Geltoki bat da Paris

Frantziako hiriburuan lana topatzea «erraza» den arren, bizi baldintza duinak topatzea «zaila» da. Zentralitateak dakarren eta gizartearen norabidearen aurkia eta infrentzua dira horiek.

 Parisko metroa abiadura bizian. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Parisko metroa abiadura bizian. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Olatz Artola Apeztegia.
Paris
2024ko abuztuaren 9a
05:00
Entzun

Sargori egiten du, eta euri langarra. «Bero honekin, eskertzen da». Ez da hotz kalean, baina eskuak kafearekin berotzen ari da Patxi Berhouet (Bidarrai, Nafarroa Beherea, 1991). Lasai egoten da kafetegian. Ez da erraza horrelako oasiak topatzea Olinpiar Jokoen garaian. «Justu duela hamar urte heldu nintzen Parisera, 2014an. Hastapenean ez nuen luzez egon nahi bortxaz Parisen». Asmo berarekin etorri ziren Helena Baiona (Iruñea, 1995) eta Nicolas Hontax (Marseilla, Okzitania, 1955), itzultzeko. Hontaxek hogei urte daramatza Parisen. Lasai egoten den beste oasi batean da Hontax, Luxenburgo lorategian. Sargoriaren hezea azaletik kendu ezinda eta eguzkiaren itzala onena dela sinetsita, zuhaitzaren ondoko bankuan eseri da. «Entzuten dituzu helikopteroak? Horrek hausten du hemengo lasaitasuna».

Hirurak lan edota ikasketengatik etorri ziren Parisera. Berhouet kazetaria da, Baionak ere kazetaritza ikasketak egin zituen, baita zientzia politikoak ere, eta garapen iraunkorra eta genero ikasketen inguruko masterra ikasten ari da; eta Hontax ostalaria da. «Horregatik geratu naiz, eta ausartzen naiz esatera geratzen garela, uste edo nahi baino denbora gehiago, Parisen lana dagoelako», adierazi du Hontaxek. Lanaren ikuspegitik, galdu ezin zuten trenak ekarri zituen Parisera. Lanak lotu ditu bai bera eta bai Berhouet Parisera. Ikasketak Baiona, masterra ikastera etorri baitzen irailean. Hizkuntzak hirurak batzen ditu: euskarak.

Dena den, euskarak desberdin zeharkatzen ditu hirurak. Berhouet eta Baiona euskal herritarrak dira, eta jaiotzetik jaso dute. Hontaxek ez. Bera ez da euskal herritarra, baina arbasoak lapurtarrak ditu, Arrangoitzekoak, eta orain arte familia izan du Euskal Herrian. Etxeko inork ez zuen euskara jaso, eta, ondorioz, ezta berak ere. Hala ere, oporretara joaten denean euskara entzuteak hizkuntzarekiko «atxikimendua» garatu dio. «Beti nuen ikasteko gogoa, eta, azkenean, duela sei urte, euskara ikasten hasi nintzen». Parisen ikasi du euskaraz, Euskal Herritik 800 kilometrora. «Posible da urrutitik hizkuntzak ikastea».

«Bada euskal komunitatea hemen, baina aski folklorikoa atzematen dut nik, eta hori ez dut maite»

PATXI BERHOUET Parisen bizi den kazetaria

Hala beharko du; izan ere, Parisen, aukera askorik ez dago. «Barnetik bizi dut euskalduntasuna hemen», azaldu du Berhouetek. Hamar urteren ostean, lagun sarea egin du, baina ez du euskaldun anitz ezagutzen: «Bada euskal komunitatea hemen, baina aski folklorikoa atzematen dut nik, eta hori ez dut maite». Baionak, ordea, bai. Gainera, oso gertukoak dituen hiru lagun euskaldunekin etxearen berotasuna du. Hala ere, euskaldunak ez dira luzaz egoten Parisen. Joan egiten dira.

