«Batzuetan, dominarekin pentsatzen hasi, eta emozioz negarrez hasten naiz. Hori buruan dudala oheratzen naiz egunero». Ilusioa da Ariane Toro Soler (Bilbo, 2003) hobekien deskribatzen duen hitza. Aurrenekoz ariko da Olinpiar Jokoetan. Gaur lehiatuko da, judoan, 52 kilo azpiko mailan, 10:00etan hasita. Sosorbaram Lkhagvasuren mongoliarra izango du aurkari lehen borrokaldian. Kontent dago munduko kirol ekitaldirik entzutetsuenean parte hartzeko aukera izango duelako, baina Nafarroan bizi den judoka gaztea ez da konformatzen: «Hau oso ondo dago. Baina gehiago nahi dut. Amesten jarraitu nahi dut». 21 urte bete berri ditu uztailaren 10ean, baina urte horiek guztiak daramatza judoa ikusten eta egiten. Judoa bizitzen, alegia.
Izan ere, Jose Toro barakaldarraren eta Yolanda Soler madrildarraren alaba da Ariane. Biak judokak izan ziren, eta biak Olinpiar Jokoetan aritu ziren. Haren entrenatzaileak ere badira. Goi mailan lehiatzea zer den ongi baino hobeto dakite Toro-Soler familian. Odolean daramate arte martzial hau: «Tatamian hezi naiz. Asko laguntzen didate gurasoek. Gozatzeko esaten didate, eta desiratzen dudan horren bila joateko. Aholku on asko ematen dizkidate, eta asko eskertzen dut hori».
Jokatu bakarrik ez, amak, Yolanda Solerrek, brontzezko domina kolkoratzea lortu zuen 1996ko Atlantako Olinpiar Jokoetan (AEB). Beraz, etxean du ispilua: «Nire amak liburu bat idatzi berri du bere kirol ibilbidea azalduz. Eta domina olinpikoaren pasartearekin asko emozionatzen naiz. Beti pentsatzen dut nire artean ea nik ere noizbait horrelako zerbait lortzerik dudan». Eredutzat du, eta haren lorpena «berdindu edo hobetu» nahi diola ere esaten dio tarteka. Ideiak oso argi ditu.
Ez da batere erraza horrelako txapelketa baterako sailkatzea. Oso gutxik erdiesten dute, eta lortzen dutenek, euren kirolean munduko onenak izateaz gain, beste ezaugarri komun bat dute: irabazle sena dute. Toro pozik da Parisen egoteagatik, baina podiumera igo nahi du. Argi du hori: «Dudan ametsik handiena da. Oso ondo dago orain arte egin dudana, baina beste pauso bat eman nahi dut. Dominen borrokan aritu nahi dut. Horretarako ari naiz prestatzen eta hori lortzeko borrokatuko gara».
«Batzuetan, dominarekin pentsatzen hasi, eta emozioz negarrez hasten naiz. Hori buruan dudala oheratzen naiz egunero»
ARIANE TORO SOLER Judoka
Konfiantza faltarik ez du. «Oso sasoi onean» iritsiko dela dio, aldarte onarekin. Pariserako bideaz gozatzen ari da, gurasoen begiradapean. «Mentalki eta fisikoki oso ondo nagoela esango nuke. Badakit hobetzeko gauzak ditudala, eta horretan ari gara, baina oso gustura nago ematen ari naizen mailarekin. Helburuak betetzeko gogor jarraitu beharra daukagu lanean».
Urte paregabea
Tororen azken hilabeteak izugarri onak izan dira. Tblisiko Grand Slamean urrea erdietsi zuen, eta, Bakukoan eta Pariskoan, berriz, brontzea. Europako Txapelketan ere bikain aritu zen, eta podiumaren hirugarren koskara igo zen. Denak ere izen handiko txapelketak dira, munduan dauden onenetakoak. Emaitza on horiek, nola ez, Parisen hasi ziren, otsailean: «Judoan dagoen txapelketarik prestigiotsuenetako bat da. Parte hartzaileen zerrenda irakurtzean ikusi nuen munduko onenak zeudela, eta dominaren bat lortzea oso garestia izango zela. Finalerdietarako sailkatzean ikusi nuen haien aurka lehiatzeko gai nintzela. Nire lehenengo domina zen, sekulako ilusioa egin zidan. Horren atzetik etorri ziren segidan Bakuko brontzea eta Tblisiko urrea».
Urte ikaragarria egiten ari da, baina ia-ia Parisera joan gabe gelditu da. Izan ere, 52 kilo azpiko mailan, selekzio bakoitzak kirolari bakarra eraman dezake, gehienez. Espainiako Federazioak bere irizpideak ditu, eta horietan argi azaltzen da munduko sailkapenean hobekien kokatuta dagoena izango dela hautatua. Bada, 2024 hasierara arte, Tororen aurretik beste judoka bat zegoen: «2023an oso urrun ikusten nuen Paris. Ondo ari nintzen, baina Espainiako selekzioak beste bat joatea erabaki zuen. Beste federazio eta herrialdetako lehiakideek ez zuten ulertzen nola ez ninduten ni aukeratzen. Ikusten zuten maila handia nuela, eta haiei arraroa egiten zitzaien ni ez joatea».
Txapelketa gutxiren buruan, baina, sailkapenari buelta eman zion. Maiatzaren 19an sailkatu zen ofizialki Pariserako, Abu Dhabiko Munduko Txapelketan. Halere, momentuan bertan ez zuen nahi bezain beste gozatu: «Txapelketa jokoan zela sailkatu nintzen. Horren berri izan nuenean ama besarkatu nuen, eta kito. Handik bost minutura borrokaldi garrantzitsu bat nuen. Galdu egin nuen, eta ni haserre puntu horrekin nengoen. Jendearen zorion mezu pila bat jaso nuen, baina une horretan ez nengoen nahi bezain pozik. Egun batzuetara barneratu nuen dena».
Gaztetasuna, anbizioa, familiaren babesa eta bolada ezin hobea. Osagai guztiak ditu Torok Parisen zeresana emateko. Domina du xede. Ez du beste ezer buruan.