Olinpiar Jokoak

Kolpeak indartsuago egin du

Jose Maria Basterra eta Rafael Villalonga hockey jokalariek Jolasetan hasi zuten beren kirol ibilbidea. Orain, batera arituko dira Parisko Olinpiar Jokoetan. Bihar 10:00etan jokatuko dute ligaxkako lehen partida, Britainia Handiaren aurka.

Jose Maria Basterra, partida batean jaurtiketa bat egiten. STEFAN DEEMS / EFE
Jose Maria Basterra, partida batean jaurtiketa bat egiten. STEFAN DEEMS
ainara arratibel gascon
2024ko uztailaren 26a
05:10
Entzun

Kirolari gehienek diote garai txarretatik gehiago ikasten dutela onenetatik baino. Hala gertatu zaio Jose Maria Basterra Chefo hockey jokalariari (Getxo, Bizkaia, 1997). Iaz, Max Caldasek, Espainiako selekzioko hautatzaileak, Munduko Txapelketarako deialditik at utzi zuen. «Egia esan, kolpea izan zen. Baina autokritika egin nuen, eta harro nago nigan sinetsi eta aurrera egin nuelako». Tokion izan zuen estreinakoa Joko batzuetan, eta hiru urte geroago makilari helduko dio berriz ere Parisen. «Ilusio berbera daukat, baina Joko batzuek zer esan nahi duten jakinda». Tokioko Olinpiar Jokoak «ikasgai handia» izan zirela onartu du. «Orain, horretan jarraitu nahi dut». Euskal Herriko beste jokalari bat ere izango da bertan: Rafael Villalonga.

Basterra txikitatik izan da Olinpiar Jokoetako «zale amorratua». Atzera egin du: «Hockeya aukeratu nuen arte, tenisean ere jokatzen nuen, eta, bietako batean Jokoetan egotearekin amesten nuen. Jokoak izaten ziren aldiro, telebistaren aurrean egoten nintzen, eta kirol guztiak ikusten nituen: arku tiroa, boleibola, waterpoloa... berdin zitzaidan». Orain, murrizketarik gabeko Joko batzuk bizi ahal izango ditu, ez Tokion bezala. Joko batzuetatik bestera hiru urte egotea, kirolarientzat ona edo txarra den ere aztertu du: «Uste dut hiru urte dela egokiena. Baina zail ikusten dut aldatzeko, tradizioa lau direlako».

Munduko Txapelketatik kanpo geratzea mugarri izan zen harentzat. «Egunerokoan baino ez nintzen hasi pentsatzen, eta arreta osoa nire klubean jarri nuen. Are gogorrago hasi nintzen entrenatzen». Handik gutxira jaso zituen zelaian lan horren fruituak. Espainiako Kopa eta Liga irabazi zituen Madrilgo Club de Campo taldearekin, eta sasoiko jokalaririk onena eta golegile nagusia izan zen. 26 sartu zituen. Denboraldi honetan ere hala izan da. Gainera, jokatu dituen 25 partidetan 41 gol sartu ditu. Hain zuzen, hori da haren ezaugarri nagusia. Tokion ez zuen alerik sartu, eta arantza hori ateratzen ahaleginduko da Parisen. Badu horretarako aukera. Izan ere, orain gehiago jokatzen du. «Tokion, azken batean, ezustean sartu nintzen deialdian, taldekide batzuk COVID-19a hartu zutelako. Orain bestelakok dira gauzak». Gainera, penalti kornerrak jaurtitzeko aukera izango du. Tokion jaurtitzen zituenak, Pau Quemadak, erretiroa hartu zuen Jokoen ostean.

Onartu du deialdia eman aurreko asteak «tentsio handikoak» izan zirela. «Londresen egin genuen egonaldia, eta bakoitzak gure onena eman genuen. Zaila zen entrenatzea. Baina behin deialdia jakinda, denek lasaitua hartu genuen, eta azken hilabetean oso prestakuntza ona egin dugu. Orain, lehiatzen hasteko irrikaz gaude». Deialdian ez egonda ere, pozik dago «jokalari moduan» izan duen bilakaerarekin. «Teknikoki Tokion ez nituen kontzeptuak barneratu ditut, batez ere paseak eman eta pilota geratzeko orduan. Azken horri esker, abantaila lortzen duzu aurkariaren aurrean, eta gol bat egiteko funtsezkoa da hori».

Villalongarengatik pozik

Bai Europako zein Munduko txapelketetan emaitza onak ez lortu arren, Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko torneoan lortu zuen Espainiako selekzioak Pariseko sailkatzea. Oso itxura ona emanda egin zuen, gainera, finalera iritsi baitzen. «Bertan Belgikaren aurka galdu genuen, egungo Olinpiar txapelduna. Oso ondo lehiatu ginen. Uste dut hori dela gure indarguneetako bat. Gai gara selekzio indartsuenen kontra buruz buru lehiatzeko. Gehiago kostatzen zaigu aurkaririk ahulenen kontra jokatzea».

Alde horretatik, egokitu zaien multzoa «aproposa» dela uste du. Britania Handiaren (bihar, 10:00), Herbehereen, Alemaniaren, Frantziaren eta Hegoafrikaren aurka neurtuko dituzte indarrak. «Oso multzo gogorra da, eta zaila izango da sailkatzea. Baina aurrera eginez gero,  kanporaketak errazagoak izango dira. Hori abantaila handia da. Herbehereak eta Hegoafrika dira multzoko talderik indartsuenak. Herbehereen aurka izan ezik, beste guztiei irabazi diegu, eta oso partida gogorrak eta lehiatuak izango dira».

«Rafa [Villalonga] anaia txiki bat bezala da niretzat, eta ilusio handia egiten dit esperientzia hau harekin partekatzeak. Merezi du» JOSE MARIA BASTERRA Hockey jokalaria

Helburuaz galdetuta, argi mintzatu da. «Kontuan izan munduko zerrendan zortzigarren postuan gaudela, erronka final-laurdenetarako sailkatzea izango dela, eta hortik aurrera emaitza oso ona izango litzateke». Euren indarguneetan sinetsi behar dutela nabarmendu du. «Uste dut Tokion oso talde gaztea ginela. Parisko Jokoak, berriz, oso adin egokian iritsi zaizkigu. Eskarmentua pilatzen joan gara hiru urte hauetan, baina aldi berean talde gazte baten izaera ausart eta sortzaileari eutsi diogu». Honela definitu du euren jokatzeko era. «Defentsan ondo aritzea da gure jokoaren oinarria, eta erasoan jokaldiak ondo eta pazientziaz biribiltzea».

Basterra pozik dago Villalonga Jokoetan egongo delako. Lehen aldia izango du «Nahiz eta lau urte eman gure artean, momentu asko partekatu ditugu. Orain, gainera, talde berean gaude. Anaia txiki bat bezala da niretzat. Haren familia ere gertukoa dut, eta ilusio handia egiten dit esperientzia hau harekin partekatzeak. Merezi du bertan egotea. Biak Jolasetan hasi ginen, eta klubarengatik ere pozten naiz». Jokalari moduan honela definitu du Villalonga. «Gaztea da, ausarta eta oso trebea makilarekin. Jokalari gutxik dute hark aurkariei izkin egiteko duen ahalmena. Gainera, jokoa interpretatzeko gaitasun handia dauka, bai eta zuloak topatzeko ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.