Helburua bezainbeste ametsa izan da John Cabangentzat (Irura, Gipuzkoa, 2001) Olinpiar Jokoetan parte hartzea. 110 metroko hesiduna baino lasterketa luzeagoa izan da prozesua; izan ere, horraino heltzeko, hesi asko gainditu behar izan ditu. Ametsa bete duen arren, ezin izan du borobildu, lesio baten ondorioz ezin izan baita bigarren aukeran lehiatu. Distantziatik ikusi zuen bere txandako lasterketa. Biharamuna oraindik goizegi zaio, gertatutakoari distantziaz begiratzeko.
Zer moduz zaude?
Triste. Olinpiar Jokoetara iritsi naiz, eta hemen lasterketa bati ezetz esateak bihotza hausten dit. Hala ere, nahi ez nuen horixe zen erabaki zuzena.
Mina, hala ere, sailkatzeko lehen probatik zenuen...
Bai. Bezperan molestiak sentitzen hasi nintzen, eta minagatik ezin nuen korri ere egin. Taldeko fisioterapeutek eta medikuek minik ez sentitzeko tratatu ninduten. Beroketan hala izan zen, baina min handiarekin egin nuen korrika. Asko behartu nuen, eta horrek hurrengo lasterketarako baliogabetu ninduen. Behintzat, pentsatzen nuen: «Olinpiar Jokoetan korrika egin izan dut». Poztasun hori nuen.
Zenbat iraun zizun gogobetetasun horrek?
Ez askorik. Oinez ibili ezinda gelditu nintzen. Bi egun pasatu nituen ohean etzanda. Pentsatzen nuen behartu gabe eta lasai egonda, pasatuko zitzaidala. Baina, ez.
Parte ez hartzearen erabakia azkeneraino luzatu zenuen?
Esperantza ez da galtzen, ezta? [Barre txiki bat egin du] Olinpiar Jokoak dira, eta agian bizitzan behin bakarrik izango dut hemen egoteko aukera; beraz, azkeneraino saiatu nintzen. Estadiora joan ginen, Espainiako federazioko fisioterapeutei eskatu genien iritzia, hainbat saiakera egin genituen —hesgailuekin-eta—, baina ezinean nenbilen. Bi aukera nituen: bata, hanka anestesiatzea eta korri egitea, horrek denboraldi luze batez pistetatik kanpo utziko ninduela jakinda; edo ez lehiatzea, eta etorkizuneko helburuetan zentratzea. 2028a nire urtea izango dela sinistea.
Bigarrenaren alde egin zenuen.
Atzerako kontaketa bat zen, eta ni ez nintzen erabakia hartzeko gai. Erlojuari begiratzen nion, entrenatzaileari... halako batean, negarrez hasi nintzen, eta entrenatzaileak ulertu zuen zer erabaki nuen.
Erabakia hartuta, Olinpiar Hirira ala harmailetara joan zinen?
Bertatik bertara ikusi nuen lasterketa, bai; tripan korapiloa nuela. Lehiatzeko gogoz geratu nintzen, marka ez baitzen oso ona izan. Minari eusteko gai izango banintz, sailkapenean aurrera egiteko aukera handia izango nuen. Baina batek jakin: hesiak oso teknikoak dira, eta hutsak garesti ordaintzen dira, baina...
Hori jakinda, damuaren zama ala indarra sentitzen duzu?
Indarra eman zidan ikusteak posible dela. Konfiantza dut nigan. Uste dut oraindik hobetu dezakedala. Lau urte ditut horretarako.
«Ordezkatzeko eskatu zidan lehen selekzioa Espainiakoa izan zen, baina ezetz esan nien. Nire ama filipinarra da, eta berak zirikatu ninduen Filipinarekin aritzeko» JOHN CABANGAtleta
Filipinekin lehiatu zara. Hori ere zure erabakia izan da.
Ordezkatzeko eskatu zidan lehen selekzioa Espainiakoa izan zen, baina ezetz esan nien. Harrerako haurra naiz, eta nire ama filipinarra da. Berak zirikatu ninduen Filipinarekin aritzeko. Egia esan, berari ikaragarrizko ilusioa egiten dio, baina baita niri eta Irurako familiari ere. Guztioi. Harrera oso ona egin didate, familia baten kide sentitu naiz. Ez naiz damu hartutako erabakiaz.
Filipinetako hedabideak zer-nola ari dira jokatzen zuekin?
22 kirolarik osatzen dugu taldea, ez gara asko. Eta, hala ere, sentitzen dugu interesa dutela gugan. Hango aldizkaririk ezaguneneko kazetari eta argazkilari bat gurekin daude, Olinpiar Hirian, eta etengabe ematen ari dira gure berri.
Espaniakoren batek jo al du zure atea?
Baten batek, baina gutxik. Zentzua ere badu, ez bainaiz haien ordezkaria.
Eta Euskal Herritik?
Gehienbat nire lagunen eta familiaren babesa heldu zait. Presioa ere eragin dezake hedabideetan oihartzuna izateak. Askotan, badirudi dena dugula irabazteko edo dena galtzeko, eta ez da zuria edo beltza.
Sentitu duzu presio hori?
Ni herrenka iritsi naiz; beraz, ez nuen presio hori, sailkatzeko behar hori. Banekien denboraz banuela aukerarik, eta gogoz ere bai [barreak]. Presioa baino gehiago, desioa nuen.
Eta estadioak, adibidez, ez dizu presiorik eragin?
Alderantziz, motibatu egiten nau. Entrenatzen nagoenean ikusleak egoteak lotsarazi egiten nau, baina lehiaketa egunak ezberdin bizi izaten ditut. Giroan sartzen naiz, eta horrek on egiten dit. Gainera, aurretik, Asiako Txapelketan izan nintzen, Txinan. Han are jende gehiago bildu zen, eta, txinatarren bat lehiatzen zenean horrenbeste animatzen zuten, ezen belarriak tapatu behar izaten genituen. Pentsa! Esperientzia horrek lagundu zidan Olinpiar Jokoetarako.
«Ez nuen presiorik, sailkatzeko beharrik. Banekien denboraz banuela aukerarik, eta gogoz ere bai. Presioa baino gehiago, desioa nuen» JOHN CABANGAtleta
Lasterketako egunean, hasierako aurkezpenetan, kamerari kasu egin zenion. Aipatu zenuen etxekoei kasu egiteko zela, ikus zezaten non zeunden. Gerora haiekin hitz egiteko aukerarik izan duzu?
Bai, noski. Beraientzako, honaino iritsi izana harro egoteko modukoa da. Ikaragarria. Niretzat ere bai, baina behin hemengo burbuilan egonda, pasatutakoa pasatuta, sentipen gazi-gozoa daukat. Aukera zukutu nahi nuen. Babestu egin naute hartutako erabakian, eta eskertzen dut hori. Guk, atletok, perfekzioaren bila gabiltza, eta beti nahi dugu hobetu. Gehiago nahi izate horrek egindakoa gutxiestea ere ekar dezake, eta hori ere ez dut nahi.
Ez da erraza honaino iristea...
Oso gogorra izan da bidea. Iazko uztailean oraindik ez nekien sailkatuko nintzen ala ez. Ametsa zen, baina bi lehiaketa on egin ostean, lor zitekeen helburu moduan jarri genuen. Horretarako, txapelketa askotan parte hartu behar izan dut, puntuak lortzeko. Eta gorputzak, azkenean, geratzeko esan dit. Lehertu egin da, justu, Olinpiar Jokoen bezperan.
Izango duzu gorputzari kasu egiteko aukerarik?
Bai, orain indarberritzen zentratuko naiz.