Olinpiar Joko guzien antolatzaileek marka bat uztea dute helburu, berrikuntzaren bat egitea, edo ideia originalen bat praktikara eramatea, aitzinetik egin diren aldietatik bereizi eta ikusleen oroimenean txertatuak gelditu daitezen. Parisko 2024ko Jokoek diseinatua zuten berea: hiria bera jokaleku izatea, lehiaren gune anitz estadio itxietan eta kanpoaldean egin beharrean, mundu osoan ezagun diren eraikinen, plazen eta monumentuen ondoan eginda. Ikusleak gune olinpikoetara eraman beharrean, gune olinpikoak ikusleengana eramatea, eta, bidenabar, kamerariei eta argazkilariei bide ematea luzaroan oroituko diren irudiak hartzeko. Helburua lortu dute antolatzaileek, hasiera ekitalditik bertatik. Paris ikusi dute Jokoei begira izan diren zaleek, eta deusek ez du ikuskizuna hondatu. Horrek denak, ordea, izan du ordaina ere.
Segurtasunaren Jokoak izan dira 2024koak. Inoiz ez bezalako dispositibo bat abiarazi zuen Frantziako Gobernuak uztailaren erdialdean, eta ia hilabetez izan du indarrean. Parisko zoko guzietan ikusi ahal izan dira uniformedunak egun hauetan: gune olinpikoetan, gune turistikoetan, garraio publikoko geltokietan, baita kanpoaldeko udalerrietan ere. Gainera, hasiera ekitaldia egin ahal izateko, astebetez itxi zuten Sena ibaiaren bi hegietan sei kilometro luze zen eremu bat: ezin sartu hor, beraz, bizitokia bertan zutela edo lanerako bertaratu beharra zutela egiaztatzeko QR kode bat jaso zutenak bertzerik. Erdigunea hankaz goiti paratu behar izan dute.
Atentaturik ez da izan, ezta indarkeria ekintza nabarmenik ere. Hala ere, gertakari batzuek aztoramendua eragin dute: batetik, hasiera ekitaldiaren eguneko goizean —uztailaren 26an— Parisko tren geltoki nagusietan sortu zen kaosak, trenbideetan egin zituzten sabotajeen ondorioz —handik bi egunera hasi ziren tren zerbitzuak berriz ere normal lanean—; bertzetik, zuntz optikoko azpiegituren kontrako erasoak; eta, azkenik, zibererasoak. Trenbideetako sabotajeen ondotik are gehiago gogortu zuten zaintza geltokietan, baina gertakari horiek ez zuten aldatu Jokoen garapena.
Senan sartzeko tema
Hiria jokaleku bihurtzearen helburua ez da soilik izan Parisen irudia saltzea eta giro olinpikoa erdigunera ekartzea; izan ere, aurrekontua aitzineko Jokoetakoa baino txikiagoa izateko, funtsezko elementu bat zen lehendik bazegoen azpiegitura baliatzea. Hiria erakusleihotzat erabiltzeko xede horretan, ordea, harridura sortu du Sena ibaia triatloiko eta igeriketako probetarako erabiltzeko temak.
Herriko etxeak 1.400 milioi euro gastatu ditu urak arazteko lanetan, espresuki Olinpiar Jokoetarako garbi egon zitezen, baina lehenbiziko triatloi proba hasi baino ordu batzuk lehenago erabaki zuten lehiaketa gibelatzea, urak ez zuelako behar adinako kalitatea bainatzea baimentzeko. Gibelatze bakarra izan zen, eta gainerako probak normal jokatu zituzten. Bada, lehiatu eta egun batzuetara, Claire Michel Belgikako triatletak jakinarazi zuenE. coli bakterioarekin kutsatu zela, eta Hayden Williams Zeelanda Berrikoak ere adierazi zuen bakterio horren kutsatzearekin bateragarriak ziren sintomak zituela.
Jokoen gaitz endemikoak
Ikusleek gozatu egin dute Jokoekin, estadioak eta lehiatokiak bete egin dira, eta giro ona nagusitu da. Baina Olinpiar Jokoek antolatzen diren tokietan antolatzen direla endemiko bihurtu dituzten gaitzak izan ditu Parisek ere: etxegabeak hiritik bidaltzea, migratzaileen kanpaleku inprobisatuak desegitea, etxebizitzen prezioa garestitzea... baita Poliziak fitxatutako hainbat herritarri «murrizketak» ezartzea ere —«jende arriskutsu» gisa hartutako bortzehun ingururi, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak erran zuenez—.
Guziaren gainetik, besta handi bat nahi zuen antolakuntzak, baita, nola ez, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere. Asanbleako hauteskundeak egin eta hogei egun baino gutxiagora hasi ziren Jokoak, eta, agintaldiko boladarik ahulenean egonda, hutsarte bat egiteko baliatu ditu Macronek. Gune olinpikoz gune olinpiko ibili da, kameren aitzinean Frantziako atletarik arrakastatsuenak besarkatzen eta zoriontzen. Gogoan izanen zuen Frantziak gizonezkoen futboleko Munduko Kopa antolatu eta irabazi zuenean (1998) Jacques Chirac presidentearen ospea handitu egin zela, nahiz eta estatuburua ez zegoen Aime Jacquet hautatzailearen deialdian. Abuztuak 12 ditu gaur, Jokoak bukatu dira, eta dinosauroa oraindik hor du Macronek.