Olinpiar Jokoak

Hesiak, uniformeak eta turistak

Hasiera ekitaldiaren ondoren, Sena ibaiko zubiak ireki dituzte, eta Paris erdigunearen irudia aldatzen hasi da. Aitzineko egunetan, ordea, ia guztiz gotortuta eta militarizatuta eduki dituzte hiriko tokirik ezagunenak.

Eliseoko Zelaiak Poliziak bidea itxita, joan den astean. MIKEL RODRIGUEZ
Eliseoko Zelaiak Poliziak bidea itxita, joan den astean. MIKEL RODRIGUEZ
mikel rodriguez
Paris
2024ko uztailaren 30a
05:00
Entzun

Egoera normala berreskuratzeko anitz falta du Parisek, baina iragan ortziraleko gauerdiaz geroztik, hau da, Olinpiar Jokoen hasiera ekitaldia bukatu zenetik, arnasa pixka bat hartu du erdialdeak. Segurtasun dispositiboaren ondorioz, hasiera ekitaldiak Sena ibaian hartzen zuen sei kilometroko ibilbideko zubiak ia guztiz itxiak izan dituzte astebetez, baita ibaiaren bi hegiei itsatsiak zeuden zona anitz ere, edo erdiguneko gune olinpikoen inguruan daudenak. Gainera, kontuan hartuta uda dela eta munduan turista gehien hartzen duten hirien artean dagoela Paris, itxura ezin surrealistagoa izan du astebetez, orain duen egoera anomaloa baino are surrealistagoa. Asteburuan ireki zituzten zubiak —batzuk guztiz, baina bertze batzuk oinezkoei eta txirrindulariei bakarrik—, eta dikea kendu zaion erreka bateko ura ateratzen den bezala konektatu dira bi aldeak. Hesiak, uniformeak eta turistak, horixe Parisko erdigunearen laburpena uztaileko bigarren erdialdean.

Albertek adierazi du aitzineko astea «zaila» izan dela —abizenik ez du eman nahi izan: «Albert, ongi dago horrela»—. Sena bazterrean berde koloreko postua duten liburu saltzaileetako bat da. Tournelle zubitik hurbil du saltokia, Saint-Louis irlaren eta Hiriko Uhartearen pareko pasealekuan. Bertze liburu saltzaileekin batera, astebetez itxi behar izan du saltokia, hasiera ekitaldiaren aitzinetik ezarri ziren segurtasun neurrien ondorioz. «Irekitzen ahal genuen, bagenuen baimena. Baina ez zuen zentzurik: hesiz inguratuak ginen, eta ezin zen inor pasatu».

Kontatu du nola agintarien asmoa zen postu guziak haien jatorrizko tokitik bertze nonbaitera eramatea, baina liburu saltzaileek «erresistentzia» antolatu zuten horren kontra: «Manifestazioak egin ziren, intelektualek babestu gintuzten... mugimendu handia sortu zen». Txapela buruan eta pipa hortzean, kontent da orain, bezeroekin ibai bazterrean solasean. «Hemendik aitzinera ongi joanen da dena».  

Albertek aipatu dituen hesiak ez dira desagertu, eta zerrakura lana egiten dute oraindik ere, baina irekigune gehiago dituzte. Nabarmena da hori, errate baterako, Louvre museoaren inguruan. Eremu gotortu bat zen joan den astean, bunker bat, eta soilik museorako sarrera zutenak sar zitezkeen eraikinak hartzen duen eremuan —adio, beraz, ordaindu gabe ikus daitekeen piramide famatua bisitatzeari—.

Inguruko errepidea ere itxia zuen Poliziak, eta Parisko Prefeturak emandako QR kodea zuten bizilagunak pasatu zitezkeen soilik —eremu horretan bizi direnak edo hartan lan egiten dutenak—. Horregatik, noizean behin ikus zitekeen korrika egitera ateratako herritar bat errepide zabal bat ia osorik beretzat zuela, eta hesien bertzaldeko espaloi eta arkupe estuak, aldi berean, giza errekasto bat bihurtuak. Orain, piramidea bisitatu daiteke, eta museo ingurua irekia dago oinezkoentzat, txirrindularientzat eta baimena duten ibilgailu motordunentzat. 

Militarrak patruilatzen

Parisko bertze gune enblematiko batean ere nabaritu da zaintza arindu dela, nahiz eta oraindik ere Poliziaren presentzia agerikoa eta nabarmena den, eta hesiek itxitako bideak dauden han eta hemen. Eliseoko Zelaiak dira toki hori. Pasealekuak hartzen duen ia bi kilometroko ibilbidea uniforme arrosario amaiezin bat izan da azken astebetean, gehienbat Garaipenaren Arkutik aterata Concorde plazara hurbildu ahala, inguru horretan gune olinpiko bat dagoelako.

Mota guzietako indarrak ikusi ahal izan dira han, modu guzietara: poliziak, CRSak, jendarmeak, militarrak, udaltzainak... sirena hotsekin konboietan abiadura bizian —furgonetek, autoek, patrolek eta motoek osatzen zituzten konboiak, baita bizikletek ere—, errepidea mozten duten hesietako sarrera-irteerak kontrolatzen, baita oinez patruilatzen ere. Bereziki deigarria egiten da soldaduak taldeka patruilatzen ikustea Parisko etorbiderik ezagunenean goiti-beheiti, kamuflajeko uniformeak eta bonetak jantzita, eta arma luzeak eskuetan dituztela. Hiriko gune anitzetan topa daitezke militarrak gisa berean —Bastilla plazan, Hiriko Uhartearen inguruan, Montmartren...—, normalki zortziko taldetan, eta, batzuetan, patruilatzeari utzi eta posizioak hartzen dituzte gune jakin baten inguruan.

Olinpiar Jokoak - Segurtasuna
Militarrak Saint-Michel zubia zaintzen. Itxita eduki dute asteburura arte. MIKEL RODRIGUEZ

Metroan ere nabarmena da salbuespenezko segurtasun neurrien eragina, erreferentziazkoak diren geltoki batzuk itxiak daudelako Jokoek iraun bitartean: Trocadero, Eiffel dorrea, Eliseo Zelaiak, Concorde... metroak abiadura moteltzen du horietara hurbiltzean, eta geltoki fantasmak ikus daitezke, huts-hutsak, eta batzuk plastikozko zigiluarekin bilduak. Horregatik, Parisko toki ezagunenetara metroz ailegatzeko, lehentxeago edo geroxeago dauden geltokiak erabili behar dira.

Eiffel dorrera ailegatzeko, errate baterako. Parisko monumenturik ospetsuenaren gotortzea ere pixka bat arindu da asteburuaz geroztik, nahiz eta oraindik poliziek ongi zaindutako hesi labirinto bat dagoen haren inguruan. Bertzeak bertze, Marteren Zelaiari lotutako gune erraldoi bat delako.

XVIII. mendean sortu zuten lorategi publiko handi bat da Marteren Zelaia, eta, XIX. mendearen bukaeratik, Eiffel dorreak gobernatzen du ipar-mendebaldeko puntatik. Jokoetan, ordea, kirolgune gisa erabiltzen ari dira, eta prusiar okupatzaileek 1871ko setioan han bertan ezarri zuten kanpamentua baino gotortuago dago orain, parke erraldoia egurrezko hesi garaiekin inguratuta, galiarren gotorleku bat balitz bezala. Hortaz, zelaiaren kanpoaldetik baino ezin daiteke ibili.

Eiffel inguruan Sena oinez gurutzatzea ere ezinezkoa zen joan den astean, eta hori egiten saiatzen zirenei Grenelle zubira joateko erraten zieten poliziek —dorretik oinez hogei bat minutura, mendebaldean—. «Bertzela, metroa hartu». Frantziako hedabideek argitaratu dutenez, Paris erdiguneko dispositiboetan parte hartzen ari diren poliziek agindu zehatzak jaso dituzte herritarrekin eta turistekin atseginak izateko, eta pazientziarekin aritzeko. 

Marteren Zelaia inguratzen duen egurrezko hesia, eta, gibelean, Eiffel dorrea. MIKEL RODRIGUEZ
Marteren Zelaia inguratzen duen egurrezko hesia, eta, gibelean, Eiffel dorrea. MIKEL RODRIGUEZ

Hiriaren muturreko militarizazio horren erdian makina bat egoera bitxi sortzen dira. Errate baterako, arma luzeak eskuetan dituzten militarrak eta poliziak harat-honat dabiltzan bitartean, sukar olinpikoa begi bistan azaltzen da antolakuntzak Jokoen produktuak saltzeko han-hemenka paratu dituen salerosketa postuetan. Salmenta postu nagusia Eliseoko Zelaietan dago: Olinpiar Jokoen eta Frantziako taldearen produktuak saltzen dituen kirol megadenda inprobisatu bat, prezio ez-herrikoiekin: biserak 30 euroan, panpinatxoak hogei euroan, edalontzi azpikoak hamabortz euroan...

Bertze egoera bitxi bat militarizazioaren uniforme nahasketek eragiten dute; alegia, Franklin D. Roosevelt metro geltokian Espainiako bi guardia zibil topatzea argibideak ematen planoak eskuetan dituzten turista gaztelania hiztunen talde bati, ondoan jendarme bikote bat dutela; Montmartreko Jesusen Bihotzaren basilika ondoan, berriz, Brasilgo polizia federal bat ikustea Frantziako militarren ibilgailu bati bidea irekitzen, ondoan Hego Koreako banderadun uniformeekin jantzitako polizia gehiago dituela; eta, basilikara daramaten eskaileren oinetan turista batek Frantziako polizia bati eta Alemaniako bertze bati eskatzea elkarren ondoan para daitezela, argazki bat egiteko.

Giro lasaiagoa aldirietan

Gune olinpikoetatik eta gehien bisitatzen diren erdiguneko zonetatik urrutiratuz gero, ordea, irudi surrealistak ikusteko aukera murriztu egiten da, eta giro lasaiagoa eta normalagoa nabaritu daiteke. Ekialdeko Belleville auzoan, errate baterako, ez dirudi karrikak eromen olinpikoak hartu dituenik. Lasai daude, masifikaziorik gabe. Bertako bizilagunak harat-honatean eta turista talde bakanak topa daitezke.

Montmartren bertan ere bi mundu diferente dira basilika ingurua eta kaskoan dauden harbidedun karrikak, batetik, eta ehunka metro batzuk iparralderago dauden etorbideak, bertzetik; lehenak hiriko gune turistiko ezagunenetakoak dira, eta egun hauetan poliziak eta militarrak nonahi ikus daitezke; maldan beheiti iparralderago eginez gero, ordea, abantzu ez da uniformerik ikusten, eta terrazetan giro lasaiagoa dago.

Gauza bera erran daiteke Parisko aldiriei buruz. Ipar eta ipar-mendebaldean dituen Saint-Denis, Saint-Ouen eta Ile Saint-Denis udalerriek gune olinpiko inportanteak hartzen dituzte —Frantziako Estadioa eta olinpiar hiria, bertzeak bertze—. Parisen mugakide diren bertze udalerri batzuetan, ordea, ez dirudi egunerokoa anitz aldatu denik. «Olinpiar Jokoen eragina hemen? Pantinen?». Anthony Rouaultek kokotsa zimurtu eta begiak ireki ditu, harrituta eta pentsakor, aldi berean. Jatetxe japoniar baten kanpoaldean dago, bazkaria jasotzeko esperoan. «Egunerokoa normal doa hemen, ez dakit».

Hiriburuaren ipar-ekialdean dago Pantin, eta 55.000 biztanle inguru ditu. Fisikoki elkartuta daude, baita metroaren eta garraio publikoaren bidez ere. Karrikan faroletatik eta seinaleetatik Olinpiar Jokoen afixak daude zintzilik, eta jatetxe batzuen terrazek Jokoen logoa dute eguzkitakoetan. «Trabak-eta hirian daude: hemen ez dago deus berezirik», erran du Rouaultek. 31 urte ditu, eta Frantzia hegoaldekoa da. Sorterriaren eta Pantinen artean bizi da. Lana, berriz, La Defense finantza barrutian egiten du, Paristik ipar-mendebaldera.

Lantokia aipatu duenean, piztu egin da. «A, ba begira, trabak aipatzekotan, metroko txartela: bidaia batek lau euro balio du orain, eta lehenago, berriz, bi. Lehen halako bi da orain, eta nik La Defensera joan-etorri ibili behar dut». Joan den ortziralean, hasiera ekitaldiaren egunean, segurtasun dispositiboa Pantineraino ailegatu zen, udalerria Parisekin lotzen duen metro lineako geltoki batzuk ekitaldiaren sarreretatik hurbil baitzeuden, eta militarrek Pantineko geltokiak patruilatu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.