. Hirutik hiru, hortaz.

OLINPIAR JOKOAK - GIMNASTIKA
Simone Biles gimnasta, atzo, zaldiko proban irabazitako urrezko dominarekin. MOHAMMED BADRA / EFE

Urrezko zazpigarren domina olinpikoa irabazi du atzokoarekin, eta bertze hiru emakumeren marka berdindu du horrela: Vera Caslavska gimnasta txekoslovakiarrarena —Erromako 1960ko Jokoen eta Mexiko Hiriko 1968koen artean irabaziak—, Allyson Felix atleta eta herrikidearena —Atenasko 2004koen eta Tokioko 2020koen artean irabaziak— eta Svetlana Romaxina igeriketa sinkronizatuko errusiarrarena —Pekingo 2008koen eta Tokioko 2020koen artean lortuak—. Bilesek lau emakume ditu aitzinetik: Birgit Fischerrek piraguismoan eta Isabelle Werthek doman zortzina urre dituzte —alemaniarrak biak—, eta Latininak eta Ledeckyk bederatzina. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.