Parisko karrikek eta bereziki Montmartreko Lepic karrikak gaur ere orro egin dute txirrindulariak pasatzean. Ikuskizun paregabea eman dute ziklistek emakumezkoen iraupen luzeko errepideko proban, ilea laztuta eta aulkitik altxatuta ikusteko moduko ikuskizuna, eta emaitza ere paregabea izan da. Tokioko 2020ko Jokoetan bezala, espero ez zen garailea izan du probak: Kristen Faulkner estatubatuarra. Onenen gurpilari eustea ez ezik, azken unean haiek ezustean harrapatzea lortu du. Helmugaratzea ere ezustekoa izan du, ez baititu besoak altxatu, horretarako astia bazuen ere, eta ez du ospatu argazkilarien pare-pareraino ailegatu den arte. Haren gibeletik jokatu den esprintean erabaki dira bertze dominak, eta faborito nagusietako birentzat izan dira: Marianne Vos herbeheretarrarentzat zilarra, eta Lotte Kopecky belgikarrarentzat brontzea.
Faulknerrek helmugan erran du bazekiela urrezko domina irabaztear zela, baina lorpena «hain handia» denez ezin izan dituela besoak altxatu ere egin. Ez da gutxiagorako. Montmartreko lehenbiziko igoeran osatu da talde erabakigarria, eta Faulkner bera protagonista izan da lasterketaren buru hori egiteko. Azken kilometroetan, Vos eta Hungariako promes gazte Blanka Vas izan dira buruan, eta 25 segundoren aldea ere kendu diete hurrengoei. Hirugarren eta azken igoerara gerturatzen ari zirela, bazirudien urrea bien artean jokatuko zutela, baina gibeletik Kopecky eta Faulkner hurbildu zaizkie, eta kaskoan lau segundoren aldea baino ez zuten. Faulknerrek gogotik egin du lan lasterketaren buruarekin bat egiteko, eta Kopecky berekin eraman du aitzinera. Sena ibaiaren gainean bat egin dute laurek, helmugarako hiru kilometro eta erdi bakarrik falta zirela.
Hiru aurkariak bizkorragoak dira esprintean, eta Faulknerrek aukera bakarra zuen: bakarrik jotzea. Laurek bat egin eta gutxira egin du hori. Gibelean, Kopecky eta Vos elkarri begira gelditu dira, bata bertzearekin mesfidati, eta Vas gazteak beteranoei utzi die erantzukizuna. Faulkner abila da erlojupekoan, eta horrela ireki du urreranzko bidea. 31 urte ditu, eta palmaresean ditu, bertzeak bertze, Italiako Giroko bi etapa eta mendiko sailkapena (2022), eta Espainiako Vueltako etapa bat (2024). Giroan egun batez jantzi zuen liderraren maglia arrosa. Hortaz, orain arteko garaipenik handiena du gaurkoa.
Ihesaldiak biderik ez aurten
Jeannie Longo ziklismoaren mito frantziarrak eman dio irteera ofiziala tropelari —urrezko domina bat irabazi zuen Atlantako 1996ko Jokoetan iraupen luzeko proban, zilarrezko bat proba berean Bartzelonakoetan (1992), zilarrezko bertze bat Atlantan erlojupekoan, eta brontzezko bertze bat erlojupekoan Sydneyn (2000), beste garaipen anitzekin batera—. Giro eguzkitsua zegoen irteeran, bero saparik gabe, eta haizexka freskoak jotzen zuen, baina ufada bareekin. C+C Music Factory-ren Gonna Make You Sweat (Everybody Dance Now)-ren erritmoan atera dira 14:00etan 158 kilometroko ibilbidea egitera.
Nora Jencusova Eslovakiako ordezkari bakarrak hogeigarren kilometroan jo du aitzinera, eta 30 kilometro egin ditu bakarrik. Harekin bat egin du bortzeko talde batek: Hanna Tserakh bielorrusiarrak —independente gisa parte hartu du, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak Bielorrusia zigortuta duelako—, Thi That Nguyen vietnamdarrak, Rotem Gafinovitz israeldarrak, eta Afganistango bi ordezkariek, Fariba eta Yulduz Haximi ahizpek. Sei minututik goitiko aldea ateratzea lortu dute, baina Herbehereek Ellen Van Dijk lokomotorra lanean paratu dutenean, alde hori txikitzen hasi da.
Izan ere, Tokioko Jokoetan eguneko ihesalditik atera zen garailea, eta Herbehereek ez dute orduko hutsegitea errepikatu nahi izan: Annemiek van Vleuten faboritoak aurkari azkarrenei aitzina hartu zien, eta besoak altxatu zituen helmugan; Jokoetan irratirik gabe korritzen denez, ziklistek ez dute zuzeneko informaziorik, eta Herbehereetako txapeldun handia ez zen jabetu ihesaldiko ziklista bat minutu eta hamabortz segundo lehenago sartua zela helmugan. Anna Kiesenhofer austriarra izan zen faboritoak ezustean hartu zituen txirrindulari hori. Irteeraren aitzinetik esatariak Tokioko garaipenaren inguruan galdetu dio Kiesenhoferri, eta «sinestezina» izan zela erran du. Gaur, ezin izan du Tokioko balentria errepikatu, eta tropelari ezin jarraituz aritu da.
Lepic karrikako lehen igoera baino lehen, Chloe Dygert erori egin da, eta tropela moztu du; gibelean gelditu dira, bertzeak bertze, Kopecky, Vollering eta Wiebes
48 kilometro falta zirela harrapatu dituzte ihesaldian gehien iraun dutenak, Tserakh eta Haximi ahizpetan gazteena, Fariba. Montmartreko lehenbiziko igoera hasteko kilometro bat falta zen, eta orduantxe gertatu da lasterketako gertaera erabakigarrietako bat: Chloe Dygert estatubatuarra —erlojupekoko brontzezko dominaduna— erori egin da, eta tropela moztu du. Gibelean geratu dira, bertzeak bertze, Kopecky, eta bi faborito handi: Demi Vollering eta Lorena Wiebes herbeheretarrak. Baita Kasia Niewiadoma poloniarra eta Cecile Uttrup Ludwig danimarkarra ere.
Montmartreko Lepic karrikaren hasierara ailegatzean, Mavi Garcia Espainiako selekzioko ziklistak eta Faulknerrek erritmoa bizkortu dute, eta bederatzi txirrindulariko talde bat osatu da kaskoan. Kopeckyk Vollering eta Wiebes gibelean utzi ditu, eta bakarrik jazarri dio lasterketaren buruari. Hagitz arriskutsua zen talde horrekin agudo bat ez egitea, bertzeak bertze hor baitzeuden bertze bi faborito handi: Elisa Longo Borghini aurtengo Italiako Giroaren irabazlea eta Vos bera. Baina munduko txapeldunak Montmartreko lehenbiziko jaitsieraren ondotik lortu du bat egitea. Hamar laguneko talde bat osatu da, hortaz, eta 40 segundoren aldea atera dio Volleringen eta Wiebesen taldeari. Wiebes ahalegindu da aitzinekoekin bat egiten, baina ez du lortu.
Vas, saririk gabe esprintean
Bigarren igoeran, kaskotik hurbil, Pfeiffer Georgi ingelesa bakarrik joan da, eta jaitsiera bukatu ondotik harrapatu dute. Marta Lach poloniarrari gurpila zulatu zaio, eta azken itzulian hamarreko taldea bederatzikoa bihurtu da. Britainia Handiko taldeak hiru ziklista zituen hor, eta aukera hori baliatu du taldea xehatzeko: 22 kilometroren faltan, Elizabeth Deignanek erasora jo du, eta Vosek eta Vasek bakarrik jarraitu diote kemen osoarekin. Kopecky ez da mugitu, eta erritmoa moteldu dute gibelean. Hirukotea ongi moldatu da, eta lau kilometroan 24 segundora handitu du aldea. Kopuru perfektua izan da ihesaldi bat egiteko, domina bana segurtatzen baitzituzten horrela.
Deignan, ordea, akituta zegoen, eta ezin izan dio jarraitu Vosen eta Vasen erritmoari. Bazirudien ia dena irabazi duen beteranoa eta etorkizun handia duen gaztea buruz buru lehiatuko zirela Trocaderon, baina Faulknerren kemenak urrea kendu die. Vosen, Kopeckyren eta Vasen esprinta estu-estua izan da, eta hungariarra gelditu da saririk gabe.