Zalantzarik gabe, kirol ekitaldi garrantzitsuenak dira Olinpiar Jokoak. Salbuespenak salbuespen, Munduko Futbol Kopa bezala, lau urtean behin egiten dira, baina beste dimentsio bat dute. Munduko kirol eta diziplina garrantzitsuenetako kirolariak, emakume zein gizon, elkartzen dira, eta urrezko domina eskuratzearekin egiten dute amets; beste kirol txapelketa handietan parte hartzeko aukera ez duten herrialdeak ere bertan egoten dira. Ilusio handia pizten dute txoko askotan, eta jende askok aurrez entzunak ere ez zituen lekuen izenak ikasten ditu. Mundua, baina, gatazkatsua da, eta poztasun eta euforia horri lekua kentzen dio batzuetan.
Gerrak, izan militarrak, diplomatikoak edo komertzialak, egunkarien azaletan daude etengabe, eta horrek isla du Olinpiar Jokoetako parte hartzean. Eta hasi berri diren Jokoen kasua horren adibide garbia da. COVID-19aren krisiak markatu zituen aurreko Olinpiar Jokoak, baina, oraingoan, gatazka geopolitikoek. 2021eko abuztutik hona, estatu kolpeak areagotu egin dira Sahelen; Afganistanen, kolpe leun baino eraginkor batekin, talibanek boterea berreskuratu dute; eta Txinaren, Europako Batasunaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko harremana gaiztotu egin da, muga zergengatik. Baina hiru urteko denbora tarte hau markatu duten gertakariak Ukrainako inbasioa eta Israel Gazan egiten ari den sarraskia dira.
Errusiako tankeak 2022ko otsailean Ukrainan sartu eta berehala hasi zen Errusia zigorrak jasotzen. Gutxitan ikusi da hain ekintza azkar eta irmoa halako maniobra militar bat egin duen herrialde baten aurka nazioarteko komunitate deiturikoaren partetik: segituan utzi zuten SWIFT banku sistematik kanpo, aire trafikoa moztu zuten, eta inportatzeko eta esportatzeko zigorrak jaso zituen. Eta kirolean ere segituan utzi dituzte txapelketa gehienetatik kanpo. Bada, Olinpiar Jokoak ez dira salbuespena: Errusiak ez du parte hartuko Parisko Jokoetan, baina ezta Bielorrusiak ere, Putinen aliatua dela argudiatuta.
Azken Olinpiar Jokoetan ere Errusiak ez zuen bere izenean parte hartu, eta kirolari errusiarrak Errusiako Batzorde Olinpikoaren izenean aritu ziren, herrialde horretan dopin sistema antolatu bat zegoela akusatuta; hala, Errusiako kirolariek banan bana eskatu behar izan zuten parte hartzeko baimena, eta uniforme neutral batekin eta Errusiako banderarik gabe parte hartu zuten.
Bada, oraingo honetan, ezta hori ere: Errusiak eta Bielorrusiak ez dute ez modu batera ez bestera parte hartuko, eta kirolari errusiar eta bielorrusiar batzuek besterik ez dute parte hartuko, herri ordezkaritzarik gabeko kirolari gisa. Baina, hor egon ahal izateko, kirolari horiek, eskatutako markak egiteaz gain, beste ezaugarri batzuk bete behar dituzte: Ukrainako inbasioari inoiz babesik eman ez izana, esaterako. Guztira, hamabost atleta errusiar izango dira Parisen, eta hamazazpi bielorrusiar.
Israeldarrek, arazorik ez
Nazioarteko Olinpiar Batzordeak Israelen inguruan hartutako erabakia, baina, oso ezberdina da. Errusiako eta Bielorrusiako banderarik ezingo da ikusi Parisen, baina bai Israelgoak, Nazioarteko Olinpiar Batzordearentzat «ez baitira kasu bera» Ukrainako eta Palestinako gatazkak. Hala azaldu zuen martxoan Olivier Beckersek, Olinpiar Jokoen Koordinazio Batzordearen presidenteak: «Errusiari jarritako zigorraren oinarria da Errusiak eta Errusiako Olinpiar Batzordeak Gutun Olinpikoaren oinarrizko elementuei iruzur egin diela. Israelgo eta Palestinako batzordeak bakean existitzen dira aldi berean».
Olinpiar Jokoen hasieratik egon da polemika Israelen parte hartzearen inguruan. Gizonezko futbolean Maliren aurka jokatu zuen Israelek joan den astean, eta hainbat zalek Palestinaren aldeko aldarriak erakutsi zituzten Israelgo ereserkia entzuten zen bitartean. Kalean ere egon dira arazoak: joan den ostiralean manifestari sionisten eta Palestinaren aldekoen arteko liskarrak egon ziren. «Jokoen zurikeria» salatzen ari ziren manifestari batzuen aurrean sionista talde bat jarri zen, eta, Palestinaren parte hartzearen aurka oihukatzeaz gain, «antisemita» deitu zieten parekoei. Poliziak Israelen aldeko manifestariak babestu zituen, eta inguruan zeuden hainbat manifestari eta kazetari bultzatu zituen.