Pasta plater bat eta ura, 24 euro. Hiru platereko menua, 40 euro. Hileko garraio publikoko bonua, 84 euro. Kanpoaldeko auzoan kafe hutsa, bi euro. Erdigunera zortzi kilometroko bidaia taxian, 20 euro. Kaputxinoa erdialdean, bost euro eta erdi; eta 33 zentilitroko ur botilak, bi edo hiru euro. Supermerkatuan: komunerako lau paper biribilkiko paketea hiru eurotan, garbigailurako xaboia 11 eurotan, kilo erdi oilasko bularki zortzi eurotan, eta dozena bat arrautza bost euro eta erdian. Zinemarako sarrerak, 14 euro. Antzerkia ikuspegi onetik ikusteko, 52 euro.
Paris ez da salbuespena. Paris garestia da. Eta Olinpiar Jokoetan prezioek gora egin dute, ostatuek bereziki: kanpotarrentzat garesti, eta bertakoentzat, eskuraezin. Baina hor dago koska, kanpotik datozen horientzako eskaintza lehenesten dela: joan-etorrian dabiltzanentzako alokairuak, epe motzekoak. Eta horrekin, espekulazioa.
Ikusi gehiago
Parisko alokairuaren prezioa Europako hamar hiri garestienen artean dago. Hiriaren erdigunean, 85 metro karratuko pisu baten alokairuak hilean 3.100 euro balio ditu. Hirigunetik aparte, 2.489 euro. Auzune horietan 45 metroko etxe bat alokatzeko 1.351 euro eskatzen dituzte. Gehitu horri: argia, ura eta elektrizitatearen gastuak, 98 euro inguru. Guztira, 1.449 euro hilean. Gutxieneko soldata, Frantzian, 1.766,90 eurokoa da. Eta hori, alokatzea lortuz gero. Izan ere, gutxitzen ari dira etxea egonaldi luzeetarako eskaintzen duten jabeak, amaiera egun jakinik aurreikusi gabe alokatzeko prest daudenak.
Parisen bizi direnek zaila dute etxea topatzea. Batez beste, sei hilabete behar izaten dira altzariz hornitutako estudio bat aurkitzeko. Behin aurkituta, ordaintzeko aukera eduki behar da, eta ez da erraza. Alokairuen prezioak garestitu egin baitira.
Lehertu, puztu arte
Alokairu azkarra da Airbnb, Booking eta antzeko plataformen bidez bilatzen dena. Horietako bat, Airbnb, Olinpiar Jokoen babesle ofiziala da. Enpresaren arabera, etxeen jabeek, batez beste, «2.000 euroko diru sarrera gehigarria» izango dute Olinpiar Jokoetan, prezioak puztu egin baitira. 1.600 euro inguruan (gauko) alokatu dituzte, esaterako, lau lagunentzako etxeak erdigunean.
Hoteletan ere, antzeko. Logelaren prezioa 1.000 euro garestitu da apiriletik Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldira bitartean. Saint-Deniseko Frantzia estadiotik gertuko hiru izarreko hotel batean, esaterako, 147 euro balio zuen bi pertsonarentzako gauak, Jokoen aurretik. Inaugurazio ekitaldiaren egunean, 712 euro.
Behin Jokoak hasita, apenas dagoen eskaintzarik, eta daudenek deskontuak dituzte alokatuak izateko. Hori horrela, erdigunean 127 eurotan alokatzen da —gau eta pertsonako—. Gehitu horri garbiketa gastuak —75 euro inguru—, komisioa —184 euro— eta zergak —165 euro inguru—. Kanpoalderago, gaua 92 euro pertsonako.
«Paris 2024 Airbnb-ren historiako ekitaldirik handiena izango da. Gure plataformako etxeetan, orain arte, ez du horrenbeste jendek hartu ostatu». Iragarkia jarri eta zazpi egun baino lehen erreserbatu ziren ia etxe guztiak. Batzuentzat pagotxa, besteentzat berunezko aingura.
12.500Bizilekuetatik kanporatutako pertsonak. Olinpiar Jokoen harira Parisen «garbiketa soziala» egin dutela salatu dute hainbat gizarte mugimenduk; horien arabera, 12.500 lagun kanporatu dituzte hiritik.
Airbnb eta antzekoen bidez eskaintza handitzeak eragiten du bertako bizilagunentzat eskaintza urriagoa izatea. Gainera, uda sasoian haiek etxetik bidaltzea ohiko jarduna bilakatu da, turisten egonaldiekin patrikak diruz betetzeko. Olinpiar Jokoetan, baina, gordina izan da egonaldien etetea. Parisen bizi zen jende asko —ikasleak gehienak— kaleratu egin dute. Diru pixka bat eman, Olinpiar Jokoetako ekitaldiren bat ikusteko sarrerak oparitu, eta agur. Hala kontatu duteDroit au Logement(DAL, Etxebizitzarako Eskubidea) elkarteko kideek.
Paris bizigaitzagoa bilakatu da, baina etxebizitzen afera aspalditik dago ilun. Langile klaseak geroz eta kanpoalderago topatzen ditu etxeak, orain arte habitatzen ez zituzten auzoetan; eta hango bizilagun zirenak, are urrutiago. Beren hiritik bidaltzen ari dira paristarrak.