Atleta

Jauzi batean Olinpiar Jokoetara

Tessy Ebosele lehen aldiz ariko da Olinpiar Jokoetan, luzerako jauzian. Argi dauka helburua: «Ahalik eta gehien gozatu eta entrenatutako guztia erakutsi nahi dut». Gaur sailkapenean ariko da, eta aurrera egingo balu, etzi, finalean.

Tessy Ebosele, Atletismoko Munduko Txapelketan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Tessy Ebosele, Atletismoko Munduko Txapelketan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2024ko abuztuaren 6a
05:00
Entzun

Nerabea zela hasi zen Tessy Ebosele (Gasteiz, 2002) atletismoko jauzi diziplinak probatzen, 14 edo 15 urterekin. Hasieratik argi zeukan ez zuela beste ezer egingo: «Beste modalitateren bat probatu izan dut, baina luzerako jauzia eta jauzi hirukoitza ditut gustuko». Lehen aldiz parte hartuko du Olinpiar Jokoetan, gaur (11:15) eta etzi (20:00) —finalerako sailkatzen bada—. Emaitzei dagokienez, garbi mintzatu da: «Xedea da entrenatzen aritu naizen guztia argitara ekartzea, eta ez daukat helburu zehatzik buruan».

Marokon jaio, eta urtebeterekin iritsi zen Euskal Herrira. Ama migratzailea du, Nigeriakoa. Ebosele harro dago, eta baikor da: «Besteak bezalakoa naiz, baina zentzu batzuetan desberdina ere banaiz, eta positiboa da. Migratzeak bizi esperientzia berezia eman dit».

Badago Ebosele berezi egiten duen beste zerbait: aurten Parisera doala. Lehen Olinpiar Jokoak ditu, baina ez zuen bertara iristerik espero. «Ume askori handitan zer izan nahi duten galdetu, eta Olinpiar Jokoetara joan nahi dutela esango dizute. Baina ez nintzen horregatik hasi. Arrazoiak askoz sinpleagoak eta naturalagoak izan ziren: ondo pasatzea, jendea ezagutzea, bidaiatzea, ikastea, atleta onenekin elkar bizitzea... Jokoetan parte hartzea amets bat da, noski, baina ez zen hasierako helburua».

Duela hiru bat urte Guadalajarara (Espainia) lekualdatu zen, entrenatzera: atletismoa orduan bihurtu zitzaion bizimodu. Eboluzionatzeko eta ikasteko aukera eman dio: «Pertsona gisa hazteko aukera eman dit». Ezin da zalantzan jarri onuragarria izan dela: iaz senior mailako lehen txapelketa izan zuen, eta gazteentzako probetan domina ugari lortu ditu. Eta aurten Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu. Asko kosta zitzaion sinestea. «Zur eta lur geratu nintzen».

«Xedea da entrenatzen aritu naizen guztia argitara ekartzea, eta ez daukat helburu zehatzik buruan» 

TESSY EBOSELE Luzerako jauzilaria

Denboraldian ez du gehiegi pentsatu Olinpiar Jokoetan. «Mugatu egiten zaitu, eta hobe da egunerokoan zentratzea». Halere, orain, buru-belarri dabil prestakuntzan. Proba asko izan ditu aurten, beste denboraldietan baino gehiago, eta prestakuntza psikologiko berezia jaso du. Lehiaketen maila handituz doa, eta sendotasun mental handiagoa behar du. «Emaitzen arloan buru osasuna % 50 da. Fisikoki ondo egon arren, burua ez badaukazu ondo, oso zaila da». Gurasoen, familiaren, lagunen, entrenatzailearen eta psikologo baten laguntzaz baliatu da. Alderdi fisikoari dagokionez, teknika aldetik hobetu du; hala ere, ez du zehazten indargunerik. «Entrenatzaileari galdetu».

Argi utzi du zein den jauzi on bat egiteko gakoa: «Entrenatzea, entrenatzea eta entrenatzen jarraitzea». Horrela definitzen du bere egunerokoa. «Hartzen ditudan erabaki gehienak kirolari lotuta daude. Gehienbat entrenatu egiten naiz, eta, etxera joatean, atseden hartu eta indarrak berritu. Bizitzaz gozatzea ez zait ahazten, noski, baina kirolak du garrantzirik handiena. Horregatik eta horretarako bizi naiz».

«Txapelketa batera noanean, ez dut kontrarioengan pentsatzen. Atletismoa ez dut besteengatik egiten. Arrazoi pertsonalengatik, pozagatik eta ekarpenengatik egiten dut» 

TESSY EBOSELE Luzerako jauzilaria

Olinpiar Jokoak aurretik bizi gabeko esperientzia izango dira Eboselerentzat. Beste atleta batzuek ez bezala, hark ez du buruan emaitza zehatzik. Antzera gertatzen da markarik onena gainditzeko asmoarekin. «Lehiaketa guztietan espero dut hori, baina gauza asko behar dira horretarako: nagusiki, lehiaketaz eta esperientziaz benetan gozatzea». Filosofia argi du: «Norbera alaia denean eta gustura ari denean, eta fisikoki eta mentalki ondo dagoenean, gauzak pixkanaka-pixkanaka lortzen dira». Kirolaren alde ona deitzen dio sinesmen horri. «Horregatik, Jokoen xede nagusia ahalik eta gehiena gozatzea da».

Ez du iritzi berezirik aurkarien inguruan: «Txapelketa batera noanean, ez dut kontrarioengan pentsatzen. Atletismoa ez dut besteengatik egiten. Arrazoi pertsonalengatik, pozagatik eta ekarpenengatik egiten dut». Aldi berean, ez dago besteak baino gehiago laudatzen duen inor, eta lehiakideen arteko giro ona azpimarratu du Eboselek: «Ez dago giro txarrik. Bakoitza borrokatzera doa eta ahalik eta ongien lehiatzera. Besterik ez».

Eta Parisen ondoren, zer? Orain arte egin duen bezala, ez du marka espezifikorik edo helburu zehatzik buruan. Gozatzea da asmoa. Luze gabeko jomuga da ondoan dauzkan pertsonak, azken urte hauetan animatzen aritu direnak, harro sentitzea: «Esperientziaz haiekin batera gozatu nahi dut». Luzera begirako jomuga, berriz, «entrenatzen jarraitzea, kirolaz egunero geroz eta gehiago gozatzea eta bizitza bizitzea» dela dio.

Ez du ametsik etorkizunerako: gaur egun egiten duen bezala, nahiago du egunetik egunera bizi eta unean uneko erronkei aurre egitea, etorkizunari begia bota gabe. Umiltasuna dario kirolariaren pentsamoldeari, eta lasaitasun osoz iritsi da Parisera. Haren alde daudenei hitz batzuk esateko eskatuta, zera esan du: «Mila esker orain nagoen lekura iristeko bidea emateagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.