Olinpiar Jokoak

Jada txapeldunak dira

Errefuxiatuen Talde Olinpikoa hirugarrenez jarraian ari da lehiatzen Olinpiar Jokoetan. 37 kirolarik osatzen dute, eta guztiak istorio gogorren protagonista dira.

Errefuxiatuen Talde Olinpikoa, inaugurazio ekitaldian. TERESA SUAREZ / EFE
Errefuxiatuen Talde Olinpikoa, inaugurazio ekitaldian. TERESA SUAREZ / EFE
2024ko abuztuaren 1a
05:10
Entzun

206 olinpiar batzorde ari dira parte hartzen Parisko Olinpiar Jokoetan. Batzuek ehunka atleta eramango dituzte Parisera —esate baterako, Ameriketako Estatu Batuek 598; beste inork baino gehiago—, eta beste batzuek, berriz, bakarra —Belizek eta Myanmarrek, adibidez—. Batzordeak herrialdeak izan ohi dira; hala ere, beti ez da hala. Horixe da Errefuxiatuen Talde Olinpikoaren kasua.

Izenak dioen bezala, Errefuxiatuen Talde Olinpikoko partaide guzti-guztiak errefuxiatuak dira, jatorri oso ezberdinetakoak. 2015ean sortu zen taldea; izan ere, urte hartan nabarmen handitu zen Europara joan ziren errefuxiatuen kopurua. Egoera ikusita, NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordea errefuxiatuen talde bat eramaten ahalegindu zen 2016ko Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetara, baita lortu ere. Horren harira, hau esan zuen Thomas Bach NOBko presidenteak: «Errefuxiatuen Talde Olinpikoak aparteko mezu bat bidali du: errefuxiatuek ekarpen nabariak egiten dizkigutela, bai komunitate olinpikoari, bai gizarteari. Atleta horiek lehiatzen ikustea momentu ederra da guztiontzat, eta espero dugu mundu guztiak gurekin bat egitea. Kirolari horiek ongi etorriak dira gure komunitate olinpikoan, beste guztiekin batera. Batera lehiatzen dute, elkarren aurka, baina elkarrekin bizi dira».

Hamar kirolari ziren orduan, hiru kiroletan: atletismoan, judoan eta igeriketan. Tokioko Olinpiar Jokoetan, berriz, 29 atleta egon ziren. Aurten, 37 ari dira, hamabi kiroletan: atletismoan, badmintonean, borrokan, boxeoan, breakdancean, halterofilian, igeriketan, judoan, kanoan, taekwondoan, tiroan eta txirrindularitzan. Egitasmoa talde olinpiko soil batetik harago doa: NOBk diru laguntzak ematen dizkie kirolari errefuxiatuei, babes ekonomikoa izan dezaten entrenatzeko. Olinpiar Jokoetako atleta errefuxiatu gehienek jaso dituzte laguntzak.

Jokoetara iristea ez da inoiz lan erraza, baina bereziki neketsua da errefuxiatuak direnentzat. 100 milioi baino gehiago daude munduan, eta horien guztien omenez ari da Errefuxiatuen Talde Olinpikoa Parisen. Haien arazoak eta beharrak aldarrikatuko dituzte, eta horien bizipenak mundu osoan zabalduko dituzte. Izan ere, Mugimendu Olinpikoak zera dio: «Gure helburua da mundu baketsu eta hobe bat eraikitzen laguntzea. Horretarako, kirola erabili nahi dugu gazteak inolako diskriminaziorik gabe eta espiritu olinpikoarekin hezteko. Ezinbestekoa da jendeak elkar ulertzea, adiskidetasunaren, solidaritatearen eta bidezko jokoaren balioekin».

Cindy Ngamba, boxeolaria

Horietako bat Cindy Ngamba da (Kamerun, 1998). Bera da errefuxiatuen taldeak Olinpiar Jokoetara eraman duen lehen boxeolaria. 10 urterekin joan zen Erresuma Batura, eta han bizi da harrezkeroztik. Ezin da jaioterrira itzuli, lesbiana baita; homosexualitatea legez kanpokoa da Kamerunen, eta kartzela zigorra dakar. Bizi erdia baino gehiago Ingalaterran igaro duen arren, oraindik ez du nazionalitate britainiarra, eta zaila egin zaio han geratu ahal izatea; 20 urterekin Poliziak atxilotu egin zuen, migrazio kontuengatik.

Boxeolari gisa 15 urterekin hasi zuen ibilbidea. 2023ko Europako Txapelketan parte hartu zuen, errefuxiatuz osatutako talde batekin. Aurten Sailkapen Olinpikorako Boxeo Txapelketan parte hartu du, eta hala sailkatu da Jokoetarako. Britainia Handiko amateur txapelketetako irabazle izan da hiru kategoriatan. Parisen domina bat lortzeko aukera handiak ditu; errefuxiatuen taldeak lortutako lehena izango litzateke.

(ID_17223304327245) Cindy Ngamba. ANDY CHUBB / NOB
Cindy Ngamba. ANDY CHUBB / NOB

 

Saman Soltani, piraguista

Saman Soltani piraguistak (Iran, 1996) gogoan du errefuxiatu bihurtu zen eguna. Bartzelonako aireportuan zegoen gurasoen dei bat jaso zuenean. Mezu argi eta ozen bat: «Ez zaitez etorri. Ezkutatu nonbait». Hasieran ez zuen ulertu, baina gurasoak negarrez hasi ziren, eta orduan jabetu zen arriskuaz kirolaria. «Moralaren Polizia» haren bila zebilen. Gainera, Iranen iraultza giroa zegoen, eta Poliziarekin istiluak zeuden nonahi. Austriako ezagun bati deitu, eta Austriara egin zuen ihes egun hartan bertan. 2022ko uda zen.

Igeriketa sinkronizatuan aritutakoa da Soltani —6 urterekin hasi zen, eta hamar aldiz izan zen Irango txapeldun—, eta geroago piraguista bihurtu zen, atzerrian lehiatzeko aukera gehiago izateko. Asiako txapelketetan zilarrezko domina bat du. 2020an atseden hartu zuen, eta bi urte geroago itzuli zen kirolera; 2023an Austriako txapelketetako garaile izan zen maratoi eta esprint modalitateetan. Parisen emaitza onak lortzea espero du.

(ID_17223312190055) Saman Soltani. NOB
Saman Soltani. NOB

 

Jamal Abdelmaji, korrikalaria

Jamal Abdelmaji Eisa Mohammed (Barde, Sudan, 1993) korrikalariak oso txikitatik ezagutu izan ditu indarkeria eta heriotza. 2003an, Darfur eskualdean genozidioa bete-betean zegoenean, milizia batek su eman zion haren herriari, eta 97 pertsona hil zituen kolpe batez. Horietako bat haren aita zen. 10 urte besterik ez zituen atletak. 17 urterekin ihes egitea erabaki zuen, eta hiru egun egin zituen oinez, basamortuetan zehar.

2014. urtean hasi zen korrika, eta bost urte geroago egin zuen debuta, Atletismoko Munduko Txapelketetan. Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, 5.000 metroko lasterketan; beraz, aurtengoa ez du lehen aldia izango Jokoetan. Parisen 10.000 metroko proban arituko da distantzia ertaineko korrikalari hori.

(ID_17223318781345) Jamal Abdelmaji Eisa Mohammed. NOB
Jamal Abdelmaji Eisa Mohammed. NOB

 

Farzad Mansouri, taekwondolaria

2021eko uztailaren 23an hasi ziren Tokioko Olinpiar Jokoak. Han zegoen Farzad Mansouri (Parwan, Afganistan, 2002) taekwondolaria, haren aberriko bandera astintzen. Abuztuaren 8an amaitu ziren Jokoak. Zazpi egun geroago, talibanek Kabul inbaditu eta herrialdearen kontrola bereganatu zuten. Ihes egiteko ordua zen Mansourirentzat. Arriskutsua zen harentzat —eta kirolari ororentzat— bertan gelditzea. Aurreko gobernuarekiko leialtasuna erakutsi izana leporatu zioten Mansouriri. Afganistan talibanen esku egon zen azken aldian kirol guztiak debekatu egin zituzten, eta horren beldur ziren asko. Hiru aste besterik ez ziren pasatu dena edukitzetik esku hutsik geratu zen arte.

Kirolari dagokionez, ibilbide aparta izan du: 16 urterekin egon zen lehen aldiz Gazteen Munduko Txapelketan, urtebete geroago zilarrezko domina lortu zuen Gazteen Asiako Txapelketan, eta 19 urte soilik zituela lortu zuen Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Aurten asmo bakarra du buruan: urrezko domina.

(ID_17223322039485) Farzad Mansouri. NOB
Farzad Mansouri. NOB

 

Masomah Ali Zada, taldeko gidaria

Atleta horiek guztiak Masomah Ali Zada (Kabul, Afganistan, 1996) txirrindulari ohiaren gidaritzapean egongo dira. Ongi daki jaioterritik ihes egitea zer den; bi aldiz egin behar izan du. Jaio zen urtean, talibanek Afganistanen kontrola bereganatu zuten, eta kirolariak ihes egin zuen Iranera, familiarekin batera. Urte batzuk geroago itzuli egin zen, eta txirrindularitzan murgildu zen. Arrakasta izan zuen: Afganistango selekzioko kide izan zen. Hala ere, ez zen lan erraza izan: isekak eta heriotza mehatxuak jasaten zituen ia etengabe, eta 2016an norbaitek ia-ia hil egin zuen, nahita. Urtebete geroago errefuxiatu bihurtu zen berriro, eta Frantziara abiatu zen. NOBk beka bat eman zion entrenatu ahal izateko, eta 2020ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen txirrindularitzako erlojupeko proban. Aurten ez du atleta gisa parte hartuko, baina Errefuxiatuen Talde Olinpikoaren lidergoari eutsiko dio. Hark esana da: «Emakumeok nahi duguna egiteko askatasuna dugula erakutsi nahi dut».

(ID_14101605) Masomah Ali Zada. ANDRE PAIN / EFE
Masomah Ali Zada. ANDRE PAIN / EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.