Izarrak argiaren hirian

Udan Parisen arituko diren atleta guztiak paregabeak dira, baina batzuk nabarmentzekoak dira, eta argiaren hiri ospetsua ilusioz piztuko dute aurtengo Olinpiar Jokoetan.

2024ko uztailaren 25a
05:05
Entzun

Mathieu van der Poel. Hegalari herbeheretarra

Errepidean eta mendian, bietan moldatzen da ondo Mathieu van der Poel txirrindularia (Kapellen, Flandria, 1995). Palmares betea du: sei aldiz irabazi du Munduko Ziklo-kros Txapelketa, behin izan da Errepideko Munduko Txapelketako garaile –iaz, gainera–, bi aldiz irabazi du Flandriako Itzulia eta beste bitan Paris-Roubaix klasikoa, Frantziako Tourrean eta Giroan ere etapa bana irabazi du. Bere familiak ere lotura du txirrindularitzarekin, aita zein aitona txirrindulari arrakastatsuak izan ziren, eta horien oinatzei segika dabil Van der Poel. Tokioko Olinpiar Jokoetako mendiko proban egon zen, baina erori egin zen eta ezin izan zuen lehiaketa amaitu. Aurten errepideko lasterketan parte hartuko du. Lortuko al du lehen domina olinpikoa?

Mathieu van der Poel, Errepideko Munduko Txapelketan. ROBERT PERRY / EFE
Mathieu van der Poel, Errepideko Munduko Txapelketan. ROBERT PERRY / EFE

Janja Garnbret. Gora eta gora etenik gabe

25 urte soilik baditu ere, Janja Garnbretek (Slovenj Gradec, 1999) badu lekua eskaladaren Olinpoan. Esloveniarrak zortzi urre eta bi zilar irabazi ditu Munduko Txapelketetan, eta lau aldiz izan da Europako txapeldun. Nazioarteko Kirol Eskalada Federazioak antolatutako lehiaketetan hemezortzi urre lortu ditu; orain arte inork ez du lortu kopuru hori. Tokioko Olinpiar Jokoetan gailendu egin zen proba mistoan, eta lehen eskalada txapeldun olinpiko bihurtu zen, Joko horietan egin baitzuen diziplinak debuta. Aurten arrakasta errepikatzea espero du. Gora eta gora doa, inongo etenik edo oztoporik gabe. Eskaladan norbait nagusi bada, Garnbret da.

Janja Garnbret Eskaladako Munduko Txapelketan. ANTHONY ANEX / EFE
Janja Garnbret, Eskaladako Munduko Txapelketan. ANTHONY ANEX / EFE

Noah Lyles. Markak hausten

Noah Lyles (Gainesville, AEB, 1997) gizon atletarik onenetarikoa da gaur egun abiadura probetan. 26 domina lortu ditu guztira nazioarteko txapelketetan, eta gehiago espero ditu Parisen. 200 metroko lasterketako markarik onena, aurten eta oraingoz, harena da (19,53); gainera, 28 urtetan inork ez du lortu hark baino marka hobea AEBetan Olinpiar Jokoetara joango diren atletak hautatzeko egiten diren probetan. Lehen nazioarteko domina 2013an lortu zuen; urte bat geroago, Gazteen Olinpiar Jokoetan, lehen urrea lortu zuen; eta azken Olinpiar Jokoetan, Tokion, brontzea lortu zuen 200 metroko lasterketan. Sei aldiz izan da munduko txapeldun, eta azken aldiz Usain Boltek lortu zuen zerbait lortu du: munduko txapelketa berean 100 metroko lasterketa, 200 metrokoa eta 4x100 metroko txandakakoa irabaztea.

Noah Lyles Atletismoko Munduko Txapelketan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Noah Lyles, Atletismoko Munduko Txapelketan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

 

Faith Kipyegon. Palmaresa handitzera

Ez dago gaur egun Faith Kipyegon (Bomet, Kenya, 1994) baino emakume azkarragorik 1.500 metroko eta miliako lasterketetan. Hain zuzen ere, hark ditu diziplina horietako munduko markak. Gainera, iaz 5.000 metroko eta 1.500 metroko lasterketetako garailea izan zen munduko txapelketetan. Nabarmentzekoa izan zen Kipyegonen nazioarteko debuta: 2010. urtean izan zen, eta ez zeraman oinetakorik. Urte bat geroago, urrezko domina bat lortu zuen Munduko Kros Txapelketan, oinetakorik gabe. Olinpiar Jokoetan Londresen aritu zen lehen aldiz, eta geroztik Joko guztietan parte hartu du; Pariskoak izango dira laugarrenak. Lehena izan zen 1.500 metroko lasterketan Rio de Janeiron eta Tokion, eta berriro irabaztea espero du aurten. Guztira, 26 domina ditu nazioarteko txapelketetan oraingoz.

Faith Kipyegon Atletismoko Munduko Txapelketan. CJ GUNTHER / EFE
Faith Kipyegon, Atletismoko Munduko Txapelketan. CJ GUNTHER / EFE

Leon Marchand. Etxeko izarra

Leon Marchandek (Tolosa, Okzitania, 2002) haren gurasoek hasitakoarekin jarraitu nahi du: aita eta ama Olinpiar Jokoetan aritu izan dira igeriketan. Helburu bakar bat du Parisen, etxean: lehen olinpiar domina lortzea. Frantziako igerilaririk onenen artean dago, eta hainbat marka harenak dira: horien artean, lau estiloetako 200 metrokoa, tximeleta estiloko 200 metrokoa eta bular estiloko 200 metrokoa. Nabarmentzekoa da haren abilezia igeriketa diziplina ezberdinetan; ez da igeriketa estilo bakar batean soilik ona. 2023ko Munduko Txapelketan Michael Phelps estatubatuarraren marka bat hautsi zuen, lau estiloetako 400 metrokoa. Bost urrezko domina lortu ditu guztira munduko txapelketetan. Gertu du arrakasta Olinpiar Jokoetan.

Leon Marchand Igeriketako Munduko Txapelketan. TIBOR ILLYES / EFE
Leon Marchand, Igeriketako Munduko Txapelketan. TIBOR ILLYES / EFE

Katie Ledecky. Emakume historikoa

Emakumeen igeriketan ez dago Katie Ledecky (Washington, AEB, 1997) baino hobea denik. 46 nazioarteko domina ditu, eta gehiago lortzeko asmoa du Parisen. Ez dago emakume igerilaririk domina gehiago lortu dituenik. 2012an egin zuen debuta Olinpiar Jokoetan, Londresen, 15 urterekin; urrezko domina lortu zuen. Lau urte geroago, Rio de Janeiron, domina gehien lortu zuen emakumea izan zen: zazpi. Azken Olinpiar Jokoetan, Tokion, domina gehien lortu zuen emakume estatubatuarra izan zen. Errekorrak haustearen zalea da Ledecky: hamasei hautsi ditu, bereak dira gaur egungo 800 metroko eta 1.500 metroko markak estilo librean, eta iaz sei urre lortu zituen munduko txapelketa berean. Ez dago inor hori lortu duenik.

Katie Ledecky Igeriketako Munduko Txapelketan. HIROSHI YAMAMURA / EFE
Katie Ledecky, Igeriketako Munduko Txapelketan. HIROSHI YAMAMURA / EFE

Sky Brown. Gazteria nagusi

Britainia Handiko olinpiar atletarik gazteena izan zen Sky Brown (Miyazaki, Japonia, 2008), 13 urterekin Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuenean. Brontzezko domina bat lortu zuen skateboardingdiziplinan. Espero zen moduan, Parisen ere parte hartuko du. Brownen gaztetasuna nabarmentzekoa da, eta baita haren kirolaren berritasuna ere; duela oso gutxi bihurtu da olinpiar kirol. 10 urterekin bihurtu zen atleta profesional, eta Nike markaren babes ekonomikoa jasotzen hasi zen; hori lortu duen kirolaririk gazteena da. 2020an istripu larri bat izan zuen, eta haren aitak esan zuen hura bizirik atera izana «miraria» zela. Irristan ibiltzea ez da nahikoa, eta surflari gisa Olinpiar Jokoetan parte hartzen saiatu izan da.

Sky Brown Olinpiar Jokoetarako sailkapen proba batean. ZOLTAN BALOGH / EFE
Sky Brown, Olinpiar Jokoetarako sailkapen proba batean. ZOLTAN BALOGH / EFE

Tom Daley. Jauzia arrakastara

2008an Tom Daley (Plymouth, Ingalaterra, 1994) final batera iristen zen jauzilaririk gazteena izan zen. 14 urte besterik ez zituen. Gaur egun, munduko jauzilaririk onenen artean dago: hamalau domina lortu ditu guztira nazioarteko txapelketetan. 2012an eta 2016an brontze domina bana lortu zituen, eta 2020an iritsi zen hainbeste desiratutako urrezko domina; beste bat lortzea da Daleyren helburu nagusia Parisen. Aldarrikapen sozialen munduan ere ezaguna da Daley: 2017an Dustin Lance Black gidoilariarekin ezkondu zen, eta geroztik LGTBI komunitatearen eskubideen alde aritu da. 2021ean, LGTBI pertsonei heriotza zigorra aplikatzen dieten herrialdeei Olinpiar Jokoetan parte hartzea debekatzearen alde egon zen. Eliteko kirolaria izateaz gain, telebistan aritu izan da, gorako jauziari buruz hitz egiten; gainera, Youtubeko kanal bat du.

Tom Daley eta Daniel Goodfellow Igeriketako Europako Txapelketan. SEAN DEMPSEY / EFE
Tom Daley eta Daniel Goodfellow, Igeriketako Europako Txapelketan. SEAN DEMPSEY / EFE

Lisa Carrington. Harrotasuna

Lisa Carrington (Tauranga, Zeelanda Berria, 1989) piraguista da; apartekoa, gainera. Zeelanda Berriko olinpiar kirolaririk arrakastatsuena da 2021etik, dominen arabera: urrezko bost eta brontzezko bat ditu. Londresen (2012), Rio de Janeiron (2016) eta Tokion (2020) urrezko dominak lortu izan ditu —Zeelanda Berriko lehen emakumea da hori lortzen duena—, eta baliteke Parisen berriro gailentzea. Munduko txapelketetan —Olinpiar Jokoetan izan ezik— 22 domina ditu guztira, eta horietako hamabost urrezkoak dira. 2023an K-4 kanoa kategoriako munduko txapelduna izan zen, baina oraindik ez du dominarik lortu Jokoetan modalitate hartan; baliteke lehena Parisen lortzea. Maori komunitate indigenako kide da, eta aldarrikapenak egin izan ditu haien alde.

Lisa Carrington Munduko Txapelketan. TAMAS KOVACS / EFE
Lisa Carrington, Munduko Txapelketan. TAMAS KOVACS / EFE

 

AEBetako saskibaloi taldeak. Ametsetako taldea oraingoan

Ameriketako Estatu Batuetako emakumezkoen saskibaloi taldeak ez du behin ere galdu Olinpiar Jokoetan 1996tik. Gizonezkoen taldeak 2008tik darama porrot egin gabe. Bi selekzioen helburu nagusia, zalantzarik gabe, berriro urrezko domina lortzea da; hala ere, aldaketa nabarmen bat dago aurten. Ez zen ohikoa NBAko eta WNBAko izarrak Olinpiar Jokoetara eramatea, baina aurten LeBron James, Stephen Curry, Kevin Durant, Breanna Stewart, A’ja Wilson, Diana Taurasi eta beste aparteko jokalariak joango dira Parisera. Gaur egun, munduko saskibaloi selekziorik onena Estatu Batuetakoa da, eta gutxitan ikusi ohi den erabateko garaipena espero dute estatubatuarrek. Aurkariek ezingo dute gauza handirik egin urte askoan ikusi den talde onenaren aurka.

Breanna Stewart Saskibaloiko Munduko Txapelketan. JAMES GOURLEY / EFE
Breanna Stewart Saskibaloiko Munduko Txapelketan. JAMES GOURLEY / EFE

 

Anthony Edwards Saskibaloiko Munduko Txapelketan. FRANCIS R. MALASIG / EFE
Anthony Edwards Saskibaloiko Munduko Txapelketan. FRANCIS R. MALASIG / EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.