Patxi Berhouet Pariskoa kafetegi batean | OLI ARTOLA APEZTEGIA
Patxi Berhouet, Parisko kafetegi batean. OLI ARTOLA APEZTEGIA

Erritmoa, erritmoa

Izan ere, erritmo bizia da Pariskoa; eta ziztu bizian doan trenera igotzea ez da erraza. Baionari behintzat ez zitzaion hala gertatu: «Paradoxikoa da nola, genero ikasketen harira, Fraçoise d’Eaubonne eta Vandana Shiva ekofeministen liburuak irakurtzen nituen, bizitzaren iraunkortasunaren inguruko saiakera-eta, antsia handiz». Idealizatutako Paris desidealizatzen hasi zen, eta hiri kapitalistako dinamikekiko kritikoa izaten. Etxebizitzen espekulazioa. Dokumentu asko eta asko, eta bermatzaile frantsesak alokairua lortu ahal izateko. Turistifikazioa. Bi minutuz behin dago metroa; eta, hala ere, korrika joaten dira azkarren iristen dena hartzera.

Bi minutu eternitate bat dira hemen, baina egunak, gainerako lekuetan bezala, 24 ordu ditu. Azkar joaten dira batetik bestera. Jendetza dago kalean, supermerkatuan, trenean. «Nik ez nuen Parisko irudi onik», aitortu du Berhouetek. «Munstro bat zen niretzat». Eta hala da. Hiriak 2.153.600 biztanle ditu; metropolia kontuan hartuta,12.067.000 milioi. Europako Batasuneko hiribururik jendetsuena da. Hala ere, lortu du hirikoan baino gehiago bere erritmoan bizitzen. Egingarria dela dio. «Bizikletarekin ibiltzen hasi naizenetik ene erritmoan ibiltzen naiz hirian, eta askozaz hobekiago. Hastapenetan autoekin borroka bat zen, baina azken denboran usatu dira. Duela bost urte baino anitz seguruagoak dira bizikletak Parisen».

«Parisez gozatzeko denbora eta dirua behar dira. Norbera higatu dezakeen logikak ditu hiriak»

HELENA BAIONA Parisen bizi den ikaslea

«Ez nuen Parisen miresmenik batere. Eta uste dut ez dudala oraindik ere», esan du Berhouetek. Hala ere, gustura bizi da Frantziako hiriburuan. «Bada beti zerbait egiteko. Gainera, Frantzia biziki zentrala denez, Paristik edonora joan al zara aski erraz». Bat dator Baiona, baina zehaztapen bat egin du: berari hasieran kosta arren, eta hiriarekiko harreman gorabeheratsuak izan arren, adiskidetu da Parisekin. «Hiria maitatzen bukatu dut. Noski, pribilegio posizio batetik egiten dudala jakinda. Zeren Parisez gozatzeko denbora eta dirua behar dira». Gaineratu du hori hala dela edozein hiri handitan.

Lagun baten ideia aplikatzen ahalegindu da Baiona. Beti antzeko leku eta pertsonengana jotzen du, atomizazioa ekiditeko. Horretan jarri du azpimarra: talde bat izatean: «Norbera higatu dezakeen logikak ditu hiriak. Horregatik da funtsezkoa eutsiko dizun sare bat izatea».

Helena Bayona Parisko taberna batean, iluntzean. | HELENA BAYONA
Helena Baiona Parisko taberna batean, iluntzean. BERRIA

Olinpiar Jokoen hiru aurpegi

«Paris paristarrez hustu da aste hauetan», azaldu du Baionak. Frantziako Gobernuak hartutako neurriekin hiria «kolapsatu» egingo zela zirudien. Beraz, paristarrak joan dira, eta turistak etorri. Hiria justuki horretarako prestatu da, «turistei harrera egiteko». Berak ere alde egin du. 

Parisen gelditu dira Berhouet eta Hontax. Lana dute biek egunotan. Berhouet kirolzalea da, eta Olinpiar Jokoak ikusten ari da. Ez du aukerarik izan lanetik akreditazioa eskuratzeko, ezta sarrerak erosteko ere —oso garestiak dira—; beraz, pantailan ikusiko ditu. «Bada intsumisio biziki azkar bat Parisen Jokoen harira. Ni ez naiz horren ados horrekin. Nire ustez, aldaketak ez dira horren handiak. Blokeoak daude, kontrolak... hala da, baina Baionako bestetan ere hori gertatzen da, eta urtero, gainera. Nik kirola maite dut, eta aste pare bateko kontua da; beraz, kontent naiz».

Hontax ez dago horren pozik. Aipatutako blokeo eta kontrol horiek egunerokoan dezente eragiten dietelakoan dago, eta «tentsioa» nabari dela. Helikopteroen hotsa, droneak, sirenak... «Imajinatzen dut udalak jendea lasaitu nahi duela horrela, baina kontrakoa lortzen dute». 2015ean Bataclan antzokian gertatutako atentatua ekarri du gogora: esan du paristarrek ez dutela ahaztu, eta oraindik oroitzapen horietan bizi direla, eta kontrol botere egoera horrek «tentsioa handitzen» duela.

«Nire hurrengo etapa Euskal Herrian izango da; horregatik ere saiatzen naiz euskara ikasten»

NICOLAS HONTAXEuskara ikaslea Parisen

Kontrol horren erakusle da QR kodea. Paris erdialdea zenbait eremutan banatu dute, bakoitzari kolore bat eman, eta eremu horietan sartzeko QR kode bat behar da, zeina lanagatik edo bizilekuagatik eskura litekeen. «Lortuta ere, ez du beti funtzionatzen. Azkenean, Poliziak erabakitzen du pasatuko zaren edo ez». QR kodea eskuratzeko zailtasunak dituztenek komeriak izango dituzte, esaterako telelana egiten dutenek, esaterako beltzean lan egiten dutenek edo paperik ez dutenek. «Egoera ikusita, ahal zuen jende askok alde egin du». Parisen geratu direnek, ordea, Jokoen «ajeak» bizi behar dituzte.

Lanean ere sumatzen dituzte aje horiek. Bertako produktu freskoekin landutako platerak eskaintzen dituzte Hontax zuzendari den jatetxean. Uste zuten uztailean lan gehiago egingo zutela, baina usteak erdia ustel; ez da horrela izan. Jokoak «elitistak» izan arren, sarreren kostua da horren adibide, aipatu du etortzen diren turistek bestelako eredu bateko jatetxeetan kontsumitzen dutela.

 Nicolas Hontax euskara ikaslea Parisko Luxenburgo lorategian. | OLI ARTOLA APEZTEGIA
Nicolas Hontax euskara ikaslea Parisko Luxenburgo lorategian. | OLI ARTOLA APEZTEGIA

Euskal Herriari begira

Paristik Euskal Herrira begira bizi dira hirurak, eta, ahal dutenean, bisitan joaten dira. Horretan ari da Baiona. Baina, nola ikusten dute Euskal Herria? «Kanpotik sentsazioa dut Ipar Euskal Herrian euskal nortasuna, instituzioetan-eta, normalizatzen ari dela». Berhouetek uste du Frantzian ere Euskal Herriarekiko irudia aldatzen ari dela. Uste du «ulerkorragoak» direla, «errespetu handiagoa dagoela».

Azken hauteskundeetako emaitzek, eskuin muturraren gorakadak, euskaldunengan zer-nolako eragina izan dezaketen galdetuta, nahiko lasai agertu da. «Haien lehen biktimak musulmanak dira, ez euskaldunak». Lehen etsaiak euskaldunak ez diren arren, aitortu du euskararen eta euskal kulturaren ezabatzea betidanik praktikatu dutela. 

Berhouetek, ordea, ezin du Euskal Herria eta euskara bere nortasunetik ezabatu. «Beti buruaren txoko batean dut itzultzea, baina ez dakit; ikusiko da. Ez dut planik geroari buruz». Amaiera irekia utzi du. Hontaxek geroa begiz joa du: «Nire hurrengo etapa Euskal Herrian izango da; horregatik ere saiatzen naiz euskara ikasten». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.