Olinpiar Jokoak

Flandrian bezala... edo ia

Harbideetako klasikoen antza hartu du Parisko errepideko txirrindularitzako probak. Herrialde anitzetako ikusleak elkartu dira Montmartren, baina Belgikakoak eta Herbehereetakoak nabarmendu dira kopuruan.

Belgikako zaleak, Montmartreko Lepic karrikan, atzo. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Belgikako zaleak, Montmartreko Lepic karrikan, atzo. OLI ARTOLA APEZTEGIA
mikel rodriguez
2024ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun

Eta piztu egin da Lepic karrika, parterik gogorrenean lehenbiziko txirrindulariak hurbiltzen ikusi dituenean. Bigarren itzulian, ozendu egin dira garrasiak: faboritoetako bat, Remco Evenepoel belgikarra, eta Valentin Madouas frantziarra pasatu dira buruan. Le Moulin de la Galette jatetxeko zerbitzarietako bat ere terrazako atetik atera da txapazko erretiluari kolpeka, bide bazterrean dagoen jendetza are gehiago berotzeko. Eta ailegatu da hirugarren eta azken buelta: frantziarrak oraingoan hotz, Madouas gibelean gelditu baitzaie, baina belgikarrak garrasi betean, «Remco! Remco! Remco!», badakite-eta urrea irabaztear direla. Flandriako klasiko batean bezala, harbideak, malda tenteak, jendetza espaloi estuetan... edo ia Flandriako klasiko batean bezala. 

Frederik Vertongen belgikarrak bekainak okertu ditu Parisko Olinpiar Jokoetako gizonezkoen errepideko txirrindularitzako proban sortu den giroa Flandriako klasikoekin konpara ote daitekeen galdetzean. Irri egin dute hark, eta Joris De Moor lagunak. «Pixka bat irudi du, agian», erran du De Moorrek. «Antolatzaileek ahal den hobekien egin dute horrelako giro bat sortzeko, baina Flandriakoek epika eta historia gehiago dute». Vertongenek «diferentzia handi bat» ikusi du: «Hor goitiago joaten bazara [Lepic karrikaren kaskorako bidea seinalatu du], frantziarrak aurkituko dituzu edanean eta kantuan», irri egin du.

«Antolatzaileek ahal den hobekien egin dute horrelako giro bat sortzeko, baina Flandriako klasikoek epika eta historia gehiago dute»

JORIS DE MOOR Belgikako zalea

Arrazoi du Vertongenek. Frantziarrek etxean dute lasterketa, eta horiek kantatzen dute gehien Lepiceko igoeran: hamaika Allez les bleus! (aurrera, urdinak!), hiru bat La Marseillaise, Thibaut Pinot txirrindulari ohiaren aldeko oihuak... Baina bidearen bi bazterrak kantuan eta dantzan paratu dituen ereserki nagusia ez da ez politikoa, ez kirol arlokoa: Gala abeslari italiarraren Freed from Desire dagoen tokian, kendu bertze guzia txirrindularitzaren zaleei. 

«Lehia dugu belgikarrekin, baina ziklismoan zinez kirol legez jokatzen da»

VINCENT SMIT Herbehereetako zalea

Frantziarrek etxean jokatzen dute, baina Montmartrera ailegatu orduko deigarriena da Belgikako kamiseten kopurua, eta Herbehereetakoen kolore laranja. Bizilagunen arteko futboleko derbi baten antza du Parisko mendixkak. «Ez da futbola bezalakoa», erran du Rosanne Breedveld herbehereetarrak. «Harreman ona dugu belgikarrekin», zehaztu du Vincent Smitek. «Lehia dugu haiekin, baina ziklismoan zinez kirol legez jokatzen da». Jesusen Bihotzaren basilikara igotzeko azken eskaileren oinetan daude. Harmaila baten gisa bete dira eskailerak, eta espaloian hartu dute tokia Breedveldek eta Smitek. Herbehereetako bandera lotu diote hesi bati.

Belgikarren estrategia 

Probaren inguruan sortu den giroarekin kontent dira bi herbeheretarrak; «nazionalitate anitzetako jendea» dagoela nabarmendu du Breedveldek —denetariko ikurrak ikus daitezke, eta, horien artean, baita ikurrinak ere han-hemenka—. «Ez naiz inoiz Flandriako klasiko batean izan, baina ziur naiz giro ona dagoela», erran du, lasterketa horiez galdetzean. Giro ona bai, eta, belgikarrentzat, Pariskoarekin konparagarria ez dena. Smitek irri egin du: «Zalantzarik ez dut hori erran dizutela».

Breedveldek eta Smitek Mathieu van der Poel animatuko dute. Espero dute sasoi onean ailegatuko zela Parisera. Vertongenek eta De Moorrek, berriz, belgikarren aurkaririk handientzat daukate, baina ez diote deus txarrik opa. «Erdi belgikarra da azkenean [Flandrian jaio zen Van der Poel]», erran du Vertongenek. Urrea irabazteko zein estrategia bete beharko luketen azaldu du De Moorrek: «Nik Evenepoel bidaliko nuke erasora, eta [Wout] Van Aert Van der Poelen gurpilera itsatsi». Baita asmatu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.