«Parte hartzaile gehienek nik baino eskarmentu handiagoa dute. Baina horrek ez nau kezkatzen. Zoriontsu naiz piragua baten barruan, eta hori erakutsi nahi dut. Gehien gustuko dudana lehiatzea da, eta hau aukera oso handi baten gisa ikusten dut; presiorik gabe noa». Gazte batek duen ausardiarekin mintzo da Pau Etxaniz piraguista (Donostia, 2001). Estreinakoz lehiatuko da Olinpiar Joko batzuetan. Gaur egun goi mailako kirolaria da, baina moda diseinuko ikasketak ere egin ditu. Josteko makinarekin eta orratzarekin bezain fin aritu nahi du Parisen. Gaur ekingo dio lehiari; 16:00etan izango du lehen sailkapen proba.
Donostian jaio arren, urtebeterekin Seu de Urgellera (Herrialde Katalanak) joan zen bizitzera. Aita, Xabier Etxaniz, piraguismoko entrenatzailea du, eta herri horrek lotura handia du piraguismoarekin, dituen kanalengatik. 6 urterekin hasi zen bera piraguismoan. «Aitarekin ordu asko ematen nituen kanalean, hura nola entrenatzen zen ikusten. Probatu egin nuen, eta kateatu egin ninduen. Lehiatzea gustatzen zitzaidan, batez ere». 18 urtez azpiko Munduko Txapelketa izan zen goi mailan lehiatu zen lehen txapelketa, Bratislavan. Bidea egiten hasi zen, aurten Olinpiar Jokoetarako sailkatu den arte.
«Ondo eta indartsu» helduko die Jokoei. «Prestakuntza espero bezala joan da, eta uste dut lan ona egin dudala». Batzuei ezustean iristen zaie Jokoetara joateko aukera. Etxanizek «harrokeriarik gabe», aukera hor ikusten zuela onartu du. «Banekien ez zela erraza izango. Baina, iaz, adibidez, taldeko onena izan nintzen Munduko Txapelketan, eta barnean egiten diren probak ere irabazi egin nituen. Lana biribiltzea falta zitzaidan, eta lortu dut. Sailkatze probetan asko ikasi dut, oso gogorrak izan ziren, eta lehia estua izan genuen. Uste dut horrek piraguista gisa hobetzen lagundu didala. Aitarekin eta Maialenekin [Chourraut] sailkapena partekatzea ederra izan zen».
Aita, funtsezkoa
Aita funtsezkoa izan du bere ibilbidean. 2020an, Seu de Urgell utzi, Donostiara etorri zen entrenatzera. Aita gaur egun bertan bizi baita. «Uste dut erabaki hori funtsezkoa izan zela ni Jokoetan egoteko. Asko estutzen nau, baina aldi berean asko irakasten dit, eta badaki une oro zer behar dudan. Hark baino hobeto ez nau inork ezagutzen. Hura baino hoberik ez dago»
Entrenamenduetan asko gozatu du. «Uste dut teknikoki une on batean iristen naizela. Baina hori gero uretan erakutsi behar da. Izan ere, gure kirolak duen gauzetako bat da teknikoki ondo egoteak ez dizula ziurtatzen ondo lehiatuko zarenik. Edozein huts txiki garesti ordaintzen duzu». Baina horri ez dio beldurrik, eta honela definitu du bere burua. «Piraguista ausart bat naiz, oldarkorra eta teknikoa. Jaitsiera bakoitza bete-betean bizitzea gustatzen zait, atzera begiratu gabe, eta arreta ate bakoitzean jarriz».
Gorpuzkeraz txikia da, eta horrek lagundu egiten dio teknikoa izaten. «Baina zirkuituak gero eta konplexuagoak dira, eta fisikoki ondo egotea ere ezinbestekoa da. Horrek ahalbidetzen dizu teknikoki dituzun ahalmen guztiak baliatzea». Horretan ere aurrerapauso bat eman du. «Egia da piraguistek gehiago disfrutatzen dugula uretako entrenamenduetan, baina entrenamendu fisikoak ere ezinbestekoak dira. Azkenaldian potentzia eta indarra landu ditut, eta antzematen ari naiz aldea».
«Askotan imajinatu dut momentu hau, aspalditik. Neure buruari ez diot mugarik jarri nahi. Baina argi dago finalerdi on bat egitea emaitza ona izango zela» PAU ETXANIZPiraguista
Badu «konfiantza». «Askotan imajinatu dut momentu hori, aspalditik. Neure buruari ez diot mugarik jarri nahi. Baina argi dago finalerdi on bat egitea emaitza ona izango zela». Paris horren gertu egonda, maiz egon dira hango kanalean entrenatzen. «Baina kanal bat guztiz ezagutzea oso zaila da, beti dago ezusteren bat. Ezin da dena kontrolpean izan». Gainera, berak ez dio asko erreparatzen kanalaren egokitasunari. «Aitak beti esaten dit piraguista on batek gaitasuna izan behar duela edozein kanaletan jaitsiera on bat egiteko. Egokitzeko gaitasun handia izan behar dugu. Aitaren gomendioa oso presente daukat beti, eta uste dut asko balio izan didala. Moldatzeko gaitasun hori nire ezaugarri nagusietako bat da».
Joskintza, ikasgai eta pasio
Dena den, azaldu du kanala «jostalaria» dela. «Olatu txiki asko ditu, eta zati batzuetan aparra. Beraz, erraz joan dakizuke apur bat piragua, eta, alde horretatik, kontuz ibili behar duzu. Baina niri gustatzen zait» Aitak ondorengo gomendioa eman dio. «Lasai egoteko esan dit, eta, batez ere, gozatzeko». Baita Chourrautek ere. «Biek asko dakite nola prestatu behar diren Olinpiar Jokoak, zein izan behar duen bide orria. Txikitatik ikusi ditut lanean, eta egia esan horrek asko laguntzen du». Hala, argi du nola nahi duen altxatu, lehiatzen amaitu eta biharamunean. «Pozik egon nahi dut, eta nire onena eman dudala sentitu».
Prest du piragua. «Bi urte daramatzat harekin. Apur bat gastatua dago, baina probatu ditudan besteetan ez naiz harekin bezain eroso aritu. Beraz, horrekin lehiatzea erabaki dut. Aitak asko laguntzen dit hura zaintzen, eta ni ere kontu handia izaten saiatzen naiz». Olinpiar Jokoak «barrutik» bizi nahi ditu. «Aitak beti esan dit izugarria dela olinpiar hiriko giroa. Skatea asko gustatzen zait, eta haietako batzuk ikusi nahiko nituzke, baita saskibaloi jokalariak ere».
Piraguismoarekin batera, Etxanizek beste pasio bat du: moda diseinua. Batxillergoa amaituta hasi zen horri lotutako gradu bat egiten. «Beti izan naiz sortzailea. Ama diseinatzaile grafikoa da, eta uste dut horrek eragina izan duela. Prozesu guztia gustatzen zait: patroia egiten hasi, eta josteraino. Etxean josteko bi makina ditut. Behin piraguismoa utzi ostean, horretan hasi nahiko nuke. Orain, gainera, goi mailako kirolaren egunerokoaz ahazten laguntzen dit». Eskolako lanak tarteko diseinatu du dagoeneko arroparen bat.