'Nos Diario' egunkariko berriemaile berezia Parisko Olinpiar Jokoetan

Yuri Carrazoni: «Harridura handia sortu zen Galizian Jokoetara joanen ginela iragartzean»

'Nos Diario' Galiziako egunkaria lehenbiziko aldiz ari da Olinpiar Jokoen berri ematen bertatik bertara. Kirolari galiziarren ibilbidea kontatzen ari da, galizieraz.

OLI ARTOLA APEZTEGIA
OLI ARTOLA APEZTEGIA
mikel rodriguez
2024ko abuztuaren 8a
05:05
Entzun

Galiziako Nos Diario egunkariko edizio digitalaren koordinatzailea da Yuri Carrazoni (Vigo, Galizia, 1997). Uztailaren bukaeratik, ordea, bertze egiteko bat du: Parisko Olinpiar Jokoetarako berriemaile berezia da. Nos Diario lehenbiziko aldiz ari da Jokoen berri bertatik bertara ematen.

Zer helburu edo gidalerro nagusi dituzue Olinpiar Jokoen berri emateko?

Kirolari galiziarren berri ematea da helburu nagusia, baita gai nabarmenen berri ematea ere. Ni edizio digitalaren arduraduna naizenez, ideia nagusia da arlo digitalerako edukiak sortzea, oihartzunik handiena izan dezakegun arloa baita, kontuan hartuta hemen aurkitu ditudala La Voz de Galicia-ko kazetari bat eta Radio Galega irrati publikoko bertze bat; nik uste, hemen gauden bakarrak gara hirurok. Gu baino handiagoak diren hedabideek ez dute inor bidali; orduan, hutsune hori betetzea dugu helburutzat. Gainera, Galiziak aurten inoiz baino kirolari gehiago ditu Jokoetan: 26 dira, eta bertze bortzek Galiziako lizentzia dute —ez dira Galizian jaioak, baina Xuntak [Galiziako Gobernuak] galiziartzat hartzen ditu—.

Hortaz, Galizian arreta mediatiko handia sor zitekeela ikusi zenuten.

Bai, eta kontuan hartu behar da Tokion [2020ko Jokoetan] Galiziarentzat inoizko domina kopururik handiena lortu zutela: sei domina zazpi atletaren artean —bi proba berean izan baitziren, piraguismoko K4ko 500 metrokoan—. Gainera, 30 bat kirolarirekin, Galiziak aukera zuen sei domina horiek gainditzeko eta historia egiteko, eta Espainiako Estatuaren barrenean duen pisua ikusita —Tokion hamazazpi domina izan ziren estatuarentzat, eta sei galiziarrenak ziren—, egunkariak nahi zuen luze eta zabal jorratu. Anitzetan estatuko hedabide handietan itzalpean gelditzen dira, eta guk haiek nabarmendu nahi ditugu.

Idatzizko prentsari dagokionez, lehenbizikoak al zarete Olinpiar Jokoei buruz bertatik bertara galizieraz berri ematen?

Telebista eta irrati publikoa alde batera utzita, nik dakidala lehendik ez du inork egin. Galizian hedabide handi guziek tranpak egiten dituzte; hau da, dena gaztelaniaz egiten dute, baina, Xuntak prentsari ematen dizkion laguntza deialdietara aurkeztu ahal izateko, galizieraz %10 argitaratu behar dute, eta webguneak gaztelaniaz dituzte, galizierara itzultzeko aukerarekin. Pentsatzen badugu hori badela Olinpiar Jokoen berri galizieraz ematea, orduan bai, egin izan da. Bertzela, ez. Baina hori arlo guziekin gertatzen zaigu, galizieraz argitaratzen den egunkari bakarra garelako.

«Egun hauetan hirian paseatze hutsa txundigarria da, eta uste dut Olinpiar Joko gehiagoren berri ematen dutenei ere horrela irudituko zaiela»

Mugarri bat paratzen ari zarete, hortaz.

Bai. Azken finean, Nos Diario-n beti dugu helburutzat gurea erdigunean paratzea; ez bakarrik gure egunkaria edo marka, baizik eta erakustea kazetaritza galizieraz egiten ahal dela, eta, kasu honetan, Galiziako kirola indartzea. Nos Diario-ren sortze helburua da: xornalismo por e para Galiza [kazetaritza Galiziarentzat eta Galiziarengatik].

Herrialde anitzetako jendea dago Parisen. Azalpen anitz eman behar izan al dituzu zure hedabidearen eta hizkuntzaren inguruan?

Zuei ere gauza bera gertatuko zaizuela pentsatzen dut, ezta? Jendeak akreditazioa begiratu bertzerik ez du egiten, eta Espainia ikustean barneratuta dauka espainieraz izanen dela. Horregatik, bertze hizkuntzak eta hedabideak daudela jakitean, harritu egiten dira anitzetan. Kanpoan ez dakite errealitate horren berri, baina tristea etxean gertatzen denean da. Harridura handia sortu zen Galizian Jokoetara joanen ginela iragartzean.

Izan al zinen inoiz kazetari lanetan horrelako ekitaldi handiren batean?

Ez, ez kirolean, ez bertze deusetan. Egun hauetan hirian paseatze hutsa txundigarria da, eta uste dut Olinpiar Joko gehiagoren berri eman dutenei ere horrela irudituko zaiela. Munduko kirolari onenekin gaude hemen, eta karrikan, estadioetan eta pabiloietan sekulako giroa dago. Olinpiar Jokoetan futbolean baino kiroltasun handiagoa izaten da, errate baterako —eta ni hagitz futbolzalea naiz; Celtako bazkidea naiz—; agian, liskarren bat-edo gerta daiteke, baina nire esperientzia izan da orain arte nazionalitate anitzetako jendea elkarrekin ikustea ikuskizunari guztiz emana. Horrek ez du kentzen, bistan denez, Olinpiar Jokoetan politika egotea, baina aparteko gai baterako emanen luke horrek, eta mintzatuko gara bertze batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.