OLINPIAR JOKOAK

Gracia Alonso de Armiñok zilarrezko domina irabazi du hiruko saskibaloian

Urrea gertu izan du Gracia Alonso de Armiño bilbotarrak. Espainia aurretik izan da partidaren zati handienean, baina Alemaniako selekzioak aurrea hartu dio azken minutuan. AEBetako selekzioa garaitu dute finalerdietan.

Gracia Alonso de Armiño —ezkerretik hasita, bigarrena— zilarrezko domina lortu izana ospatzen, bere taldekideekin. MIGUEL TOÑA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abuztuaren 5a
23:09
Entzun

Zilarrezko dominarekin konformatu beharko du Gracia Alonso de Armiño saskibaloi jokalari bilbotarrak. Bere taldeak 17 eta 16 galdu du Alemaniaren aurka, hiruko saskibaloiko final olinpikoan. Bilbotarrak berak izan du azken segundoetan partida berdintzeko aukera, baina ez du lortu baloia saskiratzea.

Norgehiagoka hasi eta segituan egin ditu Alemaniak lehen hiru puntuak. Halere, Alonso de Armiñoren Espainiako selekzioak laster erantzun du. Bilbotarrak berak egin ditu Espainiaren lehen bi saskiratzeak. 3 eta 3 berdindu dute, eta, hortik aurrera, ia une oro aurretik joan da Espainiako selekzioa. Aldea ez da handia izan partida osoan, baina jokoan ere nagusi izan da Alonso de Armiñoren taldea. Halere, Alemaniak ez du amore eman, eta berdinduta iritsi dira azken minutura: 15 eta 15.

Tentsioa sumatzen zen, urrezko domina jokoan zegoen, eta bi taldeetako batek ere ez zuen hutsik egin nahi. 30 segundoren faltan, markagailuak berdin jarraitzen zuen, baina orduantxe irauli du partida Alemaniak: bi puntuko saskiratze bat egin du: 17 eta 15. Espainiak indartsu egin du eraso, eta segituan egin du beste saskiratze bat. 17 eta 16. Baina segundo gutxi geratzen ziren, gutxiegi, eta baloia Alemaniaren eskuetan zegoen.

Zazpi segundoren faltan berreskuratu du baloia Alonso de Armiñoren taldeak. Aukera bakarra zuen. Bilbotarrari iritsi zaio baloia, eta galtzear egon da, baina azkenean jaurtiketa bat egin ahal izan du. Jaurti bai, baina saskiratu ez. Horrelaxe amaitu da partida: 17 eta 16. 

Aurretik ere jokatu zuten Alemaniaren aurka multzokako fasean. Eta orduan ere galdu egin zuten. Gaur, ordea, egoera bestelakoa zen. Alonso de Armiñoren taldea hazita iritsi da, finalerdietako partida irabazi berritan.

Aurretik AEBak garaituta

Halere, Euskal Herrira domina bat ekarriko du Alonso de Armiñok, zilarrezkoa. Ez da gutxi, kontuan hartuta finalerdietan AEBetako selekzioa garaitu behar izan dutela. Multzokako fasean galdu egin zuten haien aurka ere, baina gaur arratsaldean ez.

Estatubatuarrak aurretik joan dira partidaren zati handienean, baina, azkenerako, berdintzea lortu du Alonso de Armiñoren taldeak. Luzapenean erabaki da partida, eta Espainiak lortu du finalerako txartela. AEBek, azkenean, brontzezko domina lortu dute, gauean Kanadako selekzioa garaituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.