OLINPIAR JOKOAK

Julien Alfredek 100 metrokoa irabazi du, eta lehen domina lortu Santa Luziarentzat

10.72 denbora eginda irabazi du Julien Alfredek 100 metroko finala. Atletak historiako lehen domina irabazi du bere herrialdearentzat. Bigarren izan da Sha’Carri Richardson, eta hirugarren, Melissa Jefferson.

Alfred santaluziarrak Richardson hautagai nagusia eta Jefferson garaitu ditu. FRANCK ROBICHON / EFE
Alfred santaluziarrak Richardson hautagai nagusia eta Jefferson garaitu ditu. FRANCK ROBICHON / EFE
ainara arratibel gascon
Paris
2024ko abuztuaren 4a
06:00
Entzun

Karibeko herrialde txiki bat da Santa Luzia. 180.000 biztanle eskas ditu, eta sekula domina olinpikorik irabazi gabe zegoen herrialdeetako bat zen. Bada, jada badu bat. Julien Alfred atletak eman dio. Ez nolanahikoa, gainera. Alfredek 100 metrotako finala irabazi baitu gaur, 10.72ko denbora lortuta. Loria harentzat, eta haren herrialdearentzat. Sha’Carrri Richardson estatubatuarra zen urrea kolkoratzeko faboritoa; hark zuen urteko markarik onena, 10.71. Baina finalerdietan jada Alfredek hark baino denbora hobea egin du, eta finalean nagusitasuna berretsi du, 10.72ko denborarekin. Bigarren, azkenean, Richardson izan da (10.87), eta hirugarren, Melissa Jefferson estatubatuarra (10.92). Urte biribila darama Alfredek. Izan ere, Pista Estaliko Munduko Txapelketa irabazi zuen 60 metrokoan. Estadioan egiten zuen euriak ere ez du geldiarazi. Finalak beste hainbat datu esanguratsu utzi ditu. Izan ere, 1988tik, lehen aldia da podiumean Jamaikako lasterkaririk ez dagoela; Seuldik, eta 2000tik, Sydeneytik, ez duela proba AEBetako atleta batek irabazi.

100 metroak Olinpiar Jokoetako probarik garrantzitsuenetakoa da, eta estadioan nabari zen egun handi horietako bat zela. Sherica Jackson jamaikarrak, 100 metrokoan parte hartzeari uko egin, eta arreta 200 metrokoan jarri ostean, arretagunea Richardsonengan zegoen jarrita. Lehia polita espero zen haren, Shelly Fraser Pryce Jamaikakoaren eta Julien Alfred Santa Luziakoaren artean. Hirurak, gainera, finalerdietako lasterketa berean ziren lehiatzekoak, bigarrenean, bata bestearen alboko kaleetan. Baina hor iritsi da albistea. Berotzen aritu ostean, Fraser Pryce ez da lehiatu. Pena izan da, erretiroa hartuko baitu Jokoak amaitu ostean, eta 2004tik Olinpiar Jokoetako 100 metroko podiumetan egona zen. Bitan, gainera, koskarik gorenean: Pekinen eta Londresen. Horrenbestez, ezin izan dio bere garaipen zerrenda oparoari ginga jarri. Finalerdietan denborarik onena Alferdek egin du 10.84, gero Richardsonek (10.89), eta hirugarren, denbora berarekin, Tia Clayton jamaikarrak. Finalean espero zitekeen buruz burukoaren aurrerapena eskaini dute Alfredek eta Richardsonek. 

Euria gogotik egin du finala jokatu denean, eta horrek egoera arriskutsuan jarri du pista. 21:20 pasatxoan, zortzi finalistak irteera arrastoan zeuden, banan-banan aurkeztuak izan ostean. Estadioa isildu, eta ikusmin guztia haiengan jarri da. Alfredek atzetik aurrera eginda irabazi du. Izan ere, lehen metroetan ez da bizkorrena izan, baina berehala jarri da lasterketaren buruan, eta amaiera ikusgarria egin du: urrea eskuratu, eta bere herrialdeko ikur bihurtu da. 

Gizonezkoena, bihar

Bihar jokatuko dira gizonezkoen finalerdiak (20:05) eta finala (21:50). Gaurko sailkapenean Kenneth Bednarek egin du denborarik onena: 9.97. Noha Lyles faboritoak 10.04ko denbora egin du, eta hamabigarren izan da; haren segidan sailkatu da egungo txapeldun olinpikoa, Marcel Jacobs: 10.05.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.