Estatubatuar azkarrena da emakumezkoen miliako lasterketan. Iaz, 1.500 metroko proba irabazi zuen AEBetako Atletismo Txapelketan. Aurten, zilarrezko domina lortu du Pista Estaliko Munduko Txapelketan. Eta orain bete-betean joan da Parisera. Begi bistakoa da Nikki Hiltz (Santa Cruz, AEB, 1994) aparteko korrikalaria dela eta moldeak hausten ari dela; bai kirolari dagokionez, bai eskubide sozialei dagokienez. Izan ere, atleta transgeneroa eta ez-binarioa da. Soilik hiru ez-binariok hartu dute parte orain arte Olinpiar Jokoetan: Timothy LeDuc irristalari artistikoak, Alana Smith skaterrak eta Quinn futbolariak —Parisen ari da—. Hiltz laugarrena izango da.
Bigarren hezkuntzako eskolan zebilela hasi zen Hiltz atletismoan. Diziplina ugari probatu izan dituen arren, iraupen erdiko lasterketetan gailendu izan da beti. Unibertsitate mailan aritu zen lehiatzen, 2014. urtean hasita. Ordurako nabaria zen haren talentua: NCAAko Lehen Mailako All-Americaatleta izendatu zuten. AEBetako unibertsitateen arteko txapelketa gorena da NCAAko Lehen Maila, eta kirolari onenentzat baino ez da izendapena. 2017an eta 2018an, AEBetako unibertsitate mailako txapeldunorde izan zen 1.500 metrokoan.
Adidas markarekin kontratu bat sinatu eta korrikalari profesional bihurtu zen. Arrakastatsua izaten jarraitu zuen: urrezko domina bat lortu zuen 2019ko Panamerikar Jokoetan. Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Aurrera jarraitu zuen, eta esfortzuaren ordainsaria 2023an iritsi zitzaion: AEBetako Atletismo Txapelketa eta Pista Estaliko Txapelketa irabazi zituen. Aurten, AEBetako Pista Estaliko Txapelketa irabazi du, zilarrezko domina lortu du Pista Estaliko Munduko Txapelketan, eta orain Parisen ariko da. Ez edonola: lehen postua lortu zuen sailkapen probetan.
Badago Hiltz besteengandik bereizten duen zerbait: aldarrikapen sozialak. Hiltz transgeneroa eta ez-binarioa da. Egun egokia aukeratu zuen horren berri emateko: Transgeneroen Nazioarteko Eguna. Aktibismo lanak egiteko baliatu izan du bere denbora, eta 5.000 metroko lasterketa ugari antolatu izan ditu Trevor Project erakundearen alde dirua biltzeko —LGTBI pertsonen suizidioaren aurka dihardu—. Zisgenero ez izateak arazoak dakartza kirolean, eta sarritan salatu izan du berdintasun falta.
Arauek baldintzatutako kirola
Transgeneroen eta sexu garapenean berezitasunak dituztenen aurkako arauak gero eta zorrotzagoak dira, batez ere emakumeen kasuan; beraz, atleta horientzat ez da batere erraza kirol lehiaketetan parte hartzea. NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak arauak ezartzeko eskumena kirol federazioei eman zien 2021eko azaroan; beraz, kirol bakoitzak arau propioak dauzka. Atletismoko Nazioarteko Federazioak 2023ko martxoan aldatu zituen arauak. Hauxe diote: gizonen kasuan nahikoa da aitorpen bat sinatzea, transgeneroak direla azalduz. Emakumeen kasuan, askoz oztopo gehiago daude: debekatuta daukate nazioarteko txapelketetan parte hartzea trantsizio prozesua ez badute pubertaroa amaitu aurretik hasi. Gainera, pubertarotik hasita testosterona maila kontrolatu behar dute, eta balio jakin baten azpitik mantendu. Antzeko arauak daude berez transgenero ez diren baina sexu garapenean berezitasunak izan dituztenentzako —intersexualak, esate baterako—. Horiek ezin dute nazioarteko txapelketetan parte hartu 24 hilabetez testosterona maila kontrolatu arte. Baimendutako balioa gainditzen badute, bi urte itxaron behar dute lehiatzeko eskubidea berriz izan arte.
Beraz, Hiltzek ezin du bere gorputza nahiko lukeen bezala aldatu. Testosterona hartzea eta alde bietako mastektomia egitea —bi bularrak kentzea— gustatuko litzaiokeela aitortu du, baina horrek erretiratzera derrigortuko luke. Bi aukera ditu: nahi dituen gorputz eta bizimodu aldaketak egitea, baina kirol ibilbidea etetea; edo korrikalari profesional arrakastatsua izaten jarraitzea, baina aldaketarik egin gabe. Hauxe esan zuen horren harira 2023an: «Oraintxe bertan ondo sentitzen naiz emakumezkoen kategorietan lehiatzen. Hori aldatzen den momentuan bertan, ez dut neure burua kirolarentzako sakrifikatuko. Neure buruarekin dudan harremana atletismoarekin daukadanaren aurretik aukeratuko dut».
Ikustear dago Hiltz nola ibiliko den Parisen. Etzi ekingo dio lehiari. Aurkari izango du Faith Kipyegon, gaur egungo munduko errekorra duena 1.500 metroko diziplinan. Edozein emaitza lortzen duela ere, ikusgai jarriko du atleta transgenero eta ez-binarioen auzia